Santioalde urbanizatzeko lanak hasi dituzte

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko martxoaren 31

Eginen den kale berriaren alde banatan seina etxebizitza eraikitzea aurreikusten da.

Bizpahiru aste dira makinak lanean ari direla Bideberrialde eta Elizazpi kaleen artean. Excavaciones Santesteban enpresako langileak ari dira urbanizazio berriko lanak egiten. Bi kaleen artean garatuko den urbanizazioak guztira 5.500 metro karratu inguru izanen ditu. Lanen aurreneko fasean 1.613 metro karratuko azalera duen kale bat eraikiko dute. Kale hori Elizazpi kaletik Santiago ermitara joateko bidea moldatu eta zazpi metroko zabalera duen kalea bihurtuko da. Ermita pasata, kaleak Iturralde frontoirantz joko du, Bideberrialde kalearekin lotzeko. Kale berriak bederatzi metroko zabalera izanen du. Urbanizazio proiektuaren arabera, kale berri horren bi aldeetara seina etxebizitza eginen dira. Egitasmoa Construcciones Bakaikoa SMk sustatu du.

Orain egiten ari diren lanen fase hori handiena da. Bigarrena Bakaikuko Udalak eginen du. Santiago ermitaren ondotik bide bat abiatzen da autobiaren ondoan dauden partzela batzuetara. Fase horrek 250 metro karratuko azalera hartuko luke. Urbanizazio berriak bidea ez mozteko eta sartzeko erraztasuna izateko, udalak enpresarekin hitzarmen bat sinatu zuen. Egoitz Urritza Lazkoz alkateak azaldu duenez, "bigarren faseko lanak aldamenean dagoen unitateko lanak egitean eginen lirateke. Bestela, eginen balitz, bide bat moztuko litzateke". Bestetik, jakinarazi du, etxebizitzak eraikitzeko obra proiekturik ez dela, oraingoz, aurkeztu.