Kolaborazioa

Bakaikuko zatitxo bat Urraulgoitin

Inge Zelaia Zubikoa 2026ko martxoaren 23a

Agustin Lopez de Zubiria Larraza Urraulgoitin emandako oroigarriarekin. UTZITAKOA

Martxoaren 7an Usotxaren deia ospatu zuten Irurozkiko herrian. San Gregorioko egunarekin bat eginez, bailarako gazteek, Usotxaren kondaira biziberritu dute aurten. Arratsaldean mozorrotutako haur eta gazteak Aietxu, Ongotz, Eparotz eta Imirizaldutik pasa ziren bertakoek eskainitako jakiak dastatzera. Jai giroan Irurozkira heldu eta gaueko iluntasunean irrintzi batek Usotxa agerrarazi zuen. Zer gertatu zen ondoren? Ezin kontatu, jakinmina baduzue, hurrengo urtean Urraulgoitira joan beharko!

Baina zer gertatu da aurretik? Bailarako gazteen abiapuntua argia zen: Arbasoen bertako ogibideen inguruko ezagutzaren balioa nabarmentzea eta aitona-amonek kontatutako istorio eta kondairak ahoz transmititu izanaren aitortza, tokiko ondare immateriala diren heinean.

Erronka polita izan da eta gazteak ez dira bakarrik egon, bailara osoa batu da. Plaza girotzeko antzinako errementari edota iruleen ogibideak irudikatzeko etxeko tresna zaharrak eskaini dituzte batzuek. Besteek, antzerki eta dantzen koreografiak zerotik eraiki dituzte. Pertsonaien jantziak diseinatzeko laguntza bikaina jaso dute eta horiek josteko emakume ugari aritu dira buru belarri.

Lan mardulena Usotxa bera janztea izan da, nork bere modura irudikatzen baitzuen. Baina guztiek bat egiten zuten gauza berean: Usotxak erratza handi bat darama.

Elkoatzeko Santik argi ikusi zuen, Bakaikuko Agustinen ilarrontzirik handiena behar zuten!

Agustin Lopez de Zubiria Larraza eta bere ilarrontziak ezagunak dira Urraulgoitin. Izan ere, Irurozkiko festetan

Erratzaren dantza egiten da eta Agustinen ilarrontzietako bat duela hamar urte inguru heldu zen lehengoz herrira, Marcuello Etxearen eskutik.

Kasu honetan, Agustinen ilarrontziak oso esanahi indartsua hartu du. Alde batetik, Usotxaren sinbolo bilakatu baita. Beste aldetik, herriak Agustinengana jo izana ez da kasualitate hutsa izan. Bailarako gazteek Bakaikuko artisauak modu tradizionalean sortutako ilarrontzia goraipatu eta nola bait ere, haien arbasoen ogibide eta jakintza omendu nahi izan duten bezala, Agustinena ere.

Esker onez jaso du Agustinek Urraulgoititik artisautzari egindako errekonozimendu hau, eta dagoeneko, martxoan bertan 94 urte beteko dituen bakaikuarrari helarazi dioten oroigarria, aurretik jaso dituen beste batzuekin batera, toki paregabean jarri du.

Zorionak Agustin eta eskerrik asko!

(Bide batez, eskerrak eman Elkarteko Iosuri. Ilarrontziak Bakaikutik Irurozkira bidean geldialditxo bat egin baitzuen Elkarteko herrian, ilarrontziaren heldulekuan estreinaldiaren data serigrafiatzeko.)