Bakaikuko Udalak Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide izatea erabaki zuen apirilaren 30ean. Bakaikuk 343 biztanle ditu eta euskaldunen indizea %71,25 da. Egoitz Urritza Lazkoz alkateak azaldu duenez, "soziolinguistika datuen arabera aurten, estreinakoz, Bakaiku udalerri euskaldun bihurtu da. Baina ezagutzaz harago, erabileran eragin behar dela iruditzen zaigu. Horregatik, UEMAren esperientzia eta udalerri euskaldunetarako duen hizkuntza politika Bakaikurako ere bidelagun izan daitekeela sinesten dugu". Mankomunitateak "udala euskalduntzeko laguntzaz aparte, herritarren kontzientziazioan, hezkuntza proiektuan eta beste hainbat konturekin laguntza ere ederki etorriko zaigu".
Alkateak nabarmendu duenez, "udalerri euskalduna garen arren, datu soziolinguistikoei begira ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea nabarmena da. Euskara ez da lehen hizkuntza herritar askorendako, eta horrek herriko kaleko erabileran eragina du, udalerri euskaldun askotan bezala". Horregatik, udalak "herriko erabileran eta ezagutzan bultzadak ematen jarraitzeko asmoz lanean" segi nahi du. Urritzak gaineratu duenez, "Bakaikun euskararen erabilerari bultzada emateko asmoz erabaki dugu UEMAn sartzea eta, horretarako, laguntza ederra izango da haren esperientzia. Gora egiteko baliabideak beharrezkoak ditugu, edozein aldaketen aurrean zaurgarriak garelako oraindi". Horregatik, Bakaikurako "beharrezkoa da hizkuntza politika sendo bat egitea, udalerri euskalduna izaten segi nahi badugu".
UEMAk maiatzaren 18an Lesakan eginen duen Batzar Nagusian onartuko du Bakaikuko Udalaren eskaera. Baita Lakuntzako Udalaren eskaera ere. UEMAko kide diren udalerri guztietan, biztanleen %70etik gora euskalduna da. Bakaikurekin aipatu mankomunitatea 110 udal izatera iritsiko da, 345.500 herritar dituen euskararen arnasgunea. Haietatik bost dira sakandarrak: Arruazu, Arbizu eta Etxarri Aranatz, eta sartzear diren Lakuntza eta Bakaiku. Sakanako populazioaren %26,31 hartzen dute bost udalerriek.