Santioaldeko urbanizazio proiektua onartuta

Guaixe 2025eko otsailaren 12a

Ezkerrean urbanizazio proiektua hartuko duen eremua.

Bi fase izanen ditu. Aurrena, handiena, eraikuntza enpresa batek eginen luke. Atzena, txikiena, udalaren esku geldituko litzateke. Kale berriak Elizazpi eta Bideberrialde kaleak batuko ditu etorkizunean

Santiago ermitaren eta frontoiaren artean dagoen lursaila urbanizatzeko proiektua behin betiko onartu du Bakaikuko Udalak. Egitasmoa Construcciones Bakaikoa SMk sustatu du. Garatuko litzatekeen urbanizazioak 5.500 metro karratu inguru lituzke. Lehen fasean 1.613 m2-ko azalera duen kale bat eraikiko litzateke. Kale hori Elizazpi kaletik Santiago ermitara joateko bidea moldatuta eginen da. Ermita pasata, Iturralde frontoirantz joko du, Bideberrialde kalearekin lotzeko. Urbanizazio proiektuaren arabera, kale berri horren bi aldeetara seina etxebizitza eginen dira.  

Bakaikuko alkate Egoitz Urritza Lazkozek azaldu duenez, "ermita ondotik pasatzen den erreka gaineko zubia dezente zabaldu beharko litzateke". Urritzak gaineratu duenez, "autobia ondoan dauden larre batzuetara joateko bidea ermitatik abiatzen da. Gutxi erabiltzen da, baina urbanizazioak bidea ez mozteko eta sartzeko erraztasuna izateko, udalak enpresarekin hitzarmen bat sinatu du". Horren arabera, ermitara paralelo eginen den errepidea pixka bat luzatuko du udalak, bideari segida emateko. Urbanizazio lan hori bigarren fasea litzateke eta 250 metro karratu hartuko lituzke. Urritzak argitu duenez, "enpresak proiektua etorkizunean garatzeko egin du. Eraikitzen hasteko azkenaurreko pausoa da urbanizazio proiektua onartzea. Horretarako obra lizentzia eskatu beharko luke".

Etxebizitza eta egitasmoak 
Bakaikuko Estrategia Plana egiterakoan etxebizitza izan zen bakaikuarrek azaleratutako gaietako bat. Planak bost urte bete zituelako parte hartze prozesua egin zuen udalak joan zen urtean. Eta horretan, atzera ere, etxebizitzarekiko kezka agertu zuten herritarrek. Despopulazioarekin batera nabarmendu ziren gaiak dira, alkateak azaldu duenez. Etxebizitzarekin zer egin aztertzen ari dira udalean gaur egun. Bestalde, Bakaikuko, Iturmendiko eta Urdiaingo udalek Iturmendiko mediku kontsultategi gainean etxebizitza bat dute. Harekin zer egin erabakitzeko dute jabeak diren hiru udalak, baina oraindik etxebizitzarekin zer egin ez dute zehaztu.

Nafarroako Gobernuak Toki Azpiegitura Planeko deialdia eginen du aurten eta Bakaikuko Udalean zer inbertsio aurkeztu aztertzen ari dira gaur egun. Aurreko deialdian udaletxeko teilatuaren erreforma egin eta eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko proposamena egin eta erreserban gelditu zen udalaren eskaera. Urritzak azaldu duenez, lan horrekin batera autobusa gelditzen den markesinaren inguruan espaloia egiteko lanak aurkeztuko luke udalak. Parte hartze prozesuan elizaren atzeko aldean estalpe bat eraikitzeko ideia sortu zen, eta hori ere gobernuaren deialdira aurkeztuko luke udalak.