Katxarro Eguneko antolatzaileak, Bakaikuko Bakarrekoetxea elkarteko kideak, pozarren daude. Eta ez da gutxiagorako. VIII. Katxarro Egunak aurreikuspen guztiak gainditu zituen, eta datuak dira horren erakusle. "320 izena emate baino gehiago izan genituen, eta bazkaltzera 120 pertsona bildu ginen elkartean. Balorazioa ona da, eguna oso ongi atera zelako, baina taldean bilduko gara guztia ongi aztertzeko, zer hobetu daitekeen eta bestelakoak zehazteko" azaldu du antolakuntza taldeko Saioa Zelaiak, kontentu.
Denetatik ikusgai
Aurten 10 urte bete behar zituen Katxarro Egunak, baina VIII. edizioa ospatu zen, pandemiagatik bi urtetan ez zelako antolatu. Denetatik zegoen ikusgai. "Hiru kamioi ekarri zituzten, horietatik bi Sakanakoak eta hirugarrena Iruñekoa. Traktoreak lau ziren, Altsasukoak eta Dorraokoak. Horretaz gain motorrak zeuden, bizikleta zaharrak, eta aurten bi motozerra zahar jarri ziren ikusgai eta josteko makina zaharrak" zehaztu du Saioa Zelaiak. Jendea gustura zebilen katxarro guztiak gertutik ikusten. Plazan, ingurunean eta iturritik gorako kaleetan zeuden ikusgai.
Autoetan, denetariko etxeak: Seat, Ford, Renault, Mercedes, BMW, Porsche... Renault 5 mitiko asko, Seat 600ak, Alpineak, BMW ugari... denetatik.
Pilotu sakandarren autoak
Plazan toki berezia osatzen zuten Urbasako Mendi Igoeran, Rallyetan eta bestelakoetan parte hartzen duten pilotu sakandarren lasterketa autoek. Besteak beste, han zeuden Delfin Goikoetxearen Caterham Super Seven autoaren erreplika eta Brand PRM Proto Alpinea, Mikel Mazkiaranen Seat 600 JTR-a, Sergio Ondarraren R5-a, Iñigo Zelaiarena... Ikusmina piztu zuten.
Laburbilduz, betiko jendea eta jende berria bildu da aurten Bakaikun. "Jende askok lehenengo Katxarro Egunetik errepikatzen du, baina bidean jende gehiago batu da eta aurten jende berria inguratu zaigu. Katxarro ezberdin eta polit asko ekarri dizkigute".
Saioa Zelaia: "Halako harrerarekin, hurrena prestatu beharko dugu"
Sariak
Katxarro Zaharrenaren saria Gorka Arbizu iturmendiarrak jaso zuen 1923. urteko Ford T-arekin. Nafarroan martxan dagoen autorik zaharrena da Arbizurena. Horrekin batera Renault Alpinea eraman zuen Katxarro Egunera. Urrutien datorren katxarro eguneko saria Espinosa de los Monterosetik (Burgos) etorritako autoak jaso zuen, eta Katxarro berezienaren saria Javier Navarrok ekarritako Ford Torinoak. Sariak bereziak ziren, zurezko oinarrian jarritako metalezko katxarro bereziak. "Gerardo del Riok egin ditu, eta egurrezko oinarria Josetxok".
Aurten kamiseta berriak atera ditu antolakuntzak, "gris ilunak, berdeak eta urdinak. Harrera oso ona izan zuten, baita pegatinek eta giltzariek ere". Bestalde, herdoila laser bidez garbitzeko postuak arreta handia piztu zuen, eta errekanbioak erosteko postuan mugimendua zegoen.
Bi motorrek jabea dute
Aurten, motor baten faltan, bi zozketatu zituzten Katxarro Eguneank: haurrendako kros-motor txiki bat, eta Bultaco Sherpa. Zozketako txartelek hegan egin zuten. Bi sariak Sakanatik kanpora joan ziren, eta zortedunak "oso pozik" zeudela nabarmendu du Zelaiak".
Lehenengoz Altsasuraino
Katxarro Eguna ixteko, Sakanan barna bueltatxoa ematen dute partaideek. Lehenengo aldiz Altsasura iritsi ziren, San Pedrotik, eta Urdiaindik sartuta, Iturmendin aurrera egin eta San Benito bidetik iritsi ziren Bakaikura, "ibilbide oso polita".