Ardurak berritu ditu San Anton kofradiak

Guaixe 2025ko urt. 27a, 11:20

Bere eguna larunbatean ospatu zuen.

Bakaikuko San Anton kofradiak 79 kide ditu, baina haietako asko ez ziren kofradiaren ilbeltzaren 18ko ospakizuneko aurreneko ekitaldira joan: hildako kofradeen aldeko mezara. Atzeneko urtean hiru sanantondar hil ziren: Jacinto Anso, Jose Antonio Zubieta eta Alfonso Carlos Ondarra. Kofradian altarik ez zen izan. Sanantondarrek azaldu zutenez, “jende gaztea ez da hurbiltzen. Jendeak kofradia erlijioarekin lotzen du, baina asko tradizioagatik daude izena emanda. Hamar urtetan desagertu eginen da”. 

Elizkizunaren ondoren, San Anton kofradiak batzarra egin zuen Bakarreko Etxea elkartean. Joan zen urteko akta irakurri onartu zen, kontuen berri eman eta ardurak berritu ziren. Kofradiako maiordomoa Pedro Jose Zelaia Romeral, Pexe, da. Eta belero ardura du Alfredo Zelaia Goikoetxeak. Batzarra despedituta, mahaiak prestatu eta bazkaltzera 38 sanantondar elkartu ziren. Bazkalostea luzatu egin zitzaien.