AHT ibilbide proiektua

AHTko hirugarren ibilbide posibleko zundaketak bertan behera uztea eskatu dute

Guaixe 2025eko azaroaren 12a

Ekimeneko kidek Idiazabelen emandako prentsaurrekoa. UTZITAKOA

Egitasmoak ingurumenean izanen lituzkeen eraginak nabarmendu ditu Stop zundaketak, AHTrik ez! Ekimenak. Aldi berean, salatu du egitasmoaren kontra dauden herrietan egin nahi direla zundaketak

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Euskal Y eta Nafarroako korridorea nola lotu zehazteko dago oraindik. Espainiako Gobernuak jakinarazi zuen hirugarren ibilbidearen aukera aztertzeko zundaketak eginen zirela. Hirugarren aukera hori hasiera batean Aralar mendia azpitik zeharkatzen du. Ministerioak haren moldaketa bat aurkeztu du, "Aralarren mendebaldeko" ertzetik. Aukera hori eginen balitz bi trenbideak Ezkion bat eginen lukete. 

AHTren trazadura posible hori gauza daitekeen jakiteko Beasainen, Idiazabalen, Ataunen eta Bakaikun zundaketak eginen zirela jakinarazi zuten ministeriotik. Zazpi gunetan eginen lituzkete, eta enpresak segurtasun pribatua izanen luke. Lanak emanak daude eta enpresak zundaketak egiteko bederatzi hilabete ditu. 

Stop zundaketak, AHTrik ez! ekimeneko kideek ministerioak esandakoa gezurtatu dute, eta trazadura proposamen berriak Aralar mendiari eragiten diola nabarmendu dute. "Ataungo zundaketa puntuak natur parketik gertu daude, eta halabeharrez AHTak babesturiko gunea igaroko luke". Ekimeneko kideek esan dutenez, "ibilbide berria natur parkea inguratzeko helburuz sortu bada ere, ingurumen kalte ia berak eragingo ditu. Hau da, 22,5 km-ko tunel egin beharrean 20 km-ko tunel batera eginen da". Gaineratu dutenez, "Aralar eta Aizkorri-Aratz natur parkeen arteko korridore ekologikoa bete-betean zatituko luke azpiegitura horrek".

Bestalde, zundaketen kontrako ekimeneko kideek salatu dutenez, "Estatuko, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak elkarri mokoka ibili dira, bakoitzak azpiegitura erraldoi hori bere mesedeetara ahalik eta gehien hurbiltzeko helburuarekin".

Deialdiak
Azpiegitura horren kontrako ekintzaileek azaldu dutenez, "azken zundaketa-kanpaina eskualdeko udalen eta biztanleen borondatearen kontra egin nahi da, behin baino gehiagotan azpiegitura honen aurka agertu baikara". Horregatik Beasain, Ataun, Idiazabal eta Bakaikuko udalei dei egin diete lanak egiten ez laguntzeko eta baimenik ez emateko. 

Aldi berean, Stop zundaketak, AHTrik ez! ekimeneko kideek Beasain, Ataun, Idiazabal eta Bakaikuko herritarrei adi egoteko eskatu diete. "Zuen herrietako lurretan mugimendu susmagarriren bat antzemanez gero, deitzeko 656 711 130 ekimenaren telefono zenbakira hots egin, eta dagokion udalari ere".

Mendi martxa 
AHTren balizko ibilbideak zein parajetatik pasako litzatekeen ezagutarazteko mendi martxa antolatu dute. Idiazabal eta Ataungo muga (Dantzaleku) arteko joan-etorria eginen dute. 10 km-ko ibilbidea eta 500 metroko desnibela duen mendi martxa hori azaroaren 23an, igandearekin, 09:30ean abiatuko da. 

Ibilbidean zehar geldialdiak eginen dituzte. Haietako batean Inma Mugerza hidrogeologoak AHTak ingurune karstikoetan sortu ditzaken kalteen berri emanen du. Ibiltariek ere izaki mitologikoen pasarte batekin gozatzeko aukera izango dute. Gainera, bertako produktuz osaturiko hamaiketakoa izanen da ibiltariendako, trikitilari eta panderojoleak girotuta. 

Bestalde, Mugerza hidrogeologoak hitzaldia emanen du Ataungo udaletxean azaroaren 26an, asteazkenarekin. AHTak eremu karstikoan dituen eragin nagusiak zeintzuk diren ezagutzeko aukera izanen du bertaratzen direnek.