Otsailaren 25ean Espainiako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketa jokatu zen Gavàn (Bartzelona). June Kintana Larraza disko jaurtitzailearendako hitzordu garrantzitsua zen. 2017tik 2022ra sei urre lortu eta gero, bide berean jarraitu nahi zuen. Baina bakaikuarrarendako txapelketa oso ezberdina izan zen, "psikologikoki oso gogorra". Ez zuen zuen bere maila eman eta deseroso lehiatu zen, bere ohiko markengatik urrun eta egoerari ezin buelta eman. Azkenean Espainiako txapeldunordea izan zen (50,43 m), Leongo Errendimendu Altuko Teknifikazio Zentroan berarekin trebatzen den Andrea Alarcónen atzetik (51,85 m).
Aurreko denboraldia zure marka pertsonala gaindituz (57,83 m) despeditu zenuen. Aurten, txukun hasi zinen. 52,47 m Aragoin, 52,02 m Iruñean, Nafarroako Txapelketa irabaziz... Zer gertatu zitzaizun Espainiako Txapelketan?
Nire buruari presio handia sartu niola. Martxoaren 11n eta 12an Europako Jaurtiketen Txapelketa jokatuko da Leirian (Portugal). Bertara joateko aukera handiak nituen, entrenamendu onak egin ditut, negu oso ona, eta nire burua oso ongi ikusten nuen. Espektatiba handiekin joan nintzen Espainiako Txapelketara, baina presio hori antsietate moduko batean bilakatu zitzaidan eta gorputzak esan zuen: "Ez June. Bide honetatik ez zoaz inora". Eta guztiz blokeatuta geratu nintzen.
Txapelketa askotan lehiatu zara. Aurretik halakorik gertatu al zaizu?
Ez, eta alde horretatik ere pixka bat harrituta nago. Txapelketetan ahalik eta hobekien egin behar dudala da normalean pentsatzen dudana, eta disfrutatzea. Horiek dira nire motibazioak. Baina larunbatean ez nituen bete. Europakorako marka ona egitea nuen buruan. Eta nire gorputzaren erantzuna antsietate zentzugabeko bat izan zen. Gorputza blokeatuta geratu zitzaidan. Beste esperientzia bat izan da, eta gauza asko ikasi ditut. Orain udako txapelketa beste ikuspuntu batetik prestatuko dut: egiten dudanaz disfrutatzea, eta ez hainbeste marka edo gutxieneko batera iristea pentsatzea.
Oso zaila da marka horiek buruan ez izatea, Europako eta Munduko Txapelketetarako eta Olinpiar Jokoetarako eskatzen dituztelako.
Bai. Espainiako Atletismo Federazioa haserretu da, udako nire markak berez Europako Txapelketarako hautatua izateko baliagarriak zirelako, gutxienekoa 56 metrokoa zelako. Baina orain esan dutena da txapelketa hurbiltzen den heinean sasoi betean gaudela erakutsi behar dugula, eta ez naute hautatu. Gertatu zaidana da gure entrenamenduetan planifikatua genuena pixka bat beranduago hasi dela agertzen. Denboraldi hasieran nire gorputza ez zegoen erabat prest teknika automatikoki berez ateratzeko; Espainiako Txapelketa baino bi aste lehenago gertatu zen hori. Baina tarte horretan ez zegoen beste txapelketarik eta Espainiakorako presio handia sortu nuen.
Zeinen arraro sentituko zinen.
Oso. Urduritasuna beti sentitu izan dut, baina kontrolatzen jakin izan dut. Baina Espainiako Txapelketan gainezka sentitu nintzen.
"Aurrera jarraituko dut, baikor, lana egina dagoelako"
Gavàn oso jaurtiketa arraroak egin zenituen. Tartean hiru baliogabetu.
Hamar jaurtitzaile ginen. Hasieran hiru jaurtiketa egiten ditugu eta lehen zortzi onenek egiten dute aurrera. Finalean beste hiru jaurtiketa ditugu, hobekuntzarako. Lehen kortea justu gainditu nuen, zazpigarren, bi jaurtiketa baliogabe eta 40,9 metroko jaurtiketa txar batekin. Finalean jaurtiketa luzexka bat baliogabetu zidaten sektoreetatik atera zelako. Zortea ere ez nuen alde izan. Egun txarra izan zen. Beraz, bigarren izatearekin pozik nago, benetan, askoz ere okerragoa izan zitekeelako. Jakin nuen nola edo ahala zuzentzen, eta zilarrari ezin zaio meritua kendu. Horrela, datorren urterako badut erronka, berriz lehena izatea. Gainera, Andrea Alarcon lagunak irabazi zuen, eta beragatik ere oso pozik nago, txapelketa oso ona egin zuelako.
Denboraldi batetik bestera horrenbeste kostatzen al zaizue sasoia berreskuratzea?
Bai, oso atleta gutxik hasi izan dute denboraldia aurrekoaren markekin. Lehiaketa erritmoa hartzea beharrezkoa da, gutxinaka hobetzen joatea, arintasun sentsazioa berreskuratzea... ni sasoi horretan pixka bat beranduago jarri nintzen, eta txapelketan ez nuen ongi kudeatzea lortu.
Honek alde psikologoa gehiago lantzeko beharra sortu al dizu?
Urteak daramatzat psikologoarekin lanean. Aurretik dugun lana da aurkitzea ea zein puntutan egin nuen akatsa, onartzea gizakiak garela eta gauzak beti ezin zaizkigula ongi atera, eta pentsatzea hurrengoan hobeki egingo dudala. Aurrera jarraitu eta egindako lanean konfiantza izan. Udako denboraldirako positiboki pentsatzen eta baikor izaten jarraituko dut, orain arteko lana ongi egina dagoelako. Aterako da.
Neguko denboraldia bukatu al duzu?
Igandean Tolosan kontrol bat dago eta Espainiako Txapelketako zapore txarrarekin ez geratzeko bertan parte hartuko dudala erabaki dut. Ea disfrutatzen dudan eta ongi ateratzen den, ni lasai geratzeko eta udako denboraldia animoz prestatzeko. (Marsuaren 5ean parte hartu zuen Tolosan eta baita helburua lortu ere, 55,50 metroko jaurtiketarekin despeditu baitu neguko denboraldia, Espainiako Txapelketan gertatutakoari buelta emanez).
Udako denboraldia nola dator?
Ez dut helbururik jarri nahi. Aurten Aire Libreko Jaurtiketen Mundiala jokatuko da, baina zaila dut, marka oso onak eskatzen dituztelako. Nahiago dut epe motzean pentsatzea: ekainean ligarekin hasi, martxa hartzea, ea nazioarteko meeting edo txapelketara batera joateko aukera lortzen dudan, uztaileko Espainiako Txapelketa...