Garilaren 23an, domekan, Espainiako Gorteetako hauteskundeak izanen dira. Botoa emateko 18 hautesleku izanen dira Sakanan. Eta horietako bat Bakaikuko auzoa da, udaletxean dagoen gela, orain arte hauteskundeetako hauteskunde mahaia eta hautetsontziak hartu dituena. Aurreko deialdiekin alderatuta, ordea, bada xehetasun bat nabarmen bat: domekan Bakaiku festetan dagoela. Eta festetan auzoa erabili egiten da. Esaterako, han egiten da ardo banaketa.
Hori dela eta, Bakaikuko Udalak hauteslekua tokiz aldatzea eskatu zuen. Bakaikuko Udalak hauteslekua festa gunearen erditik atera nahi zuen, toki lasaiago batera eramateko. Kokapen berria eskola zaharren eraikineko beheko solairua da. Ia prest dagoen erabilera anitzeko gelan jarriko du udalak hauteslekua.
Toki aldaketak egiteko, udalak agintarien onarpena behar zuen. Horretarako, lehenik, Hauteskunde Batzordeari jakinarazi zion lekualdaketa eskaera. Hark erantzun zuen hura ez zela bere eskumena. Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak gauza bera erantzun zion udalari. Azkenik, Hautesle Erroldaren Bulegoari eskatu zioten. Duela hilabete-pasa egin zuen udalak lehen eskaera, eta ostiralean jaso zuen erantzuna.