Lorenzo Ondarraren jaiotetxean plaka jarriko dute

Guaixe 2023ko urr. 25a, 08:45

Urriaren 28an, larunbata, konpositore bakaikuarraren omenezko ekitaldiak eginen dituzte, jaioterrian; besteak beste, hari buruzko hitzaldiak eta kontzertua izanen dira.

Lorenzo Ondarra bakaikuarra bere belaunaldiko euskal musikagile garrantzitsuenetako bat da. Duela hamaika urte hil zen, eta orain "dagokion lekua emateko" eta bere figura eta lana "gehiago ezagutzeko", omenaldia eginen diote urriaren 28an, larunbata, jaioterrian, Bakaikun. Errekonozimendua Igor Ijurra Orfeoiaren zuzendariaren ideia izan zen, eta Osane Leiza bakaikuarrarekin aritu dira antolatzen, eta omenaldian Bakaikuko Udalak jaiotetxean plaka jarriko du; Altsasuko Erkudengo Ama Abesbatza konpositorearen obren kontzertua emanen du, eta Txistular Taldeak kalejiran parte hartuko du. Igor Ijurrak Ondarraren inguruko hitzaldia emanen du.

Lorenzo Ondarrari omenaldia

Urriak 28 larunbata

Bakaiku

18:15 Udaletxetik kalejiran Galtzada kalerantz abiatuko da udalbatza, Erkudengo Ama Abesbatza eta txistulariak kalejiran.

18:30 Plaka estalgabetzea, udalaren hitzak eta abesbatzaren eta txistularien emanaldia.

19:00 Lorenzo Ondarrari buruzko Igor Ijurraren hitzaldi laburra, elizan: Lorenzo Ondarraren bizitza, konpositore, organista eta folklorezale bezalako lana, bere konposizioen ezaugarriak, estiloa eta euskal musikari eginiko ekarpenak azalduko dira. Elebiduna.

19:30 Erkudengo Ama Abesbatzaren kontzertua, elizan: Lorenzo Ondarrak abesbatzarako konposatu zituen obrak.

Ondoren, jubilatuen egoitzan otamena.