Astekaria

"Urte berezi honetan kirolaren aldeko apustua egin dut"

Maider Betelu Ganboa 2024ko mar. 13a, 14:00

June Kintana, Neguko Jaurtiketa Luzeen Espainiako Txapelketan. MIGUELEZ TEAM

Asteburuan Europako Jaurtiketa Luzeen Kopan parte hartu zuen atleta bakaikuarrak, Portugalen, Erromako Europako Atletismo Txapelketak eta Parisko Olinpiar Jokoak buruan zituela

Otsailaren 24an Neguko Jaurtiketa Luzeen Espainiako Txapelketa jokatu zen Jaenen. June Kintana Larraza atleta bakaikuarrak (Grupompleo Pamplona Atletico) neguko txapelketa horretako bere zazpigarren urrea lortu zuen, kilo bateko diskoarekin 53 metroko jaurtiketa egin eta gero. Martxoaren 9an eta 10ean Leirian (Portugal) jokatutako Europako Jaurtiketa Luzeen Kopan parte hartzeko hautatua izan zen, eta ilusioz gainezka aritu da. Zortzigarren sailkatu zen, denboraldiko jaurtiketarik onena eginda (53,72 m). Aurten Europako Atletismo Txapelketak jokatuko dira ekainean Erroman, eta bertan parte hartu nahiko luke. Parisko Joko Olinpikoetarako sailkatzea “oso zaila” ikusten du, baina ez du itxaropena galtzen.

Neguko Jaurtiketa Luzeen Espainiako Txapelketa oso estua izan zen. Pentsatzekoa da oso pozik egongo zarela txapelketa irabazi eta neguko jaurtiketen Espainiako txapelduna zazpigarren aldiz zarelako.
Bai. Helburua irabaztea zen, eta oso pozik nago lortu nuelako, kontuan hartuta txapelketa nahiko gogorra izan zela. Negu honetan txapelketen martxa hartzea eta jaurtiketen distantzia luzatzea kostatzen ari zait; kontziente nintzen nire beste lehiakideak gertu zeudela eta borrokatu behar nuela. Bosgarren jaurtiketa arte, sailkapenean hirugarrena nindoan. Sentsazio onak nituen, baina urduritasunak alde batetik, eta jaurtitzeko gehiegizko gogoak, bestetik, estutzen eta tentsionatzen nau. Bosgarren jaurtiketan nire buruari esan nion: “June, lasaitu zaitez, bestela horrela ez duzu ezer lortuko”. Azken jaurtiketan 53 metro jaurtitzea lortu nuen, eta horrek eman zidan domina.

20 urtez azpiko Daniela Fernandez gaztea (Valencia Atletismo) gertu izan zenuen. 52,60 metroko jaurtiketa egin zuen hasieratik. Horrek espero baino gehiago estutu zintuen?
Bai. Belaunaldi berriak gogotsu datoz atzetik. Neska honek indartsu hasi du denboraldia. Momentuz 2024an gehien jaurti duen atleta izan da, 53,67 metroko marka pertsonala lortu baitzuen otsaila hasieran. Nik badakit oraintxe bertan ez nagoela nire momenturik onenean, teknikoki gauza batzuk hobetzea falta zaizkidalako. Horregatik, esaten den moduan, otsoari belarriak ikusi nizkion. Baina aldi berean, banekien hobeki egin nezakeela. Aurten Manuel Martinez entrenatzailearekin denboraldia eta entrenamenduak planifikatu ditugun moduan denboraldia nahiko motza denez, banekien neguko txapelketak gogorrak izango zirela niretako, oraindik ez baitut nire sasoi hoberena lortu. Aurten udako hilabeteetan hobeki egotea da planifikazioarekin bilatu duguna. 

"Egindako entrenamendu espezifikoari esker, indar gehiago dut orain, eta indar hori jaurtiketaren teknikara egokitzen ari naiz"

Bitxia da entzutea, horrenbeste urteren ondoren, teknika falta zaizula. Pentsatzekoa da entrenamendu planifikazioaz ari zarela. 
Saiatuko naiz azaltzen. Prestakuntzaren aldetik aurten negu gogorra egin dut, entrenamendu indartsu eta potente bat. Entrenamendu ordu asko izan dira, ariketa fisiko asko, eta gorputzak indar bat lortu du. Normalean baino gehiago landu ditugu gauza batzuk. Orain lortu nahi dudana da, pazientziarekin, gorputza funtzionalitate berri horrekin lan egiten ohitzea, teorian hobea dena. Laburbilduz, gorputza ohitzea, transformatzea eta hori guztia disko jaurtiketaren teknikara eramatea. Horrek teknikoki denbora behar du. Indar gehiago duen gorputza disko jaurtiketaren mugimendura egokitu beharra dago, eta mugimenduaren puntu guztiak aprobetxatu behar ditu, nahi dugun helburua lortzeko: diskoa urrutiago jaurtitzea. Pieza horiek bat egitea eta ongi enkajatzea da orain kostatzen ari zaidana. Ez da erraza azaltzea. 

Fisikoki ere indartsuago ikusten zaizu.
Bai, egindako entrenamendua bisualki ere ikusten da. Normalean baino pisu gehiago hartu dut, baina pisu funtzionala da, hau da, indar gehiago lortu dut. Orain falta zaidana da hori teknikara bideratzea, eta indar horrekin diskoa urrutirago jaurtitzen saiatzea. 

Lortutako indarra ongi bideratzea, nolabait esateko.
Hori da. Ikasi behar dut indar hori aplikatzen, baina anplitudearekin. Ez du indar basatia izan behar. Disko jaurtiketaren mugimendua aprobetxatzea, eta indar hori ematen ditudan biretan edo giroetan aplikatzea, diskoa urrutiago jaurtitzeko. 

Zure marka pertsonala 58,08 metrokoa da, joan zen urtean Bartzelonan lortutakoa. 60 metrotik gertu egon nahiko zenuke, ekainean Erroman jokatuko diren Europako Atletismo Txapelketetarako sailkatzeko. Aurretik, martxoaren 9an eta 10ean Europako Jaurtiketa Luzeen Kopa jokatu duzu Portugalen. Dagoeneko aurki hasiko litzateke zure progresio hori nabaritzen?
Hori ezin dut jakin. Azkenean gauza bat da zuk denboraldi hasieran antolatzen duzuna eta dituzun helburuak, baina badaude ere eragiten duten beste faktore batzuk: momentuan zure egunerokotasunean dituzun arazoak, edo psikologikoki ere prestatzen joatea. Idealena izanen litzateke aste honetatik aurrera hobetzen joatea, baina hori ezin dut ziurtatu, gauza bat delako zuk nahi duzuna, eta bestea gorputzak egiten duena. Teorikoki hemendik aurrera geroz eta hobeago sentitzen hasi beharko nintzateke; ea emaitzetan eta txapelketetan hori ikus daitekeen. Portugalgo Europako Jaurtiketa Luzeen Kopa denboraldi honetako beste helburuetako bat da; ea hemendik aurrera hobekuntza nabaritzen den (zortzigarren sailkatu da, 53,72 m-ko jaurtiketarekin, denboraldi honetako onena. Helena Leveelahti finlandiarra izan zen lehena (55,34 m).

Neguko Jaurtiketa Luzeen Espainiako Txapelketa irabazteak indarra emango zizun, baikortasuna.
Bai. Joan zen urtean, sei urtez jarraian neguko urrezko domina lortu eta gero, bigarren izan nintzen, zilarrezkoa. Aurten berriro ere urrezkoa lortu nahi nuela, pentsamendu horrekin joan nintzen Jaenera. 

"Europako Atletismo Txapelketa dut buruan. Olinpiadak oso zail daude, baina itxaropena ez da galdu behar"

Joan zen urtekoa, zure lehendabiziko blokeoa izan zen lehiaketa batean. Guztiz kateatuta geratu zinen Neguko Jaurtiketa Luzeen Espainiako Txapelketan. 
Bai, oso gogorra izan zen. Sentsazio oso onak nituen, banekien oso ongi egin nezakeela, baina alde psikologikoak gehiegi eragin zidan. Buruan sartuta nuen txapelketa hori izango zela, nolabait, nire azken aukera beste helburu batzuei begira, eta presio horrek blokeatu zidan. Hori argi ikusi zen emaitzetan, ez nuen nahi nuena lortu. Baina, aurten, beste egoera batean egonda, gauzak erlatibizatzen, eta psikologoarekin landu ditudan aspektu batzuei esker, nire pentsamendua zen bai, irabazi nahi nuela, baina garrantzitsuagoa zela txapelketaz disfrutatzea eta norbera bere lanarekin, prozesuarekin edo bere emaitzekin pozik egotea. Ahalik eta hobekien egin behar nuela, eta saiatuko nintzela, eta ongi ateratzen bazen, primeran. Lehena izan naiz, eta oso pozik, baina bigarrena edo azkena geratuko banintz ere, egindako lanarekin pozik banengoen, ba horrekin aurrera. Azkenean, horretan datza. Presioarekin ez da ezer lortzen; blokeatzen zara, eta emaitzak ez dira ateratzen. 

Albaitaritza ikasketak bukatu dituzu, baina Leongo goi errendimenduko teknifikazio zentroan jarraitzen duzu, Manuel Martinez entrenatzailearekin entrenatzen. Buru belarri al zaude kirolean zentratuta?
Aurten kirolaren aldeko apustua egin dut. Urte berezia da hau, Europako Atletismo Txapelketako eta Olinpiar Jokoen urtea delako. Honetan nire %100 ematen saiatu nahi dut, ea emaitzak ateratzen diren. Kirolaren aldeko apustua egin dut, eta urte honetaz disfrutatu nahi dut. Datorren denboraldian albaitari gisa lan egiteko lana bilatzen hasiko naiz, baina orain kirolean zentratuta nago. 

Olinpiar Jokoak aipatu dituzu. Sailkatzea zaila da, baina ez da itxaropena galdu behar.
Itxaropena ez da inoiz galtzen, baina beti esaten dut oso-oso zaila izango litzatekeela klasifikatzea. Maila handia dago, eta klasifikatu ahal izateko nire marka pertsonala hobetu beharko nuke eta hainbat faktore elkartu beharko lirateke. Ez dut alboratzen, baina kontziente naiz ez dela batere erraza. 

Parisko txartela lortzeko zein da eskatzen den gutxieneko jaurtiketa?
Emakumezkoen disko jaurtiketan 61,50 m gutxi gorabehera eskatzen dute. Halako jaurtiketaren bat egingo banu, zuzenean lortuko nuke txartela. Baina kontuan izan behar da, 61,50 m., ia 62 m, Espainiako errekorra litzatekeela. Beraz, Espainiako errekorra gainditu beharko nuke, eta hori ez da erraza. Zintzoki, ez dut ere gehiegi pentsatu nahi. Ni, pausoz-pauso. 

Bestela, Europako Txapelketan eta bestelakoetan puntuak lortzen, rankingean gora egiten lor daiteke Olinpiar Jokoetarako sarbidea.
Hainbat txapelketetan marka onak lortu beharko nituzke, eta horiekin puntuak lortu, rankingean gora egin eta klasifikatzeko. Horregatik niretako garrantzitsuagoak dira udako txapelketak, hor dut burua zentratuagoa. Neguko denboraldian asko kostatzen zait martxa hartzea. Neguak gogorrak egiten zaizkit. Hau nire ibilbide guztian barna gertatu zait. Entrenamendu asko dago atzetik, eta transformazio horrek denbora behar du. Askoz hobe aritzen naiz udan. 

Neguko Jaurtiketa Luzeen Espainiako Txapelketa irabazteak psikologikoki bultzada handia eman dizu datorren guztirako.
Izugarria. Orain Leonen nago entrenamenduekin jarraituz, burua asteburuan Portugalen jokatuko dugun Europako Jaurtiketa Luzeen Kopan dudala. Ea lan ona egiten dugun.