Bakaikuko Udalak jakinarazi duenez, etxerako egur lotea nahi duenak martxoaren 17ra arteko epea du bere nahia jakinarazteko. Horretarako, hiru modu dituzte bakaikuarrek: udaletxeko postontzian beraien eskaera utzita, udala@bakaiku.eus posta elektronikoko helbidera mezua idatziz edo 948 562 509 telefono zenbakira hots eginez. Udalak gogorarazi du familia unitate bakoitzeko lote bakarra banatuko dela. Lote bakoitza, gutxi gorabehera, sei tonakoa izanen da.
Joan zen urtean bezala, bakaikuarrek lotea etxera eramateko bi aukera izanen dituzte. Eta eskaera egiterakoan hala zehaztu beharko dute. Aurreneko aukera betiko moduan norberak zuhaitzak moztu, adarrak kendu eta bere baliabideekin herrira ekartzea da. Kasu horretan ordaindu beharrekoa 20 euro dira, loteen zozketaren egunean ordaindu beharrekoak. Aukera horren alde egiten dutenek zozketaren egunean agiri bat sinatu beharko dute. Hartan adieraziko da norberak konpromisoa hartzen duela lan hori egiteko, eta indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen segurtasun eta osasun neurriak beteko dituela.
Udalak eskaintzen duen bigarren aukera da baso enpresa baten esku uztea lotea moztea, bost metro luzeko enborrak egitea eta adierazitako tokira eramatea. Azken hori argi eta garbi adierazi beharko da eskaera egiterakoan. Bigarren aukeraren alde egiten dutenek ez dute zozketara joan beharrik, baina eskaerarekin batera harremanetarako zenbakia eman beharko dute. Udalak zenbait enpresari aurrekontua eskatu die eta horren arabera izanen da ordaindu beharrekoa.