GH enpresak 50 urte bete ditu Bakaikun

Guaixe 2025eko uztailaren 7a

Erakundeetako ordezkariak enpresara egindako bisita gidatua bukatu berritan.

Goratzeko soluzioen diseinuan eta fabrikazioan liderra den GH Cranes & Components taldearen Bakaikuko lantegiak bost hamarkada bete ditu. Urteurrena ospatzeko bisita gidatua eta ekitaldia egin zuten

GH Cranes & Components taldearen lantegi bakaikuarraren 50. urteurrena ospatu zen garilaren 4an, ostiralean. Urteurrena zuzendaritzarendako "enpresak lurraldearekin eta ingurune sozial eta ekonomikoarekin duen konpromiso irmoa sinbolizatzen duen mugarria da". Horregatik, urteurren ekitaldia antolatu zuten lantegian bertan. Han izan ziren, besteak beste, Nafarroako Gobernuko, Adegiko, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberako eta Sakanako Enpresen Elkarteko ordezkariak, baita GH taldeko ordezkariak, bertako langile eta jubilatutako langileak ere. Guztiek bertatik bertara ezagutu zituzten zubi-garabien ekoizpen prozesua eta erabilitako teknologiak, baita Sakanako eskualdean sortzen duen eragin ekonomiko eta soziala ere.


Ekitaldian hainbat bideo ikusteko aukera izan zen. 

Ekitaldian Jose Antonio Guerra Altuna GH taldeko zuzendariak mende erdiko ibilbidea ospatzeko aukera eman dieten balioak nabarmendu zituen: konpromisoa, hurbiltasuna, berrikuntza eta sustraiekiko errespetua. "50 urte hauetan, edozein enpresak bezala, une gogorrak bizi izan ditugu, ziurgabetasunarekin eta erronka garrantzitsuekin, baina mundua irakurtzen, kanpora irekitzen eta nazioartekotzean aurrera egiten jarraitzeko bide bat aurkitzen jakin genuen, inoiz iparra galdu gabe", azaldu zuen.

Esanak

Jose Antonio Guerra Altunak hitza hartu zuen. 

Guerrak esan zuenez, "Bakaikuko lantegia funtsezkoa da GHren barruan. Ez bakarrik taldearen lantegi historikoetako bat delako, baizik eta gaur egun gure konpainiaren etorkizuna ordezkatzen duelako". Azaldu zuenez, "hemen dago Iberiar Penintsularako Merkatu Batasuna, eta hemen ari gara fabrikatzeko modu berriak garatzen, eraginkorragoak, iraunkorragoak eta XXI. mendeko erronketara hobeto egokituak", nabarmendu zuen Guerrak.


Foru administrazioko Garbiñe Basterraren hitzartzea. 

Garbiñe Basterra Nafarroako Gobernuko Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak enpresa zoriondu zuen. Basterrak esan zuenez, "GHk Bakaikun duen lantegia ez da bakarrik motor ekonomiko bat izan, baita enplegu, prestakuntza eta hazkunderako gune bat ere pertsona askorendako. Berrikuntzan eta etengabeko hobekuntzan egindako inbertsioari esker, erreferente izan da teknologian eta kalitatean, eta Nafarroak merkatu globalean duen lehiakortasunari lagundu dio". Administrazioak industriari bere erronkak arrakastaz gainditzen lagunduko dioten tresnak eta baliabideak izateko gobernuak egin duen ahalegina azpimarratu zuen Basterrak, baita Nafarroako enpresa-sarea bultzatzen duen trantsizio ekologiko eta digitala azpimarratu ere.

Omenaldia


Jose Ramon Andak sortutako pieza.

Ekitaldian Jose Ramon Anda eskultore bakaikuarra izan zen. Gogoratu zuen bere tailerra egin berritan GHk jarri ziola garabia han. Gaineratu zuenez, tamaina jakin bateko eskulturei akabera hondar-zurrustaz ematea gustatzen zaiola aipatu zuen. Eta horretarako aukera eman ziola GHko enkargatu zen Paco Irazustabarrenak. Andak GHri esker ona bere obraren zenbait katalogotan adierazi izan dio. 


Ekitaldiko parte hartzaileak. 

Urteurrena dela eta, Andak GHrekin elkarlanean bereziki sortutako eskultura-pieza bat aurkeztu zuen. Lan horrek industriaren, artearen eta lurraldearen arteko lotura sinbolizatzen du. Gainera, artista GHrekin lotzen duen harreman profesionala eta konfiantzazkoa nabarmentzen du. "Lankidetza ibilbide partekatua eta iraunkortasun, bikaintasun eta sustraitze balioak omentzeko modu bat da", azaldu dute enpresako ordezkariek. 


Langileetako batzuk. 

Aipatutako eskulturaren ale bana jaso zuten GHn jubilatu zirenak. Honakoak zehazki: Santiago Anso, Jose Artieda, Benito Barriga, Francisco Zelaia, I. Goikoetxea Lopez de Zubiria, Santiago Galartza, Francisco Garcia, Joxe Angel Gil, Jose Mª Goikoetxea, Francisco Javier Gorrotxategi, Pedro J. Huizi, Paco Irazustabarrena, Jose Manuel Lakuntza, Agustin Lopez, Francisco J. Mercero, Juan A. Ondarra, Miguel A. Ramos, Felix Razkin, Laurentino Ruiz, Pedro Zelaia eta Joxe Zubeldia. 

Jubilatutako langileen omenaldiaren ondoren, Bakaikuko lantegian lan istripuan hil zen Miguel Auzmendi ere gogoan izan zuten. Haren seme Mikelek jaso zuen enpresako arduradunen aldetik oroigarria. Presente zeuden guztiei langile ohi batek aurreskua dantzatu zien. Urteurrenaren berri ematen duen egunkaria banatu zuten zuzendaritzakoek ekitaldiko parte hartzaileen artean. Eta ondoren, guztiak bazkaltzera joan ziren. 

Laburrean

Sortzaileak
Alejandro, Jesus, Marcial eta Vicente Guerra anaiak.

Noiz
1958an, Olaberrian. 

Ekoizpena
Materialak igotzeko eta manipulatzeko soluzioak: zubi-garabiak, arkupeak, prozesu-garabiak, automotoreak eta abar.

Hego Euskal Herrian ekoiztutako zubi garabiak
2024an 1.014 izan ziren, 27 astero. 

Presentzia
Bost kontinenteetan eta 70 herrialde baino gehiagotan. Ekoizpen plantak eta merkataritza bulegoak ditu Amerikako Estatu Batuetan, Mexikon, Brasilen, Kolonbian, Perun, Frantzian, Polonian, Indian, Txinan, Tailandian, Portugalen, Arabiar Emirerri Batuetan eta Saudi Arabian. 

Atzerriko salmentak
Fakturazioaren %78.

Jarritako garabiak 
130.000 garabi baino gehiago.

Egindako gaitasun handieneko garabia 
400 tona jasotzeko gaitasuna zuen bat. 

Taldeak dituen langileak 
1.000 pertsona baino gehiago.

Produkzio lantegiak eta merkataritza bulegoak
AEB, Mexiko, Brasil, Kolonbia, Peru, Frantzia, Polonia, India, Txina, Thailandia, Portugal, Arabiar Emirerri Batuak eta Saudi Arabia. Eta Hego Euskal Herrian Olaberrian, Beasainen, Bakaikun eta Altsasun. 

1975
Bakaikuko lantegiaren historia orduan hasi zen. 

10.200 m2
Bakaikuko lantegiaren azalera. 

Langileak Bakaikun
84, horietatik %27 herrian bertan bizi dira, eta ehuneko esanguratsu bat sakandarra da. 

Antzinatasuna 
Langileen heren batek 20 urte baino gehiagoko antzinatasuna du. Horrek "enpresaren epe luzerako konpromisoa eta industria-proiektuaren eta komunitatearen arteko lotura sendoa azpimarratzen ditu".