Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin non lotu erabakitzeko zundaketak eginen dituela jakinarazi du Espainiako Gobernuak. Horiek salatzeko Stop Zundaketak, AHTrik ez ekimenak mendi martxa egin zuen Olaberria eta Idiazabal artean atzo, azaroak 23. Zundaketa eginen den toki horietako bat izan litekeen puntura arte joan ziren ibiltariak. Deitzaileek salatu zutenez, "zulatu beharreko puntuei buruzko ezjakintasun handia dago, kalteturiko udalek, orain arte, ez baitute horri buruzko inolako informaziorik jaso".
Stop Zundaketak, AHTrik ez ekimeneko kideek mendi martxa baliatu zuten " bertsio ofiziala ezeztatu eta Aralar mendiguneari modu basatian eragiten dion hirugarren alternatibak mehatxaturiko eremuei buruzko azalpenak eman eta izanen dituen itzuli-ezinezko ondorioez" argibideak eman zituzten.
Bestalde, Stop Zundaketak, AHTrik ez ekimenak udalei eskatu zien "zundaketak egiteko inolako laguntzarik ezta baimenik ez emateko". Era berean, Sakanako eta Goierriko bizilagunei gogorarazi zieten adi jarraitzeko eta 656 711 130 ekimeneko telefono zenbakira hots egiteko, bai dagokion udalari ere, zundaketak iragarri diren herrietako lurretan mugimendu susmagarriren bat antzemanez gero.
Ekitaldia
Idiazabalen antolatzaileek ekitaldia egin zuen. Han Stop Zundaketak, AHTrik ez ekimenak zundaketen kontra egindako bi urte eta erdiko borrokaren balorazio oso positiboa egin zuten. Gogorarazi zutenez, "ia bi urte eta erdi joan dira lehen aldiz eta ezustean Ataunen lehen zundaketa hura isilpean egitera agertu zirela. Horrek herritarrak eta bertako udala mugiarazi zituen eta ez egitea lortu zuten". Horren ondorioz, Gipuzkoako Goierri, Arabako Lautada eta Nafarroako Iza eta Sakana eskualdeetako AHTren kontrako eta ingurumenaren aldeko zenbait taldek AHT zundaketen kontrako ekimena sortu genuen eta horrelako egoeren aurrean erantzuteko protokoloa adostu".
AHT egiteko zundaketen kontra egindako ekimenak zerrendatu zituzten: bizikleta martxak, elkarretaratzeak, mendi martxak, hitzaldiak, erakusketak, eztabaidak, udaletan aurkeztu mozioak... Gaztigatu zutenez, "ordutik bitan aktibatu behar izan da zundaketen aurreko protokoloa, Nafarroako Otsobi eta Izurdiaga herrietan. Bietan herritarrei eta bertako erakundeetako ordezkariei esker modu irregularrean egin nahi zituzten lanak gelditzea lortu genuen. Garaipen kolektiboa izan da".
Stop Zundaketak, AHTrik ez ekimenekoek azaldu dutenez, "bitartean AHT sustatzen duten erakundeetako ordezkariak behin eta berriro agertu dira komunikabideetan, askotan haien arteko ika–mikak tarteko, hainbatetan gerora gezurtatu dituzten informazioa/desinformazioak zabaltzeko, baita eskualde horietako borondatearen gainetik jarraitzeko nolako bideetara joko duten ere mehatxatzeko". Aurreikusitako zundaketa kanpainaren berri ofizialik ez dela nabarmendu zuten, soilik komunikabide batzuen bitartez jaso duguna".
Ziurtatu zutenez, "eztabaida ez da AHT nondik egin behar den, baizik eta egin behar ote den. Hori erabaki bitarte martxan dauden lanak eta zundaketa asmoak bertan behera utzi behar dira. Eztabaida horretan ere guk argi dugu ez dugula AHTrik nahi, irtenbidea izan ordez arazoa delako". Bitartean zundaketak eta AHT gelditzeko "borrokan jarraitzeak merezi" duela adierazi dute". Horregatik orain artekoagatik eskerrak eman eta antolatzera deitzen zaituztegu. Udalei eskatzen diegu zundaketa lanak egiten ez laguntzeko eta baimenak ez emateko. Era berean, guztioi gogorarazten dizuegu protokoloaren bidez aurre egiten jarraitzeko".