Disko jaurtiketa

June Kintana txapeldun Larrabiden

Guaixe 2023ko uzt. 17a, 13:10

June Kintana, Larrabiden. UTZITAKOA

Espainiako Federazio Autonomikoen Arteko Atletismo Txapelketan Bakaikuko atletak puntu ederrak eman zizkion bederatzigarren sailkatu zen Nafarroari. 

Iruñeko Larrabide estadioak Espainiako Federazio Autonomikoen Arteko Atletismo Txapelketa hartu zuen uztailaren 15ean, larunbata. Hainbat modalitatetako txapelketak jokatu ziren: abiadura probak, hesiak, disko eta xabalina jaurtiketak eta bestelakoak. Sanferminak bukatu berriak ziren; baina, hala ere, giro ederra egon zen Larrabiden. 

June Kintana Larraza disko jaurtitzaileak lan ederra egin zuen, eta kilo bateko diskoa 55,56 metrora jaurti zuen. Eroso irabazi zuen txapelketa. 3 metro atera zion Leongo Errendimendu Altuko Teknifikazio Zentroan berarekin trebatzen den Kataluniako selekzioko Andrea Alarcóni (52,56 m). Hirugarrena Valentziako selekzioko Paula Ferrandiz izan zen (50,36 m). 

Aire zabaleko denboraldia primeran despeditzen ari da atleta bakaikuarra. Nahiz eta ekainean Silesian (Polonia) jokatutako Europako Txapelketan bere maila ez eman –“ez zen egun ona izan”–, handik bueltan bere marka pertsonala gainditu zuen uztailaren 7an jokatutako Bartzelonako Hiria Nazioarteko Mitingean: 58,08 metro. Bere marka apurtzeaz gain, Nafarroako errekorra hautsi zuen. Denboraldi bukaerarekin oso kontentu dago. 

Madrilgo selekzioak irabazi zuen Espainiako Komunitateen Arteko Atletismo Txapelketa (483 puntu), Kataluniari 2,5 puntu aterata (480,5). Nafarroak lan ederra egin zuen, eta bederatzigarren sailkatu zen (335 puntu), zortzigarren sailkatu zen Aragoik izan zituen puntuekin. Puntuazioari dagokionez, proba bakoitzeko txapeldunak 16 puntu lortu zituen; bigarrenak, 15 puntu; hirugarrenak, 14 puntu; eta segidan, errenkadan. June Kintana txapeldunaren lanak 16 puntu gozo eman zizkion Nafarroari.