Bakaikuko Udalak autokontsumorako bi instalazio fotovoltaiko jarri ditu bere jabetzako bi eraikinetan. Iturrarte frontoian 102 eguzki plaka jarri berri ditu, eta duela bi aste sarera lotu zituzten. Egoitz Urriza Lazkoz alkateak azaldu duenez, "han sortzen den elektrizitatea pilotalekua bera argiztatzera eta herriko argiteria publikora bideratzen da". Alkateak jakinarazi duenez, "frontoiko teilatuko instalazioak 50 kW-eko potentzia du". Proiektuak eta lanak 47.353,48 euroko (BEZ barne) aurrekontua izan du, eta inbertsioari aurre egiteko udalak gobernuaren dirulaguntza jaso du, 24.160,54 euro zehazki. Eseki enpresak egin du lana.
Horren aurretik, udazkenean, eskolak hartu zituen eraikinean eguzki plakak jarri zituen udalak, hemezortzi guztira. "Han sortutako argindarra eraikin bereko erabilera anitzeko gelan eta haur txokoan, udaletxean, mediku kontsultategian, jubilatu elkartean eta gainontzeko udal zerbitzuetan erabiltzen dira", azaldu du alkateak. Eraikin horretako instalazioak 10 kW sortzen ditu. Proiektuak eta instalazioak 13.846,81 euroko (BEZ barne) aurrekontua izan zuen. Horri aurre egiteko Bakaikuko Udalak 7.257,93 euroko dirulaguntza izan zuen.
Eraikinaz
Hainbat dirulaguntza jasota, Bakaikuko Udalak eskolak hartu zituen eraikina goitik behera berritu zuen. Beheko solairuan erabilera anitzeko gela eta haur eta gazteendako espazioak daude. Horiek janzteko dirulaguntza jaso zuen udalak eta esleipena egina du eta materiala bidean da. Alde batetik, altzariak (aulkiak, mahaiak eta armairuak) erosiko ditu eta, bestetik, gailu elektronikoak (bafleak, proiektorea...). Bitartean erabilera anitzeko gela spinning eta gimnasia egiteko erabiltzen dute. Hala ere, ikastaro batzuk udaletxeko goiko gelan ematen segitzen dute, esaterako, yoga, trikitixa eta ingelesa.
Eraikinaren goiko solairuan alokairurako hiru etxebizitza egin ziren. Nasuvinsako alokairurako poltsaren bidez kudeatzen dira etxebizitza horiek eta, gaur egun, hiru etxeetatik bi beteta daude.