Astekaria

"Bezeroak baino gehiago ere badira, herria da"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko urriaren 1a

Idoia Urbizu Azazeta botikaria Bakaikuko botikinean.

Idoia Urbizu Azazeta duela 20 urte inguru iritsi zen Bakaikura herriko farmazialaria izateko. Aurretik, 2000. urtean, Susana Moina bizkaitarrak jarritako botikaren lekukoa hartu zuen. 

Orain, Urbizuk kudeatutako botikina da

1. Bakaikuko botikak 25 urte bete ditu. 
Berez, nik ez nuen Bakaikuko botika jarri. Susanak jarri zuen, eta bost urte egon zen. Botika jarri zen Nafarroako Botika Legea aldatu zenean; biztanleen ratioa jaitsi zen eta aukera ematen zuen herri txikietan irekitzeko. Susana joan zen, eta nik hartu nuen. Gasteiztarra naiz, eta bertako lan baldintzekin ez nengoen oso pozik, eta nire kabuz jartzea erabaki nuen. 

2. Eta zergatik Bakaiku? 
Farmazien salerosketak egiten dituzten inmobiliariak daude, eta iragarki bat ikusi nuen. Iruditu zitzaidan ez zegoela Gasteiztik hain urruti, hasteko herri txiki bat aukera bat zela ikusi nuen, eta etorri nintzen.  

3. Aurretik ezagutzen zenuen? 
Ez. Gurasoekin herria ikustera etorri nintzen. Farmazia bat hartzean badira kontuan hartu beharreko gauza asko, ordutegia, baldintzak... Eta kriterio ekonomikoa beste bat da.

4. Nolakoa izan zen harrera? 
Oso ona. Bbezeroak baino gehiago ere badira; herria da. Emozionatzen naiz. Asko etorri gara; lehenengo urtetan guardia asko nituen, astebete egon behar gara guardian, eta hemen gelditzen nintzen. Jendeak oso harrera ona egin zidan. Modu pertsonalean inplikatu dira. Oso polita da. 

5. Espero zenuen horrela izatea? 
Ez nekien zer espero nezakeen, baina ez ninduen harritu. Jendea hemen askoz beroagoa da. Kezkatu dira, modu sano batean, nire bizitzaz. Lan honetan konfiantza izan behar dute. Tratua oso ona izan da. 

6. Eta gero Altsasura joan zinen. 
Legea jarri zutenean 2000 urteko prezioak zeuden. Medikamenduen prezioen margenarekin goaz. Garaiko prezioekin lan egin zitekeen eta gutxi gora behera bizi. 2020. urtean prezioekin ez. Prezioak jaitsi eta jaitsi ari dira, eta zaila da 370 biztanleekin bizi izatea. Bakaikun eta Ziordian gertatu da. Agentziaren bidez Altsasun aukera bat ikusi nuen, baina zer gertatuko zen Bakaikurekin? Ikuskaritzan galdetu nuen ea posiblea zen botikin bihurtzea eta zerbitzuarekin jarraitzea, eta problemarik ez zegoela esan zidaten.  

7. Zer desberdintasun daude? 
Botikin bat da nire ardurapean dagoen botika txikiagoa. Ez da beste enpresa bat, eta ordutegi txikiagoa du. Beste guztia, berdin izaten da. Farmazialari bat egon behar da; Erkudenekin, lankidearekin (ez zait nire langilea deitzea gustatzen) hitz egin nuen, eta bera egoten da.

8. Altsasun zer moduz? 
Hara beldurrarekin joan nintzen. Herri handiagoa zenez Bakaiku bezain beroa izango ote zen pentsatu nuen. Oso pozik nago auzoan; oso gustura. 

9. 25 urte hauetan nola aldatu da farmaziaren mundua? 
Oso antzekoa dago. Botikak pertsonalki eman behar dira, errezetarekin, eta ezin da online saldu. Parafarmazian bai konpetentzia handia dago; abantaila da farmazian pertsona bat dagoela aholkatzeko...  

10. Nola doaz guardiak? 
Saiatzen gara didaktika asko egiten. Nafarroako landa herrietan, Sakanan, botikatako guardiak lokalizatuak dira: guardia egitea egokitzen zaidanean telefono batekin nago, eta norbaitek behar badu, urgentzietako errezeta bat badu, telefono batera deitzen du eta hortik deituko naute. Legea eskuan izanda, errezetak urgentziazkoa izan behar du; ez da txartelan hartzeko dagoen zerbait. Horretarako ez dago pentsatuta. Osasun etxera urgentzitara joan eta bertan ematen dizuten errezetarekin joan behar da. Deitu eta 20 minutu ditugu farmazian agertzeko, eta 30 minutura igoko dute. Denok gaude behartuta guardiak egitera; batzuetan farmazia Altsasun egongo da, bestetan Olaztin. Osasun zonalde bakoitzean bat egon behar du. 

11. Beste 25 urtetarako? 
Espero dut ezetz, ia 50 urte ditudalako. Sakanan jubilatzeko asmoa, nik uste baietz. Aldaketa behar nuena izan da.