Eskolak hartu zituen eraikineko goiko solairuan Nasuvinsak hiru etxebizitza egin ditu. Bakaikuko Udalak eta enpresa publikoak hitzarmena sinatu zuten. Horren arabera, hiru etxebizitza horiek Bakaikun egiazko bizileku etengabea duten eta gutxienez bi urtez erroldatuta daudenendako izanen dira. Hitzarmenean jaso zenez, etxebizitzetan interesa dutenek Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erroldan izena emanda izan beharko dute. Han dauden eskatzaileen artean esleituko ditu etxebizitzok Nasuvinsak.
Bi aldeek sinatutakoaren arabera, udalak etxebizitzak Nafarroako Gobernuari 14 urterako utzi dizkio, hura bukatzean udalari bueltatuko zaio erabilera eskubidea. Epea luza daiteke sozietate publikoak egindako inbertsioa amortizatu ahal izateko. Bakaikuko kasuan lanek 288.872 euroko aurrekontua izan dute, hiru erakundek ordaindu dutena: Nafarroako Gobernuak (%57,7), Nasuvinsak (%29,8) eta Bakaikuko Udalak (%12,4). Eraikineko teilatua udalak aurretik berritu zuen. Eta beheko solairua ere udalak berritu du haur eta gazte txokoa eta erabilera anitzeko gela hartzeko.
64 eta 61 m2 arteko azalera
Solairuaren bi muturretan dauden etxebizitzek 61 m2-ko azalera dute eta haien erdian dagoena, berriz, 64 m2. Etxebizitzek isolamendu termikoa dute barrualdetik. Guztiek hegoaldera begiratzen dute, eta banaketari dagokionez, guztiek dute egongela-sukaldea, banagailua, bi logela eta bainugela dituzte. Gainera, beheko solairuan trastelekua dute.
Etxebizitza bakoitzak bere aerotermia-sistema du, ur bero sanitarioarendako eta zoru erradiatzaile bidezko berokuntzarendako. Gainera, leiho guztiak berritu dituzte, zubi termikoaren hausturarekin eta zuraren imitazioaren kolorearekin PVCzko eredu batekin. Sukaldeko instalazioak altzariak, bitrozeramika, harraska, altzairu herdoilgaitzezko txorrota eta keak ateratzeko kanpaia jarrita daude. Nafarroako Gobernuko Nasuvinsa enpresa publikoaren Landa-eremuko Birgaitze Planaren (LBP) barruan egindako lanak dira Bakaikukoak.
Errolda
Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Errolda erregistro bakarra da, Nafarroan etxebizitza babestua eskuratu nahi duten pertsona guztiek bertan izena eman behar dute. Errolda horren bidez esleitzen dira etxebizitza babestuak. Hartan izena eman nahi dutenek bi modu dituzte. Telematikoki, foru administrazioaren etxebizitza webgunean (https://labur.eus/b7ANE) sartu beharko dute. Horretarako, ziurtagiri digitala edo Cl@ve sistema erabili beharko dira.
Aurrez aurre, eskatu aurretiko hitzordua 948 012 012 telefono zenbakian, edota Interneten bidez Nasuvinsaren Iruñeko bulegora joateko. Bete izena emateko zirriborroa (https://labur.eus/dYFAB), eskatuko dizkion datuak xehatzen dituena. Aurkeztu zirriborroa hitzorduaren egunean, izena emateko dagokion tokira joan, eta han emanen dioten agiria sinatu beharko du, betekizunak betetzeari buruzko norberaren erantzukizunpeko aitorpena. Zalantzak, berriz, censo@nasuvinsa.es posta elektronikoko helbidean argituko dituzte.
Izena emateko baldintzak
- Adinez nagusia izatea.
- Bakaikun erroldatuta egotea.
- Egoitza baimena izatea.
- Ezin da etxebizitza edo haren zati baten jabe izan.
- Azken bost urtetan ezin izan dute etxebizitza bat edo haren zati baten jabetza edo erabiltzeko eskubidea besterendu. Salbuespena, besterentzeak 90.000 euro baino diru sarrera txikiagoak ekarri izana.
- Gutxieneko diru-sarrerak.
26 gehiago
Arbizuko eta Altsasuko udalek utzitako lurretan 26 etxebizitza eginen ditu Nasuvinsak, bost Arbizun eta 21 Altsasun. Proiektuak despedituta daude, lanak aurki hasiko dira.