Sakana Sariak banatuta

Guaixe 2022ko aza. 15a, 11:00
Erakunde sarituen ordezkariak. SAKANAKO GARAPEN AGENTZIA

Sari nagusia Bakaikuarrok herri kooperatibak eskuratu du eta aipamen berezia Sakanako herri eskolek. 

Sakanako Sozioekonomia Behatokiak deitutako Sakana Sariak banatu ziren Lakuntzako kultur etxean ostegunean. Sariketako epaimahaiak azpimarratu zuenez, “gero eta ekimen gehiago eta proiektu sendoagoak aurkezten dira eta ez da batere erraza izan irabazleak aukeratzea”. Aurten epaimahaiak emandako Sakana saria Bakaikuarrok herri kooperatibak eskuratu du. Epaimahaikideen iritziz, ″landa guneetako herritarren beharrei modu berritzaile eta parte hartzaile baten bidez erantzuten dien ekimena da″, eta beste hainbat herrietara zabaldu daitekeen eredua izan daitekeela nabarmendu zuten.

Horretaz aparte, sariketara aurkeztutako hamaika hautagaitzetatik herritarrek horietako baten aldeko botoa eman zezaketen. Joan den urtean emandako botoak aurten bikoiztu egin dira. 1.500 baino gehiago izan ziren. Eta babes gehien lortu zuen hautagaitza, 336 boto, Sakanako herri eskolak izan zen. Haren ordezkariek sakandarren babesaz aparte, Dastatu Sakana produktu sorta eskuratu zuen sari gisa. Gainerako hautagaitzek honako babesa jaso zuten: Ziordi Running  259 boto, Aiaupenanik Euskera Taldie 245, Lakuntzako udaleko jai inklusiboak 213, Haize Berriak Sakanako banda 103, Josefina Arregi klinikaren etxez etxeko geriatria zerbitzuak 100, Bakaikuarrok herri kooperatibak 99, Los del Rayo 69, Osasun publikoaren aldeko plataforma 57, Triku Trail 44 eta Altsasuko Mendigoizaleak 18. 

Sakana Sariko epaimahaia honakoek osatu zuten: Sakanako Mankomunitateko lehendakari David Oroz Alonso, Arakil aldeko tokiko erakundeen ordezkaria: Oihana Olaberria Jaka (Arakilgo alkatea), Aranaz aldeko tokiko erakundeen ordezkaria Silvia Marañon Chasco (Etxarri Aranazko alkatea), Burundako tokiko erakundeen ordezkaria Javier Ollo Martinez (Altsasuko alkatea), Belardi ekoizleen elkarteko Begoña Goikoetxea Zabaleta, Guaixe fundazioko Eneida Carreño Mundiñano, Sakanako Enpresarien Elkarteko Javier Artetxe Lopez de Alda (kudeatzailea), Bidelagun turismo elkarteko Valen Ormazabal eta Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteko Sergio Goikoetxea Bergera. 

Sakana saria jaso dutenak
Urtea Sarituak Aipamen berezia
2020 Jostunak eta Makerrak  
2021 Arakilgo hazien sarea Biak Bat elkartea
2022 Bakaikuarrok herri kooperatiba Sakanako herri eskolak