Sakanako Autobia (A-10) eraiki zutenean, Bakaikuko industrialdera joateko propio zerbitzu bide bat egin zuten, autobiari paraleloa dena. Bada, GPSak, satelite bidezko nabigazio sistemak, kamioi gidariak Bakaiku erditik bidaltzen ditu industrialdera, NA-2410 errepidetik atera, Elizpea kalea hartu autobia azpiko zubia pasa eta industrialderantz joateko.
Agindu horiei jarraitu zien kamioi gidari batek azaroaren 10ean. Autobia azpiko zubira iritsi zenean gidaria jabetu zen handik ezin zela pasa. Bi kamioi zeramatzan atoian eta altuera handiegia zuten. Beraz, Elizpea kalean atzerantz egin zuen eta beheko iturriaren aldamenean dagoen porlanezko postea jo eta hautsi egin zuen. Horren ondorioz, zutoina argindar kableetatik zintzilik gelditu zen. Electra Saltea SMrena da Bakaikuko argindar sarea eta hark zutoina ez erortzeko zirga pare bat jarri zituen. Ordezko zutabea eraman zuen baina, lanak egiteko, eguraldiak hobera egiteko zain dago enpresa.