Astekaria

Osasun garraioko enpresa publikoa bidean

Guaixe 2023ko api. 24a, 14:01

Anbulantzia Etxarriko osasun etxe parean. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuak erabaki du zerbitzu hori emanen duen enpresa bat sortzea. Osasun Departamentuaren mendekoa izanen da, eta esleipen bidez lan hori egiten duten bi enpresa pribatuen egitekoa administrazio publikoaren esku geldituko da. Hala egin dute Balear Uharteetan eta Errioxan.

Bidean Osasun Garraioak Sozietate Mugatua izena izanen du enpresa publiko berriak. Nafarroako Gobernuak erabaki hori hartu zuen apirilaren 5eko bilkuran. Beraz, gaur egun bi enpresa pribaturen bidez (Baztan Bidasoa eta SSG) eskaintzen den zerbitzua foru administrazioaren ardura izatera pasako da. Gaur egun bi enpresek 89 anbulantzia eta 321 langile dituzte, osasun larrialdietan teknikari eta gidariak dira. Plantilla guztia Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoko langile izatera pasako dira, subrogatu eginen dituzte. 

Santos Indurain Orduña kontseilariak azaldu duenez, "enpresa juridikoki sortzeko gobernuak emandako baimena osasun garraio eredu berrirako trantsizioan aurreneko pausoa da. Enpresa ezartzeko epe bat beharrezkoa izanen da, baina, bitartean, erabiltzaileak zerbitzua izaten segituko dute". Anbulantziek bi motatako osasun garraioa egiten dute: larrialdietakoa eta programatutakoa. Aurrenekoa ezusteko edozein ezbeharri erantzuna emateko da. Atzena, berriz, Osasunbideak planifikatutako arta zerbitzuaren parte da. Esaterako, pertsonak etxeetatik errehabilitaziora, dialisira, kimioterapiara, kontsultetara edo bestelako tratamenduak hartzera eramatea. Urtean halako 240.000 lekualdatze egiten dira Nafarroan. 

Kontseilariak zehaztu duenez, "gaur egun zerbitzua eredu misto batekin eskaintzen dugu, enpresek anbulantziak eta teknikariak jartzen dituzte, baina osasun arreta Osasunbideko langileek ematen dute anbulantzietan. Osagarri gisa Nafarroako Suhiltzaileen anbulantzia zerbitzuak osasun larrialdietan eta larrialdi kasuetan laguntzen du". Indurainek adierazi zuenez, "aldaketarekin larrialdietako eta planifikatutako osasun garraioa Nafarroako Gobernuaren langileek eginen dute, gobernuaren bitartekoekin, eta suhiltzaileekin elkarlan bera mantenduko da". Anbulantzia horiek guztiak beteta daudenean, Gurutze Gorrikoak edo DYAkoak erabiltzen dira. Azken erakunde horrek Sakanan, Altsasun, bi anbulantzia ditu. 

Enpresa berria Nafarroako Enpresa-Korporazio Publikoaren (CPEN) baitan kokatuta dago, Osasun Departamentuarekin adskribatuta. “Sozietate publiko denez, elkarrekin ariko diren Batzar Nagusiak eta Administrazio Kontseilu batek administratu eta ordezkatuko du. Gutxienez hiru eta gehienez hamabi kontseilari izanen ditu”, azaldu du Indurainek. 

Internalizazioa 
Gobernuak hartutako erabakiarekin pozik da Alfredo Zelaia Goikoetxea bakaikuarra, "hobekuntza da", ziurtatu du, "azpikontratatuta zegoen zerbitzu bat gobernuak zuzenean ematera pasako da". Zelaia 25 bat urteko eskarmentua duen osasun larrialdietan teknikari eta gidaria da. Azaldu duenez, "aspaldi zerbitzu publikoa zen guztiz. Baina hartan lanean aritzen diren langileak jubilatu ahala gobernua lan hori emateko lehiaketak deitzen hasi zen. Horrela hasi ziren enpresak sartzen, hasieran familia-enpresak ziren, baina, ondoren handiagoak sartu ziren. Pittekako pribatizazio prozesua izan zen". Gaineratu duenez, orduan larrialdietako sarea Gurutze Gorriaren eta DYAren ardura zen. 

Osasun larrialdietan teknikariak azaldu duenez, "lehiaketa deitzean, gehienezko diru kopuru bat dago, eta eskaintza merkeenari ematen zaio. Horrela, merkeago ematen ditu zerbitzuak administrazioak eta bere langileak ez direnez, administrazioak arazo bat kentzen du, ez du horretaz arduratu beharrik". Zelaiak zerbitzuaren publifikazioari onura ikusi dio: "Nafarroa guztirako enpresa bakarra izatean kostuak merkatu eginen dira, eta zerbitzu gehiago emateko aukera izanen du. Gaur egun enpresek bakoitzari dagokion eskualdean lan egiten dute soilik". 

Eperik ez
Nafarroako Gobernuak onartutako espedienteak barnean ditu motibazioa eta sorrera helburua jasotzen dituen Jarduketa, Inbertsio eta Finantzaketa Programa bat, Estrategia Plana, sozietate eta kudeaketa arloen egitura, ondarearen eta baliabideen erregimena, esparru juridiko aplikagarria, ekonomia eta finantza aurreikuspena, profesionalak eta kudeaketa arloko gaiak, beharrezko softwarea, balizko oinarriak, anbulantziak, eta abar. Indurainek azaldu zuenez, "orain hastear den bigarren fasea gauzatzen hasiko da, baita ardura hartzen ere; aurrekontu hornidura eta gaur egun zerbitzua ematen duten bi enpresetako giza eta baliabideen trantsizioa nola egin zehaztuko da". 

Zelaiak argitu duenez, "gobernuak ez du eperik eman eta langileok ez dakigu ezer. Enpresa sortu beharko dute lehenik, haren organigrama eratu, gorpuztu eta, azkenik, subrogazioa etorriko da. Gobernu berria eratu arte mugimendu gutxi egonen da. Hala ere, departamentua zerbait aurreratzen hasi daiteke. Baina aurrekontua izan arte mugatuta egonen da". Bakaikuarrak azaldu du zergatik langileak pasako diren sozietate mugatu bateko plantillara eta ez Osasunbideko langile izatera: "praktikoago eta azkarragoa delako. Osasunbideko langile izateko prozesua zailagoa da, oposizioak deitu beharko lirateke. Balear Uharteetan eta Errioxan horrela internalizatu dute zerbitzua". Zelaiak gaineratu duenez, "langileen subrogazioa egiterakoan haien antzinatasuna kontuan izanen da. Enpresan lanean luze daramaten langileak izanen dira lantokia aukeratzen lehenak. Hala, 17 bat urteren ondoren Altsasura lanera etorriko naiz", aurreratu du. 

Bidean Osasun Garraioak SM enpresa eratzean gaur egun dauden langile kopuru bera hasiko dira lanean. "Baina administrazioko lan egutegia ezartzera joko da, hau da, langileek ordu gutxiago lan egin beharko dute urtean. Beraz, langile gehiago kontratatu beharko ditu gobernuak", aurreratu du Zelaiak. 

Ibarra 
Sakanan Baztan Bidasoa enpresak ematen du larrialdietako eta programatutako osasun garraio zerbitzua. "Batzuetan, premia dagoenean, Araia aldean ere zerbitzua ematen du", zehaztu du Zelaiak. Enpresak ibarrean bi anbulantzia ditu. Bata, larrialdietarako da, urteko ordu guztietan zerbitzua emateko prest egon behar du. Hartan hamar langilek lan egiten dute. Bigarren anbulantziak planifikatutako osasun garraioan aritzen da eta langile bat du. "Batez ere Iruñean gidaria eta laguntzailea joaten dira. Landa eremuan ez", zehaztu du bakaikuarrak. Sakanan 600 eta 700 larrialdiz arduratzen dira urtero. Programatutako osasun garraioak jakitea zailagoa da. "Altsasuko osasun eremuan medikurik ez zegoenean anbulantzia askotan erabili zen, gaixoa han sartu eta larrialdietara", jakinarazi du Zelaiak. 

Enpresa publikoak bere anbulantziak eta langileak non izanen dituen zehazteko dago. "Suhiltzaileen parkeetan edo osasun etxeetan izanen da. Azken horiek lehentasuna dutela dirudi, azken finean, anbulantziak lehen arretako baliabide bat baitira", nabarmendu du Zelaiak.