Festetan gogoko duten rockaz gozatzeko aukera izanen dute, atzera ere, hainbat bakaikuarrek.

Rock zalerik badago Bakaikun?
Belaunaldi batzuetan, behintzat, rocka oso presente egon da. Etxean ez dut rocka ez den beste musikarik entzun. Bost anaia gara, eta bostak rockaren zale amorratuak gara.
Nola partekatzen duzue zaletasuna?
Kuadrillan hitz eginez, talde horrek edo hark ateratako disko berriaz, musika hura entzun ote zuten galdetzen genuen, musika ekipoez aritu... Rocka eta musika ohiko hizketa gai bat gehiago zen kuadrillan. Eta esango nuke herriko gazte guztien artean. Ohikoa zen zintak elkarri pasatzea ondoren norberarendako grabatzeko, Discoplay katalogoa... Kontzertuetara joatearena zailagoa zen. Ibilgailua behar zenuen, eta sarrerak pagatzeko dirua. Donostiako belodromora oso talde onak etortzen ziren 80ko eta 90eko hamarkadetan. Ikaslea izanda, dirurik ez nuen. Ni gehienetara ezin nintzen joan, baina anaia zaharrenak, lanean zeuden, eta joaten ziren kontzertuetara. 12 urte nituela, etxean entzuten nituen taldeen kontzertuetara joaten ziren anaiak. Eta kontzertuetara joateko aukera izan nuenean, 90ko hamarkada erdialdean, miresten nituen talde asko dagoeneko ez zeuden. Nik ez nuen une goren hori bizi izan.
Zuen artean rockak hizketa gai izaten jarraitzen du?
Jakina. Gainera, gure bizitzan oso presente dago musika. Elkartean bat eginez gero, atzetik musika entzun behar da. Lagunak elkartzen garen txabola dugu. Bada, txabolari jarri zitzaion lehenengo gauza bozgorailuak eta anplifikadorea izan ziren. Gero bestelakoak jarri genituen.
Nolaz sortu zen rockzale bakaikuarrak biltzeko ideia?
Gure belaunaldiarendako, 70eko hamarkadaren amaieran amaitu zena, musika eta rocka oso garrantzitsuak ziren. Urtetan festetan etortzen ziren plaza taldeek hainbeste gustatzen zitzaizkizun rock kanturen bat jotzen zuten. Joselu Anaiak, Drindots eta halakoez ari naiz. Plazan dantza askorik egiten ez bagenuen ere, garrantzitsua zen plazan musika hori entzutea. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun plazako musikak adin guztietara laguntzea, baina baita gurera ere. Musika mota guztiekin. 2000. hamarkadatik aurrera plaza taldeen musika nahikoa monotonoa bihurtzen hasi zen. Eredu bera zuten talde guztiek: trikitixa. Bost festa egunetan trikitixa, gelditu gabe. 7, 8, 9 urte generamatzan horrela eta "akabo" esan genuen: "festetan kuadrillak tarte bat hartuko du, bazkaria eginen dugu eta nonbaitetik bi bozgorailu handi eta anplifikadore indartsu bat sortuko ditugu eta rocka jarriko dugu, eta plazako musika hori guztia isilaraziko dugu, rocka ez entzuteaz nazkatuta gaudelako". Trikitixa besterik ez zen entzuten, gure gusturako izugarria zen. Gure belaunaldi osoan hain garrantzitsua izan zen rocka erabat desagertua zen. Amorru horretatik sortu zen Rock Eguna.
Nolakoa izan zen aurreneko edizioa?
Kuadrillako batek 4 x 4 ibilgailuari gurdia lotu zion eta han 200 edo 300 W-ko handi hauen bozgorailu pare bat jarri genituen, anplifikadore batekin eta musika zerrenda bat zuen ordenagailu batekin. Eta gurdi harekin herriari bueltak ematen hasi ginen. Ondoren bazkaria izan genuen. Bazkaltzera Ricardo Areta agertu zen. Bateria ekarri eta kale erdian jarri zuen. Victor Lopezek gitarra elektrikoa piztu zuen, baxua sartu eta kontzertua eskaini zuten. Bazkarian geundenok izugarri gozatu genuen. Gurdiarekin herriari buelta emateaz gauerdian bukatu genuen. Hala egin genuen 2016an eta 2017an.
Zuen kuadrillak antolatzen du?
Hala da, bai. Hirugarren urtean musika talde bat ekartzeko aukera izan zen: Iruñeko 100TO8. Herriari buelta emateko aukera baztertu genuen. Erabateko arrakasta izan zen, izugarri gozatu genuen. Gainera, bazkaria, estreinakoz, eskoletako lorategian egin genuen. Eguzki egun ederra izan genuen. Ordutik eskema horrekin gabiltza: eskoletako lorategian bazkaria eta ondoren kontzertua. Beno, 2019an eguraldi txarra egin zuen eta elizako estalpean egin genuen dena. Taldeak jo beharrean eskualdeko makina bat musikari elkartu genituen eta bakoitza kantu batean bere instrumentua jotzera igo zen. Bi ordu baino gehiago iraun zuen jam sessiona izan zen. Zoragarri izan zen. Halakoak muntatu ondoren guztia zegoen bezala gelditzen da, txukun-txukun.
Asko elkartzen zarete?
Bazkaltzera 55en bat. Jotzen duen taldeko kideak bazkaltzera gonbidatzen ditugu. Etxarritik eta Iturmenditik ere etortzen dira. Gainera, urtero errepikatzen dute. Beraz, zerbait ongi egiten ariko gara.
Hizketa gaia, rocka?
Jakina! Oso giro ona sortzen da. Azken batean da: "bakaikuarra naiz, eta horregatik nire festen partea exijitzen dut!" Zure gozatzeko momentua da. Apika besteren batzuei ere egitea gustatuko litzaieke, esaterako, mexikar doinuekin.
Zein da aurtengo plana?
Hilaren 26an, larunbatean, 14:30ean bazkaltzera eseriko gara. Txartelak Koxko tabernan daude. Ondoren, 17:00etan, Asun Zelaia Etxarri urdindarraren taldeak joko du, Mantis.

