Aurten 220 egun egon da Bakaiku dendarik gabe. Baten ateak jubilazioagatik itxi ziren, bestearenak sortu berri den kooperatiba batek zabaldu ditu. Aintzane Gorrotxategi Onda, Nerea Viana Zugadi, Ernesto Leitza Urrestarazu, Erkuden Zornoza Arregi eta beste hainbat bakaikuarren lanak denda ekarri zien lehenik, saria orain.
Sakana sari nagusia. Zer dakar horrek?
Nerea. Aitortza handia da. Oraindik ibilbide txikia dugu, baina egin dugun lana aintzat hartu da; jendeak baloratu du. Oso pozik gaude.
Sariak zer aitortzen dizue?
Ernesto. Posible dela gauzak beste modu batean egitea. Eta gauzak ongi egin ditugula. Ez dakit askotan egiten ditugun, baina, oraingo honetan, ongi egin ditugu. Eta horrekin harro gaude.
Sariak zer eman dizue?
Erkuden. Aitortzak poza eman digu. Eta aurrera egiteko gogo gehiago eman dizkigu.
Zuen lanaren emaitza denda da. Lastailaren 6an zabaldu zituen ateak. Zer moduzko harrera izan du?
Aintzane. Zazpi hilabete dendarik gabe egon ginen eta jendeak harrera oso ona egin dio, adin guztietakoak. Guretako oso erosoa da. Eta adineko jendearendako are gehiago. Bakoitzak bere saskitxoa hartzen du eta bere erosketak herrian egiten ditu.
Premia sumatzen zen?
N. Bai. Jendeak eskatzen zuen. Egunero galdetzen ziguten noiz zabaldu behar zituen ateak. Jendea oso ohituta zegoen herrian erostera. Dendarik ez izateak autoa hartu behar izatea, adinekoendako trabak… Jendea denda gogoz zegoen, bai.
Aurreko dendariak, Kontxik zer esan du dendaz?
Eo. Ni berarekin ez naiz egon. Edurnek, dendako langileak, esan zidan dendan egon zela. Pentsatzen dut gustatuko zitzaiola. Kontxik lan handia egin zuen, pentsatzen dut bizi osoa dendan lanean emanen zuela. Denda hau berria da, kamara berriak eta dena berria eta oso polita dago. Kontxiren aholku batzuk jaso genituen. Berak zituen produktu batzuekin jarraitzen dugu. Nik uste ongi hartu duela.
Langileek, dagoeneko, dendako martxa eta bakaikuarrak ezagutuko dituzte, ezta?
A. Bai. Beraiek oso atseginak dira eta jendearekin oso harreman ona dute. Hasieran zailagoa izaten da, baina lehenengo egunetik jendeak ongi hartu du, eta harreman oso ona dute.
Hilabete pasatxo honetan, zertan ez duzue asmatu?
Er. Hau ez da bi egunetarako egiten den zerbait, bere bizitza osoan zehar aldatzen joanen da.
Eta zertan asmatu duzue?
N. Denda oso txukun dago. Oso ongi aprobetxatua. Argitsua da.
Eo. Nik gehitu nahi dut langileak gozamena direla. Oso atseginak. Eta langileak gainera. Denda txiki batean hori oso garrantzitsua da. Herri txiki batean denda bat denda baino askoz gehiago da, elkartzeko toki bat ere bada. Eta horretan langileek garrantzi handia dute.
Gaur egun zenbatek osatzen duzue kooperatiba?
Er. 150 bat bazkidek.
A. Nahi duenak izena emateko aukera du. Ongi etorria izanen da, kooperatibak herritarren babesa izatea eskatzen baitu. Zenbat eta jende gehiago orduan eta babes eta indar gehiago eduki dezakegu. Bazkide egiteko dendatik pasa edo gutakoren batekin harremanetan jarri eta horrekin nahiko da. Eta gogoa izatea.
Zer darabilzue esku artean gaur egun?
N. Ideiak baditugu. Baina lehenengo eta behin denda hobetzen ari gara. Jendeak eskatzen dituen produktu berriak sartzen ari gara. Esaterako, aldizkariak eta egunkariak ekartzea falta da oraindik. Jendeak Kontxiren dendan ohitura handia zuen. Hori eginen dugu. Eta martxa hartzen dugun heinean gauza berriak pentsatzen hasiko gara. Oraindik, poliki, arnas pixka bat hartu behar dugu. Eta denda pixka bat finkatu behar da.
Bakarren bat galdezka etorri zaizue?
Er. Bai, Ameskoatik talde bat etorri zen proiektua ezagutzera, beraiek antzeko zerbait egiteko edo, gutxienez, zer egin dugun jakiteko.
Zer eginen duzue sariarekin?
Eo. Estandarte handi batean jarriko dugu, kar, kar, kar. Modu xumean, baina ospatuko dugu. Pozik gaude jasotako sariarekin.