Behartutako aldaketak sanantondarren egunean

Guaixe 2024ko urt. 30a, 10:49

Bakaikuko San Anton kofradiako kideak.

Kofradiako kide baten amaren heriotzak planak aldarazi zizkien.

Sanantondar bakaikuarrak ilbeltzaren 20an, larunbat eguerdian, elizan elkartu ziren. Javier Aldabe Arbea apaiza Palentziara joana zen, Mikel Gartziandia Goñi gotzain gisa ordenatu baitzuten. Haren ordez Sakanan bizi den apaiza poloniarrak, Karolek, eman zuen meza. Elizkizunaren ondoren, joan zen urteko akta irakurri eta kofradiari buruzko erabakiak hartu zituzten. Horien artean ardurak eskuz aldatzea: Xabier Goikoetxea-Ziordia Urrestarazu da maiordomo berria Eduardo Urrestarazu Fernandezen ordez. Goikoetxea-Ziordiak utzitako belero ardura Pedro Jose Zelaia Romeralek hartu zuen. 

Kofradiak gaur egun 80 bat kide ditu, joan zen urtean baino bi gutxiago. Izan ere, Florentino Goikoetxea eta Julio Lopez de Zubiria hil egin ziren. Maiordomoak eta beleroak azaldu zutenez, "Lehen tradizioagatik edo lagunen bat kofradiako kide zelako sartzen ginen. Orain kofradiak ez ditu gazteak erakartzen". 


Pedro Jose Zelaia Romeral eta Xabier Goikoetxea-Ziordia Urrestarazu akta liburuarekin.

Kofradiako kide baten amaren heriotzak planak aldarazi zizkien sanantondarrei. Bazkaria 14:00etara aurreratu zuten. Bakarreko etxea elkartearen mahaiaren bueltan 37 kide elkartu ziren. Handik 16:30ean altxatu ziren, hileta elizkizunera joan ahal izateko.