Bakaikun egin nahi dituzte AHTko laginketak

Guaixe 2025eko urriaren 27a

Bakaikuko ikuspegia. ARTXIBOA

Basoan eginen direla iragarri dute zortzi langilek. Uneoro lau segurtasun langilez zainduta egonen dira. Abiadura Handiko Treneko Nafarroako korridorea Ezkio-Itsason Euskal Yrekin lotzeko

Abiadura Handiko Treneko (AHT) Euskal Y eta Nafarroako korridorea lotzeko bi aukera ditu Espainiako Gobernuak: Aralar mendia tunel bidez zeharkatu edo, Sakanan barna, Iruñea eta Gasteiz lotzea. Trenbide berria Aralar mendebaldetik eramanez bi sareak Ezkion lotzea proposatu zuen Eusko Jaurlaritzak 2018an. Garraioko Estatu Idazkari Jose Antonio Santano Claverok esan duenez, Eusko Jaurlaritzaren ideian oinarritutako beste trazatu baten alde egin dute. 

Bi trenbide sareak lotzeko trazatu horretako lurraren laginak hartu behar dituzte orain, bere bideragarritasuna zehazteko. Laginketak eginez datu geologiko, geotekniko eta hidrogeologikoak lortuko dira, eta iragazkortasun probak ere egingo dira, bai eta landa-azterketak, "in situ" saiakuntzak eta laborategiko saiakuntzak ere.

Jakinarazi dutenez, laginketak Beasainen, Idiazabalen, Ataunen eta Bakaikun eginen dira. Aurreikusi dute laginketak zazpi puntutan eta sakonera desberdinetan egingo direla, gutxieneko 25 metroko sakoneratik gehienezko 154 metrora arte. Hau da, sakonera txikiko (25 eta 35 metro artean) zundaketekin batera tartekoak ere eginen dituzte (50 metrotik 100 metroraino) hiru puntutan, Baina erabiliko duten makineria 175 metroko sakonerara iristeko prestatuta dago.

Aralarko hego-mendebaldeko muturraren azpitik igaroko litzatekeen ibilbide bat marrazten dute laginketen kokalekuak. Gipuzkoako Aralar natur parkeko lurzorua bizpahiru kilometrotan zulatuko luke proposatutako trazatuak. Aurreikuspenen arabera, lanak hilabete honetan bertan hasiko dira, eta Madrilen egoitza duen Ineco ingeniaritza enpresak egingo ditu. 

Lanak zortzi pertsonako lantalde batek eginen ditu. Haiekin batera segurtasuneko lau zaindari izanen dira uneoro. Aurreikusi dute lanak 24 orduz zainduta egonen direla. Langinketengatik enpresak 330.867,33 euro (BEZ barne) jasoko ditu. Segurtasun enpresak, berriz, 73.920 euro (BEZik gabe). Laborategi entseguetarako, azkenik, 12.842,80 euro bideratuko dira. Lanak egiteko bederatzi hilabete ditu.  

Deiak 
STOP Zundaketak-AHTrik ez! ekimeneko kideek adierazi dutenez, "propaganda ofizialaren arabera, hirugarren trazatuaren aldaera horrek ez dio Aralarri eragiten, eta askoz ere inpaktu txikiagokoa da. Agerikoa da Aralarri eragiten diola eta eraso ekologikoa antzekoa dela. Manipulazio hori salatu nahi dugu, 22,5 km-ko tunel batetik 20 km-ko tunel batera pasatzen baita".

Ekimeneko kideek esan dutenez, "zundaketa kanpaina udalen eta biztanleen borondatearen kontra egin nahi da". Gogorarazi dutenez, "orain arte, zundaketek mehatxaturiko eremuetako (Sakana, Goierri eta Itza) udalen oposizioa eta ekimen honek sustatutako herri mobilizazioari esker, zundaketen hasiera bi urte eta erdi baino gehiago atzeratu da". Ataun, Otxobi eta Izurdiagan hasitako zundaketak gelditu zirela gogoratu dute. "Iragarririko zundaketen hasiera honengatik interpelaturiko lau udalei dei egiten diegu lanak egiten ez laguntzeko eta inolako baimenik ez emateko". Era berean, "dei egiten diegu bailara horietako biztanleei eta, oro har, AHTaren aurkari guztiei zundaketen kontra deituriko mobilizazioetan parte har dezaten eta adi egon daitezen larrialdi protokoloa aktibatzen denerako". Gogorarazi dutenez, "aipaturiko lau herrietako lurretan mugimendu susmagarriren bat antzemanez gero, hots egin 656 711 130 telefono zenbakira eta dagokion udalari".