Sanantondarrak elkartu ziren

Guaixe 2023ko urt. 27a, 10:29

Sanatindar bakaikuarrak batzarra despeditu berritan.

Ardurak berritu eta akta liburua egunean jarri zuten.

Bakaikuko sanantondarrak larunbatean elizan zuten hitzordua. Osasun arazo eta bestelako arrazoiengatik 82 kofradeetatik 20 besterik ez ziren elizkizunean izan. Bazkaltzerako 32 izan ziren. Pandemia dela eta aurreko urteko akta eta aurtengoa irakurri eta onartu zuten. Eta pandemia garaian hartutako ohiturari jarraituz, batzarra elkartean egin beharrean elizan egin zuten, “jendeak hitz egin eta parte hartzeko egokiagoa delako”. Elizan joan den urteko akta irakurri eta onartu zuten, elkartean, berriz, aurtengoa. Haietan jasoak gelditu ziren azken urtean hildako Esteban Erdozia eta Isidoro Lopez de Zubiria kofradeen izenak. Kofradiak hiru liburu ditu 1.715ean, 1.858an eta 2.020an hasitakoak. 

Kofradeen artean errelebo faltak kezka sortzen du, eta erakundea gaztetu nahi lukete. Bestalde, kofradeen artean emakumezkoak hartzeko jarrera dago. Horregatik, emakumezkoren batek kofrade eskaera eginez gero, beste edozein eskaera bezala aztertuko dutela berretsi zuten. Horretaz aparte, batzarrean aztertu zuten kofradiari laguntza izaera ematea, kofradeak eta haien senideak laguntzeko egoera zailen bat suertatuz gero. 

Kofradiaren ardurei dagokienez, Eduardo Urrestarazuk maiordomo izateari utzi zion eta bere lekukoa orain arte belero izandako Xabier Goikoetxea-Ziordiak hartu zuen. Belero berria, berriz, Pedro Joxe Zelaia, Pexe, da.