Festetarako auzolanak zehaztu dituzte Bakaikun

Guaixe 2023ko uzt. 13a, 11:41

Bakaikuarrak plazan dantzan. ARTXIBOA

Festak behar bezala ospatzeko, hainbat lan egiteko daude .

Bakaikuko Udalaren auzolan ordenantzaren arabera, 18 eta 55 urte arteko bakaikuarrek urtean auzolan bat egin behar dute. Festen aurretik, bitartean eta ondoren hainbat lan egiteko daudenez, Bakaikuko Udalak auzolanerako deialdia egin du. Festei loturiko auzolanean honako egitekoak zerrendatu ditu udalak: eszenatokia muntatzea (hilaren 15etik 19ra artean, eguna adosteke), eszenatokia desmuntatzea (hilaren 26tik 28ra bitarte, eguna adosteke), ardoa banatzea (festetako egun oso bat), zezensuzkoa eta haurrendako jolasak prestatzen laguntzea.

Auzolan horietakoren batean izena eman nahi duenak udala@bakaiku.eus e-posta helbidera idatzi dezake, udaletxera joanez edo hara hots egin 948 562 509 telefono zenbakira edo bakaiku.eus webgunean dagoen galdetegia betez. Beste aukera da Ekhi Etxeberria edo Josetxo Kintana zinegotziei jakinaraztea. Azkenik, udaleko Whatsappera (622268161) mezua bidal dezakete.