Bakaikuko San Anton kofradiak 76 kide ditu, baina hainbat arrozoi direla eta haietako asko ez ziren elizkizunean izan. Mezaren ondoren kofradiakoen batzarra izan zen. Joan zen urtean bi baja izan zituen kofradiak: Simon Ormazabal eta Migel Anjel Ondarra. Aurrenekoaren seme Alberto kofrade berria da. Kofradiaren ardura, maiordomoa, Alfredo Zelaia Goikoetxearen esku gelditzekoa zen, Pedro Jose Zelaia Romerali, Pexeri, lekukoa hartuta. Baina ezin izan zen egon eta Angel Urrestarazu Fernandez da maiordomo berria. Haren laguntzailea, beleroa, Alvaro Kintana Urrestarazu da.
Batzarrean gogorarazi zuten kofradia herrian bizirik dagoen ohitura dela. “Tradizioa mantentzea zaila da. Ez da elizarekin lotutako zerbait bezala ikusi behar. Ez du loturarik. Ez da mezara edo bazkarira joatera behartzen”, ziurtatu zuten. “Zabaldutako zurrumurruen aurrean argi eta garbi esan beharra dago kofradia emakumezkoak onartzen direla”. Tradizioari eusteko eta ez galtzeko gazteak eta emakumezkoak izena ematera gonbidatu zituzten. Bestetik, urtero antolatzen den bazkariaren prezioa merkatzeko proposamenak egitea eskatu zuten maiordomoak eta beleroak.
Mezaren ondoren, poteoan ibili ziren kofradiako kideak eta, ondoren , Bakarrekoetxea elkartean egindako bazkarian 32 kide elkartu ziren.