Astekaria

"Maizan etxeko lan tresnak dira guztiak"

Maider Betelu Ganboa 2025ko ots. 4a, 13:30

Jesus Mari Zeberio Lopez de Zubiria, Maizan etxean.

Bakaikuko dendari pegatuta dagoen Maizan etxean, etxeko lanabes zaharrak balkoi azpian zintzilikatu ditu Jesus Mari Zeberio Lopez de Zubiriak, txoko berezia sortuz.

Etxe barruan kutxak eta bestelakoak ditu, Mari Carmen Arraras emazteak zaharberritutakoak

1. Maizan etxeko semea zara.
Martina Maiza nire birramona zen, eta hortik dator etxearen izena. Katxo etxea ere deitzen diote, aitonari Katxo deitzen ziotelako. Nire aita etxarriarra zen, eta nire ama bakaikuarra, etxe honetakoa. Berandu ezkondu ziren. Ni seme bakarra naiz, eta 47 urterekin erditu ninduen amak. Beti esaten dut kasualitatez jaio nintzela, justu-justu.

2. Etxe polita duzue, eraberritua.
Gurea etxe oso zaharra zen. Nik etxea berritu nahi nuen, baina amak ezetz, eta Iruñean pisua erosi genuen. Iruñean bizi ginen, baina Bakaikuko denda gainean pisua genuenez, bertara etortzen ginen. Etxe zaharra berritzeko ilusioa nuen beti. Jubilatzerakoan konponduko nuela esaten nuen, baina emazteak animatuta duela 21 urte berritu genuen, eta pisua saldu.

3. Etxe zaharretik ahal zenuten guztia aprobetxatu al zenuten?
Bai. Gure etxe ondoko etxea erosi genuen, eta gure etxe zaharretik gorde izan genuen guztia bertara eraman genuen obra egin bitartean. Maizan etxea hormigoizkoa eta harrizkoa da, baina etxe zaharreko zurak eta bestelakoak ditu. Obra egin baino lehen gauza asko ere bota genituen: aitonarenak izan ziren zurezko muleta batzuk, lihoa landu eta egiteko makina bat, zumezko saskitxo bat, etxekoren bat hiltzen zenean elizara eramaten zena, bertan bi puntako argizari biribilkia jartzeko, Ameriketara joan etorria egin zuen maleta... Orain pena ematen dit.

4. Gordetutako gauza zaharren artean batzuk etxeko paretan jarri dituzu, balkoi azpian.
Gauza zahar asko genituen. Pentsatu nuen: zer egingo dut hauekin guztiekin? Oiartzunen bizi den semeak esaten zidan etxe barruan katxarro gehiago ez jartzeko, eta non jarriko nituen bestela? Ba kanpoko paretan.

5. Izan ere, Bakaikuarrak katxarreroak zarete.
Bai, halakoak gara (kar-kar). Gehienak nekazari lan tresnak dira, burnizkoak. Lixatu nituen, erretako olioa eman nien, olio beltza, zurezko elementuei berniza, eta gero Bakaikun bizi den semeak jarri zituen paretan. Txoko polita gelditu da.

6. Denak Maizan etxekoak dira?
Bai, guztiak. Batzuk erabili izan ditut, baina gehienak ez.

7. Zeintzuk dira zintzilikatu dituzuenak?
Laiak, igitaiak, guraizeak, trontza, aitonaren zurgintzarako eskuila handia, zuloak egiteko hiru tarratilu, zulo finagoak egiteko birbikila, beheko suan sukaldatzeko tresnak: elatzua edo pertzak zintzilikatzeko katea, eta trebera, su gainean jartzen zena, bertan eltzeak edo bestelakoak jartzeko. Bestalde, zepo bat, romana edo pisatzeko tresna, gure etxe zaharrak zuen aldaba, zuhaitzak botatzeko erabiltzen zen txinga, zurean sartzen zena eta bertatik tira egiten zena, animalien karrora kargatzeko, aizkoraren kirtenak egiteko marraskoa, uztarria...

8. Aker baten burezurra ederra baita ere.
Bai, badut behi baten burezurra ere, elegantea, menditik jaitsitakoa, baina kendu behar izan dut etxekoek esaten didatelako gehiegizkoa dela. Oilategi baten atean jarri dut.

9. Zer esaten dizuete bizilagunek? Gustatu al zaie?
Batzuek diote ongi geratu dela, besteren batek dio teilatu-hegala jarri behar niola lan tresnak babesteko... denetatik. 

10. Ezkaatzan ere oroigarri zahar asko dituzue jarrita.
Nire aitaren bizikleta zaharra, Katxarro egunera eraman izan dudana, ondoko etxeko beheko suko elatzuak, gure etxean esnea berotzeko erabiltzen genuen pertzari lotuta, liburu zaharrak, Katxo aitonaren betaurrekoak, karraka, plantxa, ohea berotzeko tresna, elizako belaunalkia, Juana Galarza nire amandrearen (amona) inizialekin... Ezkaatzeko kutxa emazteak zaharberritu zuen; leuna zirudien, baina lixatzen hasi, eta argizarien kapen azpian tailatutako irudiak agertu zitzaizkion. Nire amandreak 8 pezeta ordaindu zituen kutxarengatik, Bakaikun. Ganboikoan dugun beste kutxa bat nire birramonak ekarri zuen Ataundik. Zurezkoa da, guztiz, iltzerik erabili gabe, eta leuna, tailarik gabe. Behin Donostiako San Telmo museoan kutxa horren berdina ikusi genuen; toki berberean egingo ziren, ziur.

11. Honek ez al dizue antigoaleko edo antzinako gauza gehiago erosteko zaletasunik piztu?
Ez ba! Traste gehiago ez ditugu behar. Bakarrik etxekoak.