Asier Lopez de Zubiria

"Munduari bueltak ematen badaramatzat urte batzuk"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko abu. 2a, 09:00

Chicago eta Bakaiku artean ibiltzen da, familia eta lagunak gogoan dituela

Amerikako Estatu Batuetako (AEB) Chicago hiriburuan bizi da Asier Lopez de Zubiria Basurto bakaikuarra. Hiriaren kokapenaz galdetuta, azaldu digunez, "gutxi gorabehera AEBko erdialdean dago, iparraldera jotzen, lakuetan". Bakaikuarrak azaldu duenez, "lanak eraman ninduen Chicagora bizitzera. Lana zela eta, duela urte batzuk atera nintzen Bakaikutik. Filadelfian urte batzuk bizitzen egon nintzen, ondoren Mexikon. Eta, dagoeneko, Chicagon hiru urte egin ditut". Batetik bestera "munduari bueltak ematen badaramatzat urte batzuk", laburtu du bakaikuarrak. 

Lopez de Zubiriak azaldu duenez, urtean bitan bueltatzen da sorterrira: "eguberrietan eta udan. Saiatzen naiz Bakaikuko festetarako etortzen. Saiatzen naiz etortzen, gutxi gorabehera, bi aste udan eta hiru eguberritan". Lanagatik ezin egonaldiak gehiago luzatu. "AEBn ez dago opor handirik. Etortzen naizenean ere telelan pixka bat egiten dut". Horrek Bakaikura etortzeko erraztasuna ematen dio. "Baina alde txarra da hango ordutegian lan egin behar dudala hemen. Beraz, Bakaikuko 15:00etan hasten naiz lanean eta gauerdira arte egoten naiz. Baina, gutxienez, Bakaikun nago, familiarekin eta lagunekin". 

Bakaikun

Herrira bueltatzen denean bakarrik etortzen da bakaikuarra. Herrira iristean duen lehen egitekoa da "familiarekin bazkaltzea da. Amak prestatzen duen bazkaria ez da hangoa bezalakoa. Chicagon nik prestatzen dut bazkaria. Moldatzen naiz, baina ez naiz ama bezain sukaldari ona". Ondoren, Lopez de Zubiria Bakarrekoetxea elkartera joaten da "lagunekin garagardo batzuk hartzeko. Han elkartearen falta sumatzen dut. Hemen ez dut esango egunero elkartzen garenik, baina ostegunetan eta ostiraletan, 19:00etan, garagardo bat hartu eta gustura egoten gara". 

"Saiatzen naiz mendira joaten. Naturaz gozatu, eta dena berde ikusten"

Bakaiku eta Chicago gauza askotan desberdinak direla nabarmendu du Lopez de Zubiriak: "Chicago oso handia da eta jende pila bizi da. Ni bizi naizen eraikinean kasik Sakana guztiko biztanleria sartzen da. Bakaiku herri txikia da, baina oso gustura egoten naiz ere". Etortzen den bakoitzean mendira joatea gustatzen zaio bakaikuarrari. "Han, Chicagon, ez daukagu mendirik. Hiri oso handia da, parkeak, zuhaitzak-eta badaude, baina ez dago aldaparik, ez ezer. Horregatik, saiatzen naiz mendira joaten". Aldapez aparte, mendiak Lopez de Zubiriari ematen dio "natura, dena berde ikustea". Mendiak ematen dion azken saria ere aipatu du: "gora iristen zarenean hango Sakanako ikuspegia. Oso polita da". 

Lantokia duen hirira bueltatu aurretik "saiatzen naiz familia eta lagun guztiak bisitatzen". Bizpahiru asteko egonaldiaren ondoren, Lopez de Zubiriak Chicagora "gazta asko eramaten" saiatzen da. Aitortu duenez, "gazta asko gustatzen zait eta joaten naizen bakoitzean saiatzen naiz maletan kilo pare bat eramaten". Bakaikutik urtero faltarik gabe eramaten duen bestea herriko egutegia da. "Etxean jartzen dut, herria etxean izateko". Bueltan joan aurretik Bakaikurako hurrengo bisita prest du: "hegaldiak aurretik erosi behar ditut, zeren, bestela, handik hona etortzeko diru asko behar da. Horregatik, saiatzen naiz hegaldiak sei hilabete lehenago hartzen". Hurrengoa Bakaikun abendu bukaeran izanen da. Beraz, Olentzero Lopez de Zubiriarekin ere gogoratu beharko da. "Ongi portatzen naiz. Espero dut opari ona izatea".