Hilda Taveras Dominikar Errepublikako Maria Trinidad Sanchez probintziako Nagua hirian jaio zen (117.500 biztanle), baina familia Santo Domingora joan zen bizitzera. “Beti egon naiz itsasoaz inguratuta”.
2012an bere senarra dena, Jose Mari Zelaia bakaikuarra, ezagutu zuen. “Iruñera etorri nintzen bizitzera, arrazoi pertsonalengatik nire herrialdea utzi behar izan nuelako. Dominikar Errepublikatik distantzia hartu beharra nuen. Aurretik espainiar estatua ezagutzen nuen. Zaragozan eta Oviedon egona nintzen, eta bertako bizimodua, kultura, gastronomia... gustuko nituen. Kozinatzea eta jatea izugarri gustuko ditut! (kar, kar). Iruñean nengoela, urtebetetze festa batera gonbidatu ninduten, Urdiainen; eta han ezagutu nuen Jose Mari. Gure artean harremana sortu zen, eta aurrerago Bakaiku ezagutzera gonbidatu ninduen”.
Bakaikuk Hilda liluratu zuen. “Bakaikuko karriketan paseatu ginen, eta tabernara joan ginen zerbait hartzera. Txoko ederrak, harrizko eta zurezko antzinako etxe ikusgarriak... Zeinen polita! Herriko lasaitasuna gustatu zitzaidan, eta jendearen harrera. Hasieratik oso ongi hartu ninduten Bakaikun. Gure harremanak jarraitu zuen, ezkondu ginen, eta ordutik hemen bizi naiz. Maitasunagatik geratu nintzen Bakaikun. Oso pozik nago; bakaikuar guztiekin oso gustura sentitzen naiz”.
Hilda Taveras etxeko langilea da. “Ama eta mendekotasuna duen ahizpa Ameriketan bizi dira, eta haiei laguntzeko lan egin behar dut, ezinbestez. Nire laguntza behar dute”. Seme-alabek herritartasun bikoitza dute, baina Dominikar Errepublikan bizi dira, bertan egiten dute lan. “Han diru gutxiago irabazten da; hemen aukera gehiago dago”.
Bakaikun egin zuen lan aurretik, baina gaur egun Izurdiagan ari da, istripu baten ondorioz erabateko mendekotasunean 38 urte daramatzan gizon tetraplegiko bati laguntzen. “Badakizu zergatik onartu nuen lana? Hemeretzi pertsona pasatu ziren nire aurretik, eta ez zuten onartu, zituen baldintzengatik. Egoera ikustean, senarrari esan nion lana onartuko nuela gizon horrek behar ninduelako. Harreman bikaina dugu, konfiantza handikoa. Okerrena da indar handia egin behar dudala bera mugitzeko. Bizkarrezurretik operatuta nago; baina, nahiz eta ongi egon, adina aurrera doa, eta ez dakit gorputzak zenbateraino utziko didan”.
Hiru Haitz, politena
Bakaikuko txokorik politena Hiru Haitz da Taverarendako. “Hiru haitzen formarengatik, harri horiek zizelkatuta dauden moduarengatik. Ikusgarria da. Bakaikuko euskaltegitik gora, Angoiko iturria albo batean utzi, eta Goikoerreka kaleko txoko batetik Hiru Haitzak ikustea gustatzen zait. Txokoa txukun-txukun dute bizilagunek. Egia esan, Bakaiku oso ongi zainduta dago. Antzinako etxeak eta kaleak ditut gustuko, herriko karriketan galtzea, etxeetako harrien zizelkatzeak eta landutako zurak ikustea, nire herrialdean ez baitago halakorik, eta Bakaikun egiten ari diren etxeak edo zaharberritze obrak ikustea. Eliza ere ederra da” dio Taverasek.
Oso gustura bizi da Bakaikun. “Dominikar Errepublikara urtero joaten naiz familia bisitatzera, baina ez nintzateke bertara bizitzera itzuliko. Hemengo lasaitasunak eta segurtasunak ez du preziorik”. Hemengo klimara ohitu da. “Nahiago dut hotza beroa baino. Bero handia pasatu izan dut nik. Gainera, beroarekin hanka hazi egiten zait. Pozik nago Bakaikun, eta jendea oso jatorra da”.