Eguzki plaka gehiagorako aukera aztertzen

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko eka. 9a, 09:00

Udalak egoki jarri nahiko luke bere biltegia.

Udalak aurten baso eta abeltzaintza azpiegiturak eginen ditu inbertsio bakarrak. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jasotzeko zazpi lanen egitasmoak aurkeztu dizkio.

Bakaikuko Udalak aurrekontuan jaso duenez, diru sarrerak 400.317,20 eurokoak dira, joan den urtean baino 87.736,83 euro gutxiago. Eta irteerak, berriz, 396.904,85 eurokoak dira, 74.168,82 euro gutxiago dira. Egoitz Urritza Lazkoz alkateak azaldu duenez, "aurrekontuko diru kopuruak behera egin dute joan den urtean argiteria publikoa berritu eta LED argiak jarri zirelako, batetik, eta, bestetik, Iturrarte frontoian eguzki plakak jarri zirelako". 

Eskola zaharren eraikinean eta frontoian argindarra sortzeko eguzki plakak jarri ondoren, Bakaikuko Udalaren hurrengo pausoa udaletxean pantaila bat jartzea izanen da. "Zuzenean momentuan zenbat elektrizitate sortzen ari den ikusteko aukera emanen du". Alkateak berak azaldu duenez, "udaletxeko teilatua ere oso egokia da eguzki plakak jartzeko. Baina Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak Vianako Printzea Erakundeak ez du uzten katalogatutako eraikinetan eguzki plakak jartzen. Hirigintza planean aukera jasoa dago eta udalean zer egin aztertzen ari gara", esan du Urritzak. 

Inbertsioak
Aurten inbertsioak egiteko 81.793 euro ditu udalak. Bi lan eginen ditu. Alde batetik, bargan, Laguntza eta Txunkadibarren dermioetan, itxitura bat eginen du. Lanek 43.501,50 euroko aurrekontua dute eta haiek finantzatzeko udalak foru administrazioaren dirulaguntza izanen du. Obra bere gain hartzen duen enpresak 20 egun izanen ditu lanak despeditzeko. Kontratua emateko deialdia egina dago dagoeneko. Udalak, bestalde, dermioko bidea konpondu du gobernuaren abeltzaintza azpiegituretarako dirulaguntzarekin. 

Eskolak hartu zituen eraikinaren beheko solairuan haur eta gazte txokoa eta erabilera anitzetako gela daude. Horiek altzariz, soinu ekipoz, irudi proiektorez eta bestelakoez hornitu zituen udalak negu akaberan. Horretarako Nafarroako Gobernuaren joan zen urteko aurrekontutik 24.500 euro jaso zituen udalak EH Bilduk aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa baten bidez. "Gaur egun han gimnasia, spinning eta dantza ikastaroak egiten dira. Nahiago dutenez, yoga, trikitixa eta ingeles eskolak udaletxean ematen segitzen dute. Bestalde, UEMAren eta Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuaren bidez dagoeneko bideo emanaldiak egin dira. Irabazi arte eta Goazen telesailen atal bana eta Lavanderas dokumentala eman dituzte erabilera anitzeko gelan". Alkateak jakinarazi duenez, "udalean espazio horien erabilera araudia fintzen hasita gaude". 

Zazpi dirulaguntza eskaera
Nafarroako Gobernuaren 2026-2028 Toki Inbertsioen Planera udalek egin nahi dituzten obren proiektuak aurkezten dizkiote, gobernuaren dirulaguntza lortu ahal izateko. Urritzak azaldu duenez, Bakaikuko Udalak zazpi proiektu aurkeztu ditu deialdi honetarako: udaletxea isolatu, teilatua berritzea eta leiho batzuk aldatzea; gobernuaren eskakizuna betetzeko, markesina parean espaloia egitea; Iturrarte frontoiko teilatuaren egitura indartu; udal biltegiko sarrera txukundu eta barruko aldean zoruan porlana zabaldu eta argindarra jarri; udaletxeko idazkaritza irisgarria izateko igogailu moduko bat jartzea; haur eta gazte txokoaren ondoan dagoen kirol pistan estalpea egitea eta eskolen eraikina zeneko beheko solairura sartzeko eskailerak porlaneztatu eta espaloia zabaltzea, sarrera erosoagoa izan dezan. 

Udalak hainbat dirulaguntzaren bidez eskolen eraikineko goiko solairua egokitu eta hiru etxebizitza egin zituen. Nasuvinsaren bidez kudeatzen da alokairua eta gaur egun hiru etxebizitzak alokatuta daude.