Bakaikuk argiteria publikoa berrituko du

Guaixe 2023ko uzt. 26a, 09:00

Bakaikuarrak Santio plazan. ARTXIBOA

Herriko argiteria publiko guztiko bonbillak kendu, eta LED argiak jarriko ditu. Gainera, eskola zaharren eraikineko lanek Bakaikuko Udalaren aurrekontuaren zati handi bat hartzen dute.

Bakaikuko Udalaren aurrekontuak aurten 511.362,87 euroko sarrerak eta 511.229,82 euro irteerak ditu. Azken horiek joan zen urtean baino 80.000 euro gehiago dira. Gainera, udalak 224.561,82 euroko balioa duten inbertsioak egitea aurreikusi du. Egoitz Urritza Lazkoz alkateak jakinarazi duenez, argiteria publikoan LED argiak jartzeko 137.000 euroko dirulaguntza jaso du udalak. Europako Next Generation dirulaguntzen barruan Dus 5000 programa dago, eta, haren bidez, gaur egungo bonbillak LED argiekin ordezkatuko dituzte. 

Inbertsioen gainontzeko zatia eskolak hartu zituen eraikinaren zaharberritzera bideratu du udala. Nasuvinsa enpresa publikoa goiko solairuan hiru etxe egiteko lanak egiten ari da. Hitzartutakoaren arabera, udalak aurrekontuaren %15 ordaindu behar du. Horregatik, aurrekontuetako 31.000 euro inguru egiteko horretara bideratuko dira. Beheko partean haur eta gazte guneak eta erabilera anitzetako gela izanen dira. Horien barruko isolamendua eta leihoetarako 48.000 bat euro daude aurrekontuan. Gainera, lanak despeditzeko beste 80.000 euro bideratuko dituzte. Bide batez, erabilera anitzetako gela hautesleku bihurtuko da igandean. Eraikinaren eskuin aldetik joan eta atzeko aldean dagoen atetik sartu beharko dute bakaikuarrek. Sarbideak arranpa du. 

Alkateak jakinarazi duenez, aurten ez dute baso edo nekazaritza azpiegituretako lanik eginen. Bestalde, Bakaikuko Udalak herriko etxearen teilatuaren erreforma egin eta eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko 126.922,94 euro bideratzea pentsatuta zuen. Izan ere, udan beroagatik bulegoan ezin da egon, eta neguan berotzen gastu handia du. Hori dela eta, dirulaguntza eskatu zuen Nafarroako Gobernuari Toki Azpiegitura Planaren barruan. Foru administrazioak ez zuen eskaera onartu, eta erreserban utzi zuen. 

Auzolana
Herriaren estrategia plana egitean, bakaikuarren lehentasunezko hiru gaietako bat auzolana izan zen. Ordenantza egin, eta herriak oniritzia eman ondoren, hura joan zen urtean jarri zen indarrean. Haren arabera, 18 eta 55 urte arteko bakaikuarrek urtean auzolan bat egin behar dute. Ordenantza indarrean egon zen aurreneko urtean 102 bakaikuarrek egin zuten auzolana (%86). Gainera, hiru pertsona boluntario izan ziren. Beste 14 bakaikuarrek ez zuten auzolana egin, eta, ordenantzari jarraituz, isuna ordaindu zuten. Bestalde, udalak jakinarazi du bakaikuarrek auzolanean egin daitezkeen lanak proposatu ahal dituztela eta proposamen batzuk egin zirela. "Ideiak ematen jarraitzera animatzen zaituztegu". 

Joan zen urteko auzolanaren balantzea egitean, Bakaikuko Udalak parte hartu zutenei eskerrak ematearekin batera, egindako ahalegina aintzat hartu du. Udalak adierazi duenez, "Bakaiku bezalako herri txiki batek, gaur egungo gizartearen egituraketan, ezinbestekoa du auzolana bere azpiegiturak, zerbitzuak eta gizarte eta kultur garapena aurrera eramateko. Joan zen urteko jardunaren balorazio positiboa egin dugu". Udalak horregatik udaberrirako eta festetarako auzolan deialdiak egin zituen. 

Kontsultategia 
Garai batean Bakaikuko medikuaren kontsultategia egunero zabaltzen zen. Asteazkenetan jende gutxiago joaten zela-eta, astegun horretan kontsultategia ixten hasi ziren ondoren. Pandemiaren etorrerarekin kontsultategia astean bitan zabaltzera pasa ziren: astearte eta ostegunetan. Ikusita Iturmendin eta Urdiainen ere arazoak daudela, Bakaikuko Udalaren asmoa da beste bi udalekin hizketatzea eta iritziak trukatzea. Udalaren asmoa litzateke kontsultategiak lehen eskaintzen zuen zerbitzua eskaintzera bueltatzea.