Bakaikuko etxebizitzak despedituta

Guaixe 2024ko ots. 12a, 14:55

Javier Ayala (arkitektoa), Javier Saldias, Aida Molina (enpresa), Begoña Alfaro, Javier Buron (Nasuvinsa), Egoitz Urritza (alkatea), Amaia Urtasun (gobernua) eta Ekhi Etxeberria (zinegotzia).

Nafarroako Gobernuak alokairurako jarri ditu Nasuvinsak Bakaikuko eskola zaharretan birgaitutako hiru pisuak. Laster, Nasuvinsak hiru etxebizitzak Alokairu Poltsaren bidez esleitzeko prozesua hasiko du, Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erroldan inskribatuta dauden eskatzaileen kasuan.

Bakaikuko Udalak eskola zaharretako bigarren solairua Nasuvinsaren esku utzi zuen eta han hiru etxebizitza eraiki ditu Nafarroako Gobernuko Nasuvinsa enpresa publikoak. Hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilaria den Begoña Alfaro Garciak lanak bisitatu ditu. Azaldu duenez, Landa-eremuko Birgaitze Planaren (LBP) barruan egindako lanak direla. 

Etxebizitzak, osorik, Bakaikun egiazko bizileku etengabea duten eta gutxienez bi urteko antzinatasuna duten erroldatuendako gordetu dira, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearekin bat etorriz. Halaber, interesdunek aldez aurretik inskribatuta egon beharko dute Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erroldan, Udalak Nasuvinsari udal eskola zaharren bigarren solairuaren erabilera laga dion hitzarmenean jasotzen denez.

Lagapen-epea 14 urtekoa da, eta luza daiteke sozietate publiko horrek egindako inbertsioa amortizatu ahal izateko; kasu honetan, 288.872 eurokoa da, Nafarroako Gobernuak (%57,7), Nasuvinsak (%29,8) eta Bakaikuko Udalak berak (%12,4) finantzatuta. Erabilera-lagapena amaitutakoan, etxebizitzak Udalari itzuliko zaizkio.

64 eta 61 m2 arteko azalera
Eskola zaharren eraikina San Joan Bataiatzailearen plazan dago, 1 zenbakian, eta birgaitutako hiru etxebizitzek bigarren solairu osoa hartzen dute; lehenengoa, berriz, Bakaikuko Udalak egokitu du haur eta gazte txokoa eta erabilera anitzeko gela hartzeko. 

Aurretik udalak teilatua berritu zuen. Oraingoan Nasuvinsak egindako obrarekin lehen solairuan zeuden etxebizitzak eraberritu dira. Eraikinaren bi eskinetan dauden etxebizitzak 61 m2 azalera dute eta bi horien artean dagoenak, berriz, 64 m2-koa. Etxebizitzek isolamendu termikoa dute barrualdetik. Guztiek hegoaldera begiratzen dute, eta banaketari dagokionez, guztiek dute egongela-sukaldea, banagailu bat, bi logela eta bainugela. Gainera, beheko solairuan trastelekua dute. 

Halaber, aerotermia-sistema indibidual bat instalatu da, ur bero sanitarioarendako eta zoru erradiatzaile bidezko berokuntzarendako, eta kanpoko arotzeria erabat berritu da, zubi termikoaren hausturarekin eta zuraren imitazioaren kolorearekin PVCzko eredu batekin. Sukaldeko instalazioak altzariak, bitrozeramika, harraska, altzairu herdoilgaitzezko txorrota eta keak ateratzeko kanpaia jarrita daude. 

Adierazpenak
Alfarok adierazi du Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen lankidetza funtsezko tresna dela alokairu babestuko erregimeneko etxebizitza eskariari erantzuteko, batez ere gazteak bezalako gizarte sektoreetan. "Administrazio publikoen arteko harreman esparru hori garatu behar dugu, hori baita modurik onena etxebizitza duina eta arrazoizko prezioetan eskuratzeko eskubidean aurrera egiteko, batez ere gizarte-sektore ahulenetan".

Azpimarratu duenez, "Landa Birgaitze Planak udal-higiezinen erabilera berreskuratzen ere laguntzen du, batzuetan kontserbazio-egoera eskasa eskaintzen baitute, eta, horrekin batera, ondare publiko osoaren balioa handitzen". Bestalde, Nasuvinsako zuzendari gerente Javier Buronek berretsi du Nasuvinsak etxebizitza parke publikoa handitzen jarraitzeko eta lankidetza publiko-pribatuko formula berriak bultzatzeko borondatea duela, etxebizitza babestuen eskaintza handitzeko, batez ere landa-eremuan, despopulazioaren fenomenoak eragin handiagoa baitu ", adierazi du.