Bakaikuko Udalak aurten 488.054,03 euroko sarrerak izatea aurreikusi du aurrekontuan. Joan zen urtean baino 23.308,84 euro gutxiago dira. Gastuei dagokienez, berriz, 471.073,67 euro dira, 2023an baino 40.156,15 euro gutxiago. Udal aurrekontuan inbertsioak egiteko 145.499,82 euro daude. Diru sail handiena argiteria publikoan LED argiak jartzeko da. Lanak hasi dira. Batetik, farola buruak aldatu eta txikiago batzuk jartzen ari dira. Bestetik, argindar koadro berria jarriko da. “Horrek aukera emanen du argiaren intentsitatea programatzeko eta ordu jakinetan zenbatekoa izan behar duen zehazteko”, azaldu du Egoitz Urritza Lazkoz alkateak. Lanek 98.688 euroko aurrekontua dute, eta hori finantzatzeko Europatik 116.810 euroko dirulaguntza jaso dute, proiektua barne hartzen duena. Udalaren aurreikuspena da argindar kontsumoa erdira-edo murriztea. Udalak aurretik LED argiak frontoian jarrita zituen.
Eskolak hartu zituen eraikineko teiladuran eguzki plakak jarriko ditu udalak. 11.500 euroko aurrekontua du lanak eta Nafarroako Gobernuaren 6.500 euroko dirulaguntza jaso du udalak. Han sortzen den elektrizitatea eraikin berean egonen diren erabilera anitzeko gela eta ludoteka-gazte txokorako izanen da. Eta soberan geratzen dena udaletxean kontsumitzeko bideratuko da. Urritzak jakinarazi duenez, “frontoiko teilatuan ere eguzki plakak jarri nahi ditugu. Handik sortutako elektrizitatea pilotalekurako eta argiteria publikorako litzateke. Dirulaguntzarik badago, aurrerago eginen dugu”.
Eraikin berean, beheko solairuan, erabilera anitzeko gela altzariekin jantzi eta soinu ekipoa eta proiektorea jartzeko 24.500 euro ditu udalak. Aldamenean egonen den ludoteka-gazte txokoan ere altzariak jarriko ditu udalak. Diru hori Nafarroako Gobernuaren aurrekontutik zuzenean jasoko du udalak, EH Bilduk aurkeztu zuen emendakin bati esker. Guztia jarri ondoren erabilgarri egonen dira bi espazio horiek. Bitartean, joan zen urtean bezala, erabilera anitzeko gela hautesleku bihurtuko da garagarrilaren 9an, Europako hauteskundeak direla eta.
Autobusak eta basoa
Nafarroako Gobernuak ibarrerako autobus zerbitzu berria martxan jarri zuen. Herri guztietako markesinen ondoan autobusen ordutegiaren berri ematen zuten zutabeak jarri zituzten. Bakaikun ez. Legearen arabera, espaloian, porlan gainean jarri behar da. Beraz, markesina inguruan espaloia eginen du udalak. Iturmendiko noranzkoan joaten diren autobusak elkartearen parean gelditzen dira. “Autobusak errepidean gelditzen dira. Baina legearen arabera parean espaloia egon behar da. Beraz, iturriaren parean, elkartearen kontra espaloia zabaldu eta handitu eginen dugu. Nafarroako Gobernuko Errepide Zuzendaritzari proposamenak aurkeztu dizkiogu eta ez dakigu lanok aurten eginen ditugun. Ez dute erantzun”, gaztigatu du alkateak. Lan horietara 20.000 euro inguru bideratuko ditu udalak.
Herri basoetan, bai bargan, bai beheko basoan, bideak edo haien zatiak konpondu, ezpondak garbitu eta bidea jaten ari den landaretza kentzeko lanak eginen ditu udalak. 48.000 euro inguruko aurrekontua dute, eta 36.000 euroko dirulaguntza du udalak haiek finantzatzeko. Bestalde, Adrabiako bidea konpontzea aztertzen ari da udala.