Udako unetxoak

"Ateratzea eta sozializatzea gustatzen zait"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko abuztuaren 1a

Teresa Urriza Anso bakaikuarra.

Unetxo bat baino, udako garai bat gogoko duela jakinarazi du Teresa Urriza Anso bakaikuarrak. Bizi ari den hau zehazki.

Etxeko parean dituen landareak zaintzen zegoela harrapatu dugu Teresa Urriza Anso. Hainbat espezietako ale ederrak ditu loreontzietan, baita pareko lorategian ere. Zehaztu duenez, "azken hori udalarena da, udal langileak belarra mozten du eta ni landareak landatu eta zaintzen ditut". Ate ondoan duen aulkian eserita, parean dituen landareei eta lorategiari begira, eman ditu azalpenak bakaikuarrak.

"San Joanetik agorrileko ama birjinaren egunera arte, urteko garairik onena da"

Udako bere gogoko garaia zein den galdetuta, Urrizak esan digu "momentu hau" duela gustukoen. "Udako data hauek", zehaztu du. "Udaberria oso ederra da. Baina urteko garai hau nire asko gustatzen zait: uda hasiera, festen aurreko egunak, festak… San Joanetik agorrileko Ama Birjinaren egunera arte, nire ustez urteko garairik onena da", azpimarratu du. Gaineratu duenez, "urteko une oso alaia da. Eta horregatik dut gustuko". Alaitasun hori non duen jatorria ere zehaztu du: "eguna hain luzea da, hainbeste eguzki ordu daude, hainbeste argi dago… Hori gogoko dut", berretsi du Urrizak.

"Udazkena edo negua baino gehiago gustatzen zait". Bakaikuarrak jakinarazi duenez, "niri eguraldiak asko eragiten dit. Jakina, eguraldi ona badago, alaiago nago. Iluntasuna dagoenean, egia esan, egunak ez dira hain politak". Garai honetako loreen usaina gogoko du bakaikuarrak. "Kolore arrosa eta laranja bizi hauek gustatzen zaizkit", esan du berak zaindutako landareei begiratzen dien bitartean.

Mugimendua
Urrizak azaldu du "nahikoa aktiboa" dela, "baita eguneko momentu batzuetan pasiboa ere. Baina, bai, aktiboa naiz. Beti dut zereginen bat. Ez naiz sekula aspertzen. Ongi". Zeregin horiek bakarrik egiten ditu. Hasieran aipatutako landareak zaintzeaz aparte, "joskintza lana badago, josi. Margotu beharra badago, margotu. Garai honetan etxea gehiago txukundu behar bada, baita ere". Ziurtatu duenez, "bakarrik bizi banaiz ere, bakardadea niretako ez da zama. Ongi nago".

Baina Urrizarena ez da dena bakarreko jarduna. "Bakarrik bizi naiz eta bakarrik egoteko denbora asko dut. Baina ateratzea eta sozializatzea gustatzen zait. Nahikoa lagunartekoa naiz. Gustatzen zait jendearekin egotea". Gogoko duen garai honetan Bakaikun bertan "giro gehiago dago. Herrira igo eta kalean gutxienez haurrak ikusten dituzu. Altsasura astean bitan edo jotzen du, eta Etxarri Aranatzera ia astero. Bakaikun bertan Hiru Haitz jubilatu elkartean gustura egoten da. Bakaikun Kantuz ekimenean ere parte hartzen du.  

Garai hau, uda ere pasa egiten da. "Hemen udazkena polita da, azaroaren 1era arte, data bat esatearren. Tristura eta iluntasuna azaroan sartzen da hemen. Azaroa eta abendua hilabete nazkagarriak dira. Oso ilunak dira, argi gutxi dago. Eguzki izpirik batere ez da ikusten". Gaineratu duenez, "neguan herrian ez duzu inor ikusten. Nor bere etxean sartzen gara eta kitto. Baina badugu ihesbidea. Astean hiruzpalau alditan jubilatu elkartera joaten gara eta kartetan jokatzen, gure albiziora, primeran pasatzen dugu". Denbora aurrera egiten du "baina etortzen denari egokitzen zara. Bai, batzuetan pentsatzen duzu: 'udan zeinen ongi!' Baina pasa denez, udazkenari edo neguari aurre egitea, besterik ez dago".