Gizarte aretoa bete zuten 60 bat bakaikuarrek ilbeltzaren 31n. Guztiek ere adi entzun zituzten Egoitz Urritza Lazkoz alkateak eta Sakana Trenaren Alde plataformako kide baten azalpenak. Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Iruñea-Altsasu tarteko informazio azterlana izan zuten hizpide, zehazki bere ibilbidea eta hura egiteak eraginen lituzkeen afekzioak. Hizlariek, besteak beste, adierazi zuten ministerioaren egitasmoak ez zuela egungo trena hobetzeko alternatiba aztertu eta ingurumenean kalte handiak eraginen lituzkeela. Tren sozialaren aldeko apustua egin zuten. Aldi berean, hizlariek herritarrak proiektua bertan behera uztea eskatzen duten alegazioak sinatzera gonbidatu zituzten. Han jaso zituzten aurrenak.