Astekaria

Ondarrari aitorpena

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko urr. 30a, 14:00

Luis Tomas, Rosa Elena eta Maria Jesus Ondarra, Lorenzo Ondarraren ilobek, plaka mustu zuten.

Lorenzo Ondarra konpositorearen Bakaikuko jaiotetxean omenezko plaka jarri dute. Omenaldi hirukoitza izan ziren: Igor Ijurra konpositorearen obraren kudeatzailearen hiltzaldi bat eta Erkudengo Ama Abesbatzaren bere lanen kontzertua izan ziren ere.

Lorenzo Ondarra Kintana kaputxinoa eta musikaria 1931ko azaroaren 20an jaio zen, Bakaikun, eta duela hamaika bat urte zendu zen, 2012ko apirilaren 4an, Iruñean. Baina bere obra hilezkorra da, tartean Igor Ijurra Fernandez Iruñeko Orfeoiaren zuzendari etxarriarrak egiten duen obraren kudeaketarengatik. Ijurraren eta konpositorearen arteko harremana aspalditik dator, izan ere, zuzendariaren amaren familia bakaikuarra da, Ondarratarren aldamenekoak, hain zuzen. "Lorenzo txikitatik ezagutu dut, ez bakarrik auzolagunak zirelako, baizik eta noizbait kaputxinoetara mezara joaten ginen eta bertan organoa jotzen zuen, eta Etxarri Aranazko Abesbatzaren organista laguntzailea ere izan zen", Ijurra abesbatzaren zuzendaria zen bitartean.


Lorrenzo Ondarra organoa jotzen. UTZITAKOA

Zenbait kasualitateren bidez, Bakaiku Ondarraren figura eta musika ezagutzeko eta herriak "dagokion tokia eta errekonozimendua" emateko omenaldia egin zuten urriaren 28ko arratsaldean. Ekitaldi hirukoitza izan zen: Bakaikuko Udalak jaiotetxean plaka jarri zuen, Ijurrak konpositorearen inguruko hitzaldia eman zuen eta Erkudengo Ama Abesbatzaren kontzertua izan zen. Txistulari Taldeak ere parte hartu zuen ekimenean.

Konpositorea
Lorenzo Ondarra Altsasuko Kaputxino Seminarioan sartu zenetik, eliza ikasketak ez ezik solfeo eta piano ikasketak ere egin zituen. Apaiz bihurtu ondoren, 1954an, musika gregorianoa ikasi zuen hiru urtez Gasteizen eta Salamankan, eta Montserraten diziplina hobetu zuen. Organoa eta Konposizioa ikasketak ere egin zituen Tomas Garbizu eta Francisco Escuderorekin, Donostian. Bere ibilbidearen lehenengo saria irabazi zuen: bi espezialitateen karrera amaierako saria jaso zuen.

"Espainiako sari nazionalarekin bere konposizio maila ikus daiteke"
IGOR IJURRA

Ondoren etorri ziren Iruñeko konposizio lehiaketaren saria, Kataluniako Orfeoiarena, Bartzelonako S'Agarokoa, eta Espainiako Arte Ederretako Sari Nazionala, 1969. urtean, Tomas Marcorekin batera, Diálogos para dos sextetos de cuerda y órgano lanagatik. "Horrekin bakarrik bere mailaren nondik norakoa ikus daiteke". Tolosako Lehiaketa, Bilbokoa, Euskal Herriko txistulariena eta abar sariak jaso zituen ere. 2011ko Azaroan Nafarroako Abesbatzen Federazioaren eta Euskal Herriko Txistularien Elkartearen urrezko domina jaso zituen. 2012ko Tolosako Abesbatzen Lehiaketako polifonia modalitatean Pater Noster Iruñeko Orfeoiak enkargatu eta estreinatutako obra derrigorrezkoa izan zen, eta 2022ko edizioan Folklore arloan Bi Gabon Kanta ere koruek interpretatu behar zituzten nahitaezko pieza izan zen.

1970ko hamarkadan Ondarra Italiako Siena Chigiana Akademiara joan zen, Alemaniako Darmstadt Udako Ikastaroetan eta Würsburgeko ikastaroetan parte hartu zuen, eta 1980ko hamarkadan Suitzako Luzernen eta Austriako Innsbrucken ere egon zen.

XX. mendearen bigarren erdialdeko konpositore garrantzitsuenetarikoa da Ondarra, eta genero guztiak landu zituen. Bereziki ahaztutako partitura zaharrak berraurkitzen zituen eta beste egile batzuen partitura konponketak eta transkripzioak egiten zituen: Olaizola, Elduaien, Aita Donostia, Olazaran, Garbizu eta abar.

Xumea
Ondarra bere konposaketa lanagatik nabarmendu zen, batez ere musika koralagatik. Erkudengo Ama Abesbatzarendako moldatutako eta sortutako obrak ez ezik, Iruñeko Orfeoiak, Donostiakoak, Kataluniakoak, Etxarri Aranazko Abesbatzak, Easo Abesbatzak, Kana Cantemusek, San Fermin Abesbatzak edo Nafarroako Haur Kantariak koruak ere bere lanak mustu dituzte. Txistuarekin ere lotura berezia izan zuen eta lan "interesgarriak" sortu zituen instrumenturako. "Bizitzan estreinatutako obra gehien dituen musikagile nafarra da". Guztira, 250 obra konposatu zituen, horietatik 160 obra koralen konposizioak dira, eta musika sakroaren eta euskal musikaren tartean mugitzen zen; hortaz, euskal doinu asko armonizatu zituen, "probintzia guztietakoak, gainera", eta haien artean Sakanako "pila bat, burundatarrak bereziki, baina Etxarrikoak, Arbizukoak, Uharte Arakilgoak eta abarrekoak ere badaude".

Pertsona xumea, apala eta "zerbitzu bat" ematen zuena zela azaldu du Igor Ijurrak

"Bere prestaketa oso-oso ona zen. Kontserbatorioetan ikasi, munduan zeuden abangoardia berriak ezagutzen zituen, musika korala eta orkestrala egiteko gaitasuna zuen... Gertatzen dena da Altsasuko komentuan irakasle geratzean ez zuela denborarik liberaturik egoteko". Pertsona xumea, apala eta "zerbitzu bat" ematen zuena zela azaldu du Ijurrak: "Beti aipatzen zuen lehena kristaua zela, gero kaputxinoa eta azkenik musikaria". Horrek bere bizitza baldintzatu zuen: "Ez zuen anbiziorik, kristoren musikaria zen, baina bigarren edo hirugarren plano batean bezala gelditu da; gizon oso errespetatua, baina bere musika hedatzeko ez zuen askorik egin". Horregatik, besteak beste, omenaldia egitearen garrantzia. "Ez zaio oihartzunik eman. Berak bizpahiru zuzendariri obrak ematen zizkien, eta hortxe gelditzen zen". Ez zuen ahalegin handirik egin bere musika hedatzeko, "eta hor gaude hedatzeko gogotsu".

Ondarraren musika armonia aldetik "aberatsa" dela azaldu du Ijurrak. "Oso elegante, refinatua eta fina", gaineratu du. Abeslarien mailara moldatzen edo egokitzen zituen lanak: "Altsasuko abesbatzak obra bat eskatzen bazion, korua ongi ezagutzen zuen eta beraiendako egokitutako lana sortzen zuen". Hala ere, ahalmena zuen zailtasun oso handiko obrak egiteko, "orokorrean bere musika ez da erraza, ez da musika sinplea. Gauza errazenek ere badute bere muina. Koruei oso samurra suertatzen zaie abesteko". Berak ikasitakoa, ezagutzak eta maila abestietan islatzen da.


Lorenzo Ondarra. UTZITAKOA

Errekonozimendua
"Lorenzo Ondarrarekin harremana oso bitxia da. Nire ama bakaikuarra da, eta ondarratarrak amonaren aldamenekoak ziren. Beste alde batetik, Lorenzoren biloba batekin ezkonduta nago, nire semeak Ijurra Ondarra dira". Igor Ijurra musikari etxarriarrak "txikitatik" ezagutzen zuen Ondarra, eta ondoren harreman hori "alde profesionalera" ere pasa zen Etxarri Aranazko Abesbatzako zuzendaria zenean, Ondarra organista laguntzaile hasi zenean. "Laguntzen egoten zen". Abesbatzan ere bere lanak interpretatu zituztela azaldu du Iruñeko Orfeoiko zuzendariak. "Abesbatzarekin bere lanak mustu genituen, eta gero Iruñera ere eraman nituen".

Konpositorea 2012an hil zenean bere lana Kaputxinoen esku gelditu ziren, "fraideek normalean hori egiten dute", baina obraren kudeatzailea eta "saltseroa" Ijurra da: "Ni arduratzen naiz bere obrak leku batean eta bestean interpreta daitezen, obraren edizioak egiten, Iruñeko artxiboaren katalogazioa eta abar eramaten dut".

"Erkudengo Ama Abesbatzak omenezko kontzertua egitea proposatu zuen"
IGOR IJURRA

Urtearen hasieran Ijurra Altsasuko Erkudengo Ama Abesbatzako kideekin harremanetan jarri zen artxiboan abesbatzak mustutako zenbait obra zeudelako, Ondarrak koruarendako idatzitakoak, baina originalak falta zirelako; kopia "onak" zeuden. "Galdetu nien ea haiek izango ote zituzten eta abesbatzaren artxibora joan ginen. Han ez zeuden". Kruz Mari Martinez Larrea abesbatzako sortzaileetako batekin ere bildu zen, "eta ez zeukan ezta original bat ere. Gelditu ginen ea non egongo ziren pentsatzen". Handik pare bat astera, jarraitu du Ijurrak, Pello Iglesias abesbatzako beste sortzailetako batek eta gaur egungo kideak deitu zion: "Abesbatzari bururatu zitzaiola gustura egingo ziotela omenaldia Lorenzori, jaioterrian, beraiendako egindako obrak interpretatuz". Obra horien artean Ama Birjina Erkudengoa, Adiós a la llanera, Matalaz, Herribehera, Oi Ama Eskualerri eta Agur Jaunak daude. Omenaldirako lehenengo urratsa jarri zuten.

"Lehengusu bakaikuarrak ditut, haien artean Eduardo Urrestarazu alkatea izandakoa eta hark esan zidan egunen batean Lorenzoren inguruan hitzaldi bat eman beharko nukeela Bakaikun; musikarekin eta abarrekin". Altsasuko abesbatzak proposatutako kontzertu omenaldiarekin eta hitzaldi horren ideiarekin, Ijurrak Osane Leitzarekin hitz egin zuen. Leitzak Bakaikuko elizako organoa jotzen du, musika irakaslea da eta koruen munduan esperientzia du, eta erronkari eutsi zion. Omenaldia antolatzen "oso gustura" aritu dela esan du Leitzak. Ijurra: "Lorenzo 70 urtetik beherako gutxik ezagutu dute, eta ondo legoke jendeak ezagutzea, nor zen ezagutzea". Ondoren, Bakaikuko Udalarekin hitz egin zuen eta konpositorearen jaiotetxean plaka bat jartzea erabaki zuen udalak.

Omenaldi hirukoitza izan zen, beraz, urriaren 28an, Bakaikun izanen dena: udaletxetik udalbatza, Erkudengo Ama Abesbatzako kideak eta Sakanako Txistulari Taldea kalejiran Ondarraren jaiotetxera abiatu ziren. Bertan Ondarraren "pare bat" kantu interpretatu zituzten, eta plakaren estalgabetzea izan zen. Rosa Elena, Luis Tomas eta Maria Jesus Ondarra konpositorearen ilobek mustu zuten plaka. Handik elizara abiatu ziren eta elizan Ijurraren hitzaldia izan zen, "jendeak Lorenzo Ondarra nor zen ezagutu dezan; bere bizitzari buruzko aipamenak, formazioak eta abar, 25 minututan, laburki", eta amaitzeko Erkudengo Ama Abesbatzak Ondarraren "dozena bat erdi" obra abestu zituen, horietako bat txistulariekin.

"Herriak Lorenzo Ondarra ezagutu dezala, eta bere musikaren zatitxo bat entzungo eta ezagutuko du ere". Hori da omenaldiaren garrantzitsuena Ijurrarendako: "Herriak egiten dion aitorpena da". 1990ko hamarkadaren hasieran Ondarra Donostiako komentura eraman zuten, "eta gutxitan itzuli zen Bakaikura, etortzen zenean Etxarri Aranatzen bizi ziren anaiarrebengana joaten zen", horregatik belaunaldi gazteenek ez zuten ezagutuko ere. "Baina ikus dezatela konpositore interesgarri bat izan zela herrian". Konpositorea apaiza, kaputxinoa, zen, "baina bere zorua zapaltzen zuen horietakoa. Bere herriarekin lotutako gizona".

Bakaikuk kultur mailan izan duen ekarpena ezagutaraztea ere garrantzitsua dela gaineratu du musikariak, "Bakaikuk Jose Ramon Anda Espainiako estatuko eskultorerik hoberenetarikoa dauka, eminentzia bat da Anda; Parisen bizi den Asun Goikoetxea margolaria bakaikuarra da, eta Patxi Ondarra kaputxinoa eta Euskaltzaindiako kidea ere izan zen. Herriak ikus dezala eskulturan, margoan, euskalgintzan, musikan... erreferenteak izan dituela". Memoriaz hitz egitean "herriaren memoria" hori ere badela esan du Ijurrak.

Abesbatzak
Txikitan Ijurrak gogoan du musika korala entzutea "nahiko ohikoa" zela. "Ni oso rockeroa naiz, baina Etxarri Aranazko Abesbatzaren kontzertuak entzutera joaten ginen". Gaur egun, aldiz, "disoziazioa" dagoela uste du musikariak: "Badirudi reggaetona entzuten duenak ezin duela musika korala entzun". Gazteak ere biharko omenaldian parte hartzera gonbidatu ditu.