Aurten Bakaikuko eliza egin du.
1. Nola hasi zinen Bakaikuko etxe eta txokoen maketak egiten?
Jaiotzak gustatu izan zaizkit, betidanik. Garai batean Atarrabiakoa zen apaiz bat etorri zen Bakaikura, Josetxo Oloriz, eta elizan jaiotza ederrak jartzen hasi zen, ikusgarriak. Mugitzen ziren figuratxoak, argiztapen berezia zutenak... izugarri lantzen zuen. Oloriz joan zenean, eta nik jaiotza nola muntatzen zuen ikusia nuenez, elizako jaiotza jartzeko ardura hartu nuen. Olaztiko Sakanako Belenzaleen Elkarteak ikastaroa egiten zuela jakin nuenean, izena eman nuen. Jubilatu berria nintzen, eta animatu nintzen.
2. Sakanako Belenzaleen Elkartean ikasi al zenuen maketak egiten?
Eurek poliespanarekin lantzen dituzte jaiotzak, eta poliespana lantzen eta erabiltzen ikasi nuen Olaztin, nire maketak egiteko. Larunbatetan joaten ginen, 9:00etatik 13:00etara. Seme txikiarekin hasi nintzen, Javirekin, baina unibertsitatean zegoenez, utzi behar izan zuen. Nik, ordea, jarraitu nuen. Eta pozik.
3. Ikasturte batean ikasi al daiteke poliespana lantzen eta maketak egiten?
Mainatsua edo iaioa bazara hobe, baina ikasten da. Poliespana lantzeak badu berea, baina niretako zailagoa da erabiltzen ditugun tintekin beharrezko kolorea ateratzea.
4. Tintek zailtasuna al dute?
Guk erabiltzen ditugunak ez dira olio margoak. Koloreak egiteko hautsa batzuk erabiltzen ditugu. Hauts ezberdinak daude, eta hauts horiek nahastuz sortzen ditugu koloreak, urarekin nahasiz. Eta badu bere zailtasuna, nahi duzun tonua ateratzea kostatzen baita. Gero, margotzen ari zarela, agian izkina batzuk argitu nahi dituzu, edo ilundu. Urarekin jolasten dugu hor. Baina gerta daiteke poliespanarekin maketa ederra egitea eta koloreekin asmatzen ez baduzu maketa izorratzea.
5.Bakaikuko etxe eta txokoak egiten dituzu.
Bai, gehienak Bakaikukoak dira, baina Iturmendiko batzuk ere baditut. Prozesuari dagokionez, nire semeak, Javik, egin nahi dudan etxe edo txokoaren argazkiak ateratzen ditu eta gero nik paperean marrazten dut. Nik maketak Bakaikuko elizako jaiotzean jartzen ditut, eta, hortaz, jaiotzeko figuren eskalara egiten dut eraikina. Etxeko paretek izango duten tamainan mozten duzu poliespana, eta haren gainean lan egiten da. Harriak markatu behar badizkiozu kuterrarekin markatzen dituzu, gero errotulagailuarekin margotzeko, eta leihoen edo ateen espazioa kuterrarekin moztu egin behar da.
6.Zaila al da?
Berez ez da horren zaila, baina pazientzia handia behar da. Eta ordu asko sartu behar dira. Urte batzuetan otsailerako hasi izan naiz maketak prestatzen. Goizean tarte bat, arratsaldean beste bat...
Olaztikoek egiten dituzten jaiotzak, horiek bai zailak. Jaiotza harrigarriak egiten dituzte. Eta lortzen dituzten koloreak ikusgarriak dira. Margotu baino lehen poliespanari pasta berezi bat ematen diogu, poliespana zuzenean margotzen bada ez baita ongi gelditzen. Eta pasta horrekin ongi margotzen da. Nik pasta pixka bat botatzen diot ere kolore nahasketa egin behar dudan urean, ur horrek ere gorputza har dezan.
7. Zein da egin zenuen lehen maketa?
Ez dut gogoratzen. Duela 20 urte izan zen, 80 urte beteko baititut. Urtero ezberdina egiten dut eta Gabonetan Bakaikuko elizako jaiotzan jartzen dut. Baina asko egin ditut: Bakaikuko herriko etxea, eliza, eliz aurrean zeuden garai bateko etxeak, gero obrak egin baitzituzten, Bakaikuko eskola zaharrak, Santiago baseliza, goiko iturria, barnetegia, ibaia pasatuta dauden etxeak, errota ondoko txokoa, trenbide ondoko etxeak... Behin Xabierko Gaztelua ere egin nuen.
8. Eta Iturmendikoak?
Bi urtez Iturmendiko eraikinak egin nituen. Herriko etxea, aurretik begiratuta, iturria, “Palacio” deitzen diogu etxea eta elkartearen aurreko etxea, garai batean denda izan zena. Iturmendiko batzuk Gabonetan Bakaikuko elizan ikusi zituztenez, galdegin zidaten eta maketak utziko nizkien Sanmigeletan ikusgai jartzeko. Utzi nizkien eta herritarrei asko gustatu zitzaizkiela esan zidaten. Elkartearen aurreko etxekoek galdetu zidaten ea zer egiten nuen maketekin eta erantzun nien erakusketatik kentzen ditudala, batzuk gordetzen ditudala, beste batzuk oparitu... eta euren etxekoa izatea nahiko zutela. Nik pozik esan nien eramateko, eta erakusketatik bertan etxera eraman zuten.
9. Maketak oparitzeak ez al ditu pena ematen?
Inolaz ere ez. Kontrakoa. Maketak handiak dira, espazio handia behar da gordetzeko, eta niretako hobe. Bakaikuko iturrikoa Mari Carmeni eman nion, Iturmendikoa iturmendiarrei, ibai ondoko etxekoei ere eman izan diet, Otamendikoei ere... Batzuk etxean ditut gordeta, eta behin udaletxean galdetu nuen eta frontoiko bajeretan tokia utziko zidaten besteren batzuk gordetzeko. Eta han daude. Poliespaneko maketak handik hara ibiltzerakoan batzuetan kalteak izaten dituzte eta pinturak ere hasierako bizitasun hori galtzen du, baina nahiko aguantatzen dute.
10. Aurten zer jarri zenuen jaiotzan?
Bakaikuko eliza egin nuen berriz, aurreko maketa jada kaltetuta zegoelako, eta horrekin batera Bakaikuko eskola zaharren maketa ere jarri nuen. Jendeari gustatu zitzaion, hori esan zidaten behintzat. Urtean zehar beti galdetzen didate, ea hurrengorako zer egingo dudan, eta gustura joaten dira elizara ikustera.
11. Datozen Gabonetako maketa prestatzen hasi al zara?
Oraindik ez dakit zer egingo dudan. Hankako ebakuntza baten ondoren tente egoten asko nekatzen naiz eta eserita ezin da lan egin, xehetasun txikiak (teilak, ateak, leihoak...) ez badira. Kuterrarekin eta erregailuarekin lan egiteko zutik egon beharra dago eta azken urte honetan asko nekatu nintzen. Tamalez, ez dut erreleborik. Erabakiko dut zer egin.