Pilota

Amaia Aldai atzelari Bakaikun

Guaixe 2024ko mai. 21a, 13:00

Bakaikuko jaialdian parte hartu zuten pilotariak, Zabaleta Galeano eta Etxegarai Aldai. EMAKUME MASTER CUP

IV. Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketak partida ederra ekarri zuen Bakaikura. Amaia Aldai txapeldun handiak atzelari gisa jokatu zuen 

Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketak asteburu bizia izan zuen, Bakaikura, Antsoainera eta Larraintzarrera heldu baitzen. Maiatzaren 17an Bakaikuko Iturrarte pilotalekuak elite mailako pilota mistoko partida hartu zuen. Zabaletak eta Galeanok Etxegarai eta Aldai izan zituzten aurkari. 

Nabarmentzekoa da Amaia Aldai txapeldun handia atzelari gisa jokatzen ari den lehen txapelketa dela Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketa. Dimakoa aurrelari oso erasokorra da, baina atzelari gisa probatzea erabaki du txapelketa honetan eta koadro luzeei neurria bikain hartzen ari zaie, lehen mailako espezialisten aurka jokatu behar izan duen arren. 

Bakaikuko partida bizi eta lehiatuan parez pare ibili ziren bi bikoteak, baina, azkenean, Zabaletak eta Galeanok 22-15 hartu zituzten mendean Etxegarai eta Aldai. Giro polita egon zen Iturrarten, eta pilotazaleek ikuskizun ederraz gozatu zuten.