Osasun kontseilari Fernando Dominguez Cunchillosek "osasun eremua gizartearekin, haren garapenarekin eta ongizatearekin gehien konprometitutako inguruneetako bat da. Baina hori ez da soilik osasun-arreta asistentzialera mugatzen, pazientea inguratzen duen guztia eta haren beharrak barnebiltzen baititu. Alderdi horietako bat, funtsezkoa, pazienteak lekualdatzea da".
Dominguezek dioenez, "pazienteen lekualdaketa horiek irisgarritasun eta segurtasun baldintza egokietan eta prestazioan esku hartzen duten gainerako baliabide publikoekin koordinaturik egin behar dira". Horretarako, bikaintasunean oinarritutako kalitate eta segurtasun irizpideetan oinarritzen dira. Testuinguru horretan kokatu du Bidean enpresa publikoaren sorrera, "nafar guztiak zaindu eta senda daitezen". Nabarmendu duenez, "gobernuak sektore publikoaren, zerbitzu publikoen eta politika publikoen aldeko apustu berri bat egin du".
Nafarroako Gobernuaren Bidean sozietate publikoa maiatzaren 31z geroztik herrialdeko garraio sanitarioaren zerbitzua ematen du. Aurretik egiteko hori azpikontratatua zuen eta SSG eta Baztan-Bidasoa enpresek ematen zuten. Aurreneko egun hartan hirurak aritu ziren lanean, "gure lehentasuna pazienteen segurtasuna eta laguntza jarraitutasuna uneoro bermatzea da", azpimarratu zuen orduan Bideaneko zuzendari kudeatzaile Alberto Lafuente Jimenezek. Baina egun hura pasata, garagartzarotik Bidean da osasun arloko garraioaz arduratzen den bakarra Nafarroan.
Zer da osasun garraioa?
Osasun garraioak bi atal ditu. Batetik, larrialdietakoa dago. Osasunbideak, lehen mailako arretak edo 112 larrialdiek anbulantzia bat behar dute, esaterako istripu bat izan duen pertsona bat lekuz aldatzeko. Larrialdietako anbulantziak dauden egoitzak finkoak dira eta eguneko 24 ordutan langileak daude. Egoitza gehien-gehienak halakoak dira. Bestetik, programatutako osasun garraioko zerbitzua dago. Dialisi tratamendua hartzera doan jendea, kimioterapiara doazenak, erradioterapia, errehabilitaziora... Osasunbidearen zerbitzuaren barruan dauden paziente horiek guztiek tratamendua hartzera joateko anbulantzia behar dute. Horri programatutako garraioa hots egiten zaio. Ez dakit zergatik, baina zerbitzua publifikatu denez geroztik programatutako pazienteen garraioaren hazkunde handia izan da.
Orain arte osasun garraioa beti enpresa pribatuek eskaini dute?
Aspaldi Nafarroako Gobernuak anbulantzia publikoak zituen, baina Nafarroako Ospitalean lan egiten zuten bakarrik. Eskualde bakoitzean anbulantzia enpresa bat zegoen, esaterako, Etxarri Aranatzen Gregorio eta Altsasun Anbulancias Irubide zeuden. Enpresa pribatu horiek Osasun Ministerioarendako lanean hasi ziren, Nafarroako Gobernuak oraindik osasun eskumenak ez zituenean. Nafarroako Gobernuak eskumenak bere gain hartu zituenean, anbulantziena ere bere gain hartu zuen. Zerbitzua eskaintzeko lehiaketak deitzen zituen eta irizpide batzuen arabera eskaintzarik onena egiten zuen enpresari ematen zioten osasun garraio zerbitzua emateko aukera.
Lehen nolakoa zen osasun garraioa?
Bidean martxan jarri den arte langileak enpresa pribatu bateko langileak ziren. Nafarroan gobernuarendako osasun garraioan aritzen ziren bi enpresa pribatu zeuden: SSG eta Baztan-Bidasoa. Aurrenak Otsagabia, Izaba, Zangoza eta Tuterako eskualdeak kudeatzen zituen eta Nafarroako gainerako eskualdeak Baztan-Bidasoaren ardura ziren. Haiek ibilgailuak eta teknikariak jartzen zituzten, baina anbulantzietan joaten ziren medikuak Osasunbidekoak ziren. Aparte, suhiltzaileak anbulantzien larrialdietako sarearen barruan daude, eta 112 larrialdi zerbitzuaren eskariaren arabera egiten dute lan.
Zergatik publifikatu zuten zerbitzua?
Lan-mahai batzuetan gaia aztertu zuten eta zera ondorioztatu zuten: enpresa pribatuei ordaintzen zitzaien ia diru berarekin publikotik zerbitzu hobea eman zitekeela. Eta Bidean enpresa publikoa sortzea erabaki zuten. Zehazki lan sozietate publikoa da. Anbulantziak publikoak bihurtzeko formula hori egokiena zela erabaki zuen Nafarroako Gobernuak. Bidean Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren parte da.
Beraz, ez da garestiagoa izanen?
Hasiera batean ez litzateke garestiagoa izan beharko. Baina hasierak zailak izaten dira. Agian hasieran gehiago ordaindu behar da, baina egonkortu arte, jendearekin egindako lana eraginkorragoa izaten hasten den arte.
Anbulantzia zerbitzua publiko egiteko eskaerarik bazegoen?
Betidanik egon da eskaera hori. Bai langileek bai pazienteen elkarteek ere eskatzen zuten publifikazioa. Bazter guztietatik egiten zen eskaera. Dirua sartu gabe zerbitzu ona ez zela ematen uste zuten. Izan ere, anbulantzia zerbitzua eskuratzeko lehiaketan diru eskaintza asko murrizten baduzu, horrek ondorioak ditu ibilgailuen kalitatean, gidarien eta laguntzaileen kopuruan eta gauza guztietan.

Publiko bihurtzeak zerbitzua hobetu du?
Bai, enpresa bakar bat da lurralde osoari, Nafarroari zerbitzu osoa estaltzen diona. Beraz, askoz ere eraginkorragoa eta askoz errentagarriagoa izanen da. Pertsonen lekualdaketa ere azkarrago egin daiteke. Ia-ia %100ean hobe daiteke. Zergatik? Azken finean, Nafarroa guztirako enpresa bakarra dagoelako, eta baliabideak gehiago optimizatuko dira. Ez da lehen bezala, bi enpresa zirela, bakoitzak bere zerbitzua eskaintzeko eremu jakin batekin. Lehen enpresek beraien eskualdeko pazienteak besterik ez zituzten lekualdatzen. Gainera, enpresa publiko bat da. Hau da, anbulantzia guztiak eta enpresaren baliabide guztiak zerbitzua emateko daude. Eskaera dagoenean egoitza batetik bestera eraman daitezke anbulantziak eta langilek. Azken finean, langileek enpresa berarendako lan egiten dute. Eta enpresa bakar horrenak dira material guztiak. Guztiz ongi egotean zerbitzua %100 hobetuko dela aurreikus daiteke.
Langileek alderik nabaritu duzue?
Subrogatu gaituzte. Dagoeneko ez gara enpresa pribatu batekoak, ez gaude pribatuan den kudeatzaile edo nagusi baten menpe. Enpresa publiko batean egoteak lasaitasun gehiago ematen du, azken finean administrazio publikoaren menpekoa zarelako. Hasierak kaotikoak direla kontuan hartuta, aldaketa zenbait arlotan nabaritu dugu, materialetan, esate baterako. Orain anbulantzia, arropa eta oinetako hobeak ditugu. Lehen ez genituen gauzak ditugu orain.
Langileek egoitza bat duzue lantoki gisa izendatuta?
Bai, langile guztiak egoitza batekin lotura dugu. Gehiengoa Iruñekoan daude.
Beste inon pauso hori eman da?
Bai, lehenik Balear Uharteetan publifikatu zuten eta, ondoren, Errioxan.
Suhiltzaileek zerbitzua eskaintzen jarraitzen dute?
Bai. Ez da txuritik beltzerako bat-bateko aldaketarik izanen. Suhiltzaileak larrialdietako sarearen barruan daude, eta larrialdietako sareak suhiltzaileen anbulantziak kontuan ditu. Beraz, laguntzen jarraituko dute. Baita bigarren mailako sareak ere, hau da, Gurutze Gorria eta DYA. Horien anbulantziak zerbitzua indartzeko erabiliko dira.
Bidean martxan jartzeko gobernuak inbertsioak egin zituen?
Bai, egin zituen. Batez ere anbulantziak eta lanerako arropa eskuratzeko edo egoitzak egokitzeko lehiaketa publikoak egin zituen. Baina eginen lukeen ohiko zerbait izan zen.
Maiatzaren 31n hiru enpresak elkarrekin aritu zineten lanean. Zer moduzkoa izan zen erreleboa?
Erreleboa normal eman bazen ere, gauza batzuk hasieran ez zuten ongi funtzionatu. Baina, tira, hobetuz joan da.
Berritasunik izan da zerbitzuan?
Bai. Denbora errealean informazioa ematen duen sistema bat jarri du Bidean enpresa publikoak. Aplikazio horren bidez pazienteek edo haien senideek etxetik gaixoa jasotzera pasa behar den anbulantzia non dagoen ikus dezakete. Uneoro eguneratzen da informazio hori. Edo senideek ikus dezakete, esaterako, errehabilitaziora joandako senidean etxerako bidean den, eta non dagoen. Hori guztia denbora errealean ikus dezakete. Publiko egin denetik egindako hobekuntzetako bat da hori.
Beraz, anbulantziak uneoro lokalizatuta daude.
Hala da. Orain anbulantzia guztiak Bideanen koordinazio zentroaren bidez lokalizatuta daude. Une oro dakite anbulantzia bakoitza non dagoen. Egun horretan, lan txanda horretan anbulantzia bakoitzean zein dagoen lanean dakite. Gainera, esan bezala, anbulantzia bakoitza non dagoen badakite. Horrela, esate baterako, jakinen dute anbulantzia istripu tokitik Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko larrialdi zerbitzura noiz iritsiko den. Baina are alderdi gehiagotan hobekuntzak izanen dira. Izan ere, bai 112ko medikuek baita larrialdietan zain daudenak iristear den pazientearen jarraipena egiteko aukera izanen dute etorkizunean. Bizi konstanteen berri jasoko dute. Pultsuaren, bihotzaren taupaden eta halakoen berri izanen dute. Berrikuntza horiek guztiak pitteka-pitteka jarriko dituzte. Jakina, ezin da dena bat-batean jarri, ezinezkoa da. Jarri ahala funtzionatzen duen aztertu beharko da. Politikan gobernuei ehun eguneko graziazko epea ematen zaie. Halako zerbitzuetan, berriz, graziazko epea urtebetekoa da. Urte bat barru erabateko hobekuntza ikusiko dugu.
Altsasun egoitzetako bat dago.
Programatutako osasun garraiorako bi anbulantzia finko daude Altsasun. Eta zerbitzua indartzeko Iruñetik ere etortzen dira.
Zer diote erabiltzaileek?
Bada, larrialdietako erabiltzaileek ez dute aldaketarik nabaritu. Halakoetan ez zaitu kezkatzen anbulantzia nolakoa den, zu eramatea da premiazkoena. Baina programatutako osasun garraioko erabiltzaileek nabaritu izan dute pixka bat gehiago atzeratu dela. Zeren ulertu behar baita jende berri asko ere badela, gidatzen hasten dena, programatua eramaten hasten dena. Beraz, hasieran pixka bat berandutu zen, baina hainbat gertakarik bat egin zutelako. Aldaketa garaian normalak direnak. Baina langileok konbentzituta gaude osasun garraioa publiko bihurtzea onura handia izango dela, batez ere gaixoendako. Horren alde eginen dugu argi eta garbi.