Disko jaurtiketa

Espainiako txapeldun absolutua, laugarrenez

Guaixe 2023ko abu. 2a, 12:02

June Kintana, Torrenten. UTZITAKOA

June Kintanak Espainiako Disko Txapelketa Absolutua irabazi zuen uztailaren 29an Torrenten, 53,88 metroko jaurtiketarekin. 

Uztaileko azken asteburuan aire zabaleko Espainiako Atletismo Txapelketa Absolutua jokatu zen Torrenten (Valentzia). Beroa eta hezetasuna izan ziren protagonista. Hala ere, Grupompleo Pamplona Atletico taldeko June Kintana Larraza bikain aritu zen, eta bakaikuarrak Espainiako Disko Txapelketa absolutua irabazi zuen, laugarrenez. Uztailaren 29ko eguerdian lehiatu zen Kintana, eta lehen jaurtiketan diskoa 51,63 metrora jaurti zuen. Beste hiru jaurtiketak baliogabekoak izan ziren, baina bosgarrenean 53,52 metrok jaurtiketa egin zuen eta, seigarrenean 53,88 metrokoa, urrea eman ziona. Leongo goi errendimenduko teknifikazio zentroan berarekin trebatzen den Andrea Alarcon izan zen bigarren (50,43 m). 

Proba "gogorra”
Bakaikuarrak Espainiako Disko Txapelketa absolutuko bere laugarren urrea lortu zuen. "Txapelketa nahiko gogorra izan da, psikologikoki bereziki. Parte hartzaile asko ginen, beroa handia zen, hezetasun handia, eta eguerdian lehiatzea gogorra egin da. Titulua berritzeagatik oso pozik nago, hori baitzen txapelketa honen helburua” azaldu zuen bakaikuarrak. 

Lau titulu absolutu horiei neguko denboraldiko sei tituluak gehitu behar dizkio. Gainera, aurten bere marka pertsonala gainditu zuen, uztailaren 5ean Bartzelonan egindako 58,08 metroko jaurtiketarekin. "Oraindik lehiaketa pare bat ditut aurretik, ea marka pertsonala gainditzerik dudan".