Txikitan nola ospatzen zuten gogoratu dute.
1. Herriko gauzak ezagutzea gustatzen zaizue, ezta?
Bai. Hemen jaio eta bizi gara, eta herriko gauzak gustatzen zaizkigu. Bizi izan duguna. Hemen gertatutako gauzen inguruan irakurtzea gustatzen zaigu. Aldaketa izugarria bizi izan dugu. Horregatik ere duela urte batzuk liburu bat idatzi zuten ohiturak nolabait kontserbatzeko.
2. Noiz da San Benito?
Martxoaren 21ean.
3. Udaberriaren etorrera ospatzen da San Beniton?
Mezaren ondoren soroak bedeinkatzen dira, bai.
4. Nola ospatzen zen lehen?
Haurrak arratsaldean, eskolaren ondoren, etxetik buztin lapikoak hartzen genituen. Garai horretan buztin lapikoak zeuden bakarrik, eta zertxobait pitzatu egiten zirenean, alanbrearekin lotzen ziren. Baina dagoeneko oso erreta edo apurtuta zeudenean, ezin zirenean gehiago erabili, San Benito egunerako gordetzen ziren.
5. Eta zer egiten zenuten lapikoekin?
Arratsaldean hartzen genituen eta ermitaren hormara botatzen genituen. Arratsalde pasa joaten ginen ermitara. Bertan San Benito errekatxoa pasatzen zen, eta burukotxaleak bilatzera joaten ginen. Orain ez ditugu aurkitzen. Hosto berde batzuk ziren, eta oso gustura jaten genituen. Garai horretan ez genuen goxokirik, eta goxokiak bezala ziren guretako.
6. Ohitura galdu zen?
Bai, orain ez doa inor.
7. Noiz galdu zen?
Gure belaunaldia azkena izan zela esan daiteke. Gu heldutzen joan ginen heinean galduz joan zen. Gu izan ginen azkenetarikoak. San Benito saindu pobrea zela esaten zuten, ez zuelako ardorik ere ematen. Orduan, udala ardoa eta gazta eramaten hasi zen eta auzatea egiten hasi zen. Orain bai, baina egon zen garai bat ezer ez zela eramaten.
8. Orain nola ospatzen duzue San Benito?
Ermita apaintzeko loreak eramaten ditu Reginak, meza egiten da eta gero soroak bedeinkatzen dira. Ondoren, auzatea egiten da.
9. Nolakoa da ermita? Non dago?
Ermita Bakaikutik bi kilometro ingurura dago, Iturmendiko mugatik gertu. Oinplano laukizuzenekoa da, eta leiho txiki bat du. Barruan San Benitoren irudia dago, XVII. mendekoa. Duela zenbait urte eraberritzeko lanak egin behar ziren, momentuan zegoen apaizak eskatuta. Ermitaren barrualdean aingerutxo batzuen aurpegiak eta beste margo batzuk zeuden, eta esan zuten balore handikoak izan zitezkeela. Batzuk baietz beste batzuk ezetz, apaizak obrak gelditzea eskatu zuen, eta Principe de Vianakoak etorri ziren eta esan zuten balorerik ez zutela. Baina gauza bat eta beste, azkenean ez eraberritzerik ez pinturarik, desagertu direlako; eta ermita pixkanaka erortzen ari da.
10. Zuek ermitaren zaindariak zarete?
Regina ibiltzen da gehienbat. Aitaren lana jarraitu zuen. Bestela, ez du inork jarraitzen.
11. Zergatik ospatzen da Bakaikun San Benito?
Hor Iturrun zegoen, desagertutako herrixka bat. Bidea egiteko obretan hezurrak agertu ziren. Herrixka desagertzean, San Benitora joateko ohitura mantendu zen.