Bakaikun erosketa saski bete amets

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko urr. 13a, 09:00

Bakaikuarrak denda parean kooperatibak eskainitako auzatean. UTZITAKOA

Herri kooperatiba batek sustatutako Bakaikuko dendak hiru urte bete zituela ospatu zuen larunbatean. Bazkide eta herritarrekin kooperatiba finkatzeko prozesua eginen dute udazkenean

Lastailaren 6an, astelehenean, hiru urte bete ziren Bakaiku denda zabaldu zela. Hori ospatzeko, Bakaikuarrok herri kooperatibak bertako produktuez osatutako auzatea prestatu zuen eta dendako erabiltzaileek eskaini zien hilaren 4an, larunbatean. Goizetik gerturatu ziren dendako erabiltzaileak, baina jende gehien eguerdian elkartu zen. Dendaren parean jarritako aulkietan eseri eta mahaian zeuden zizka-mizkak jan bitartean hizketaldi ederrak izan zituzten. Hainbat bakaikuar efemeridearekin harrituta zeuden, hiru urteak azkar pasa zaienaren seinale. Dendako erakusleihoan urteurrenerako aukeratutako leloa irakur daiteke: hiru urte, denona, guztiontzat

Larunbatean eskainitako auzate horrekin kooperatibako arduradunek "komunitateak egindakoari eta egindako ibilbideari aitortza" egin nahi izan zion. Eta, batez ere, "azpimarra jartzeko egiteko daudenetan. Izan ere, herri kooperatiba, batetik, herriari zerbitzuak eskaintzeko sortu zen eta, bestetik, herri bizigarriagoa sortzeko. Pauso asko emateko daude, eta eman nahi ditugu". 

Kooperatibako kideek azaldu dutenez, "dendak osasun ona du, pitteka gero eta erabiltzaile gehiago ditu. Hilabetero salmentak gora egiten du. gure ustez hiru urte oso onak izan dira". Dendaz arduratzen diren bi langile bazkide daude, Edurne Rivera Elso eta Arantzazu Zabala Lakuntza. Haiek denda astegunetan goiz eta arratsaldez zabaltzen dute 09:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era, eta larunbatean goizeko ordutegia du. 

Hasieratik Bakaikuko dendaren arduradunen nahia izan da bertako hornitzaileekin lan egitea. "Horretan pausoak ematen ari gara. Sakanakoekin harremanak hobetu behar ditugu. Eta ibarrean ez dauden produktuak lortzeko Nafarroako ekoizleengana jo beharko dugu". 

Prozesua 
Bakaikuarrok herri kooperatibak gaur egun 135 bat bazkide ditu, tartean udala eta elkartea. Arduradunek azaldu dutenez, "herri kooperatiba finkatu, indartu eta erronkak zehazteko prozesu emankorra egin nahi dugu udazkenean". Zehaztuko dituztenen artean daude kooperatibaren izaera gehiago finkatzea, bazkide gehiago lortzea eta etorkizuneko estrategia finkatzea. Prozesu horretan bazkideak eta bakaikuarrak parte hartzea nahiko lukete kooperatibako arduradunek. Hausnarketa prozesua aurrera egiten laguntzeko kooperatibak Olatukoopen laguntza izanen du. Ekonomia Sozial Eraldatzailean jarduten duten kooperatibek, elkarteek eta beste hainbat erakunde komunitarioek osatzen dute Olatukoop, eta Bakaikukoa kide da.

Adibidea
Azken hiru urtetan Bakaikuko herri dendaren esperientzia beste herri eta erakundeendako adibidea izan da, "Euskal Herrian oso esperientzia berritzailea baita". Hainbat herritako ordezkariak etorri dira Bakaikura dendaren berri bertatik bertara jasotzeko. Esaterako, Aginagakoak asteartean izan ziren, eta hilabete honetan Errenteria eta Aresokoen bisitak espero dituzte. Olatukoopen bidez bisitari kataluniarrak ere hartu izan dituzte Bakaikun. Beste herri batzuetara ere joan izan dira kooperatibako kideak haien ekimenaren berri ematera. Gainera, kooperatibako arduradunek UEUk, Jakinek eta Usurbilgo Udalak antolatutako Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen jardunaldian parte hartu zuten garagarrilean. Hartan ere beraien esperientziaren berri eman zuten bakaikuarrek. Herri kooperatiba gehiago sortzen badira, etorkizunean sarea eratzea dute buruan. 

Premia bati erantzuna emateko sortu ziren Bakaikuarrok herri kooperatiba eta denda. Aurretik herrian Kontxi Etxeberria Solisek zuen denda, baina jubilatu eta denda 2022ko otsailaren 28an itxiko zuela jakinarazi zuen herrian. Horri buelta emateko sortu zuten kontsumitzaileen eta zerbitzuen kooperatiba.