Bakaikuk, atzera ere, denda du

Guaixe 2022ko urr. 7a, 14:57

Denda zabaldu aurretik azken kontuak lotzen.

Bakaikuarrak zazpi hilabete eta 7 egun, guztira 220 egun, dendarik gabe egon ondoren, herrian bertan erosketak egiteko aukera dute atzotik. Maldaik kaleko 3. zenbakian dago denda. 

Aste osoa prestaketetan eman ondoren, asteazken arratsaldean izan behar zuen irekierak. Baina azken uneko kontuengatik atzo goizera atzeratu zen irekiera. Publikoari ateak zabaldu aurretik ogi banatzailea iritsi zen aurrenekoz, kutxako informatika programari buruzko ikastaro azkarra jaso zuten dendariek, hedabideak ere handik zebiltzan. Han zeuden ere Bakaikuko herri dendako talde eragileko kide diren Saioa Zelaia Anso, Lander Urritza Lazkoz eta Erkuden Zornoza Arregi. Proiektua zerotik eraikitzen ikusi dute. Atzo pozik egoteko bi arrazoi zituzten. Pozik, denda zabaltzea lortu dutelako. Pozik, ehun bazkide lortzeko erronka jarri eta 135 lortu dituztelako (Bakaikuk 330 biztanle ditu). Talde eragileko kideek gaztigatu dutenez, oraindik ere Bakaikuarrok herri kooperatibako bazkide egiteko aukera zabalik dago, horretarako dendan bertan eman daiteke izena. Sarrera gisa 60 euro ordaindu behar dira, eta ez dago bestelako kuotarik. 

Denda zabalduta ere, talde eragileko kideek ideien eltzea sutan berotzen dute. Haietakoren bat ondutakoan handik zerbait aterako da. Bitartean, gaur 19:00etakoan dute burua. ″Dendaren zabaltzeak ospatzea merezi du!″ esan dute. Herri guztiari auzatea eskainiko dio kooperatibak. Herriko egun handietan bezala, ardoa zilarrezko katiluetan banatuko da. Eta Maldaiko larraineko giroa trikitilariek alaituko dute. 

Erlazionatuak