June Kintana Larrazak goi mailako errendimendu handiko disko jaurtiketa albo batera utzi du. Kirola egiten jarraitzen du, bere egunerokotasunean ezinbestekoa baita, baina Bakaikura itzuli, albaitari gisa lanean hasi, eta beste bizitza bati ekin dio.
Disko jaurtitzaile gisa, palmares ikaragarria du. Tartean, zazpi aldiz izan da Espainiako Neguko Jaurtiketa Luzeen txapeldun absolutua, eta lau aldiz Espainiako Aire Zabaleko txapeldun absolutua. Zilarrezko dominak eta bestelakoak kontuan hartu gabe. Nafarroako disko jaurtiketaren errekor absolutua du (57.83 m, 2022an) eta bere marka 58.08 m-koa da (2023, Bartzelona). Nazioarte mailan makina bat txapelketetan lehiatu da eta estatuko disko jaurtitzaile handiena izan da.
Palmares luzea duzu, 2010. urtetik 16 urtez azpian lehiatzen hasi zinenetik 2025era arte. Ordutik hona, ez dago zuri buruzko daturik. Goi mailako kirola albo batera utzi duzunaren seinale, edo atsedenaldia hartu duzunaren isla.
Bai, halako zerbait. Inoiz ez dut esango guztiz erretiratu naizenik, baina bai goi mailako disko jaurtiketa utzi dudala. Azkenean bizitzak beste norabide bat hartu zuen eta martxa horretatik jaisteko erabakia hartu nuen, urte asko izan direlako goi mailako atletismoa egiten. Kirolari gehienoi gertatzen zaigun zerbait da, barrutik sentitzea etapaz aldatu behar duzula. Momentua iristen da, eta nire kasuan horrela izan zen. Oraindik ez dira bi urte osorik bete, baina orduan hartu nuen erabakia, errendimendu handiko mailatik ateratzearena. Iaz, 2025ean, atletismo ligetako txapelketak egin nituen Grupompleo Pamplona Atletico nire kluba laguntzearren, baina duela ia bi urte ez dudala goi mailako maila hori jarraitzen.

2024an kirolaren aldeko apustua egin zenuen. Albaitaritza ikasketak despedituta, Leongo Goi Errendimenduzko Kirolarien Zentroan %100 murgilduta aritu zinen. Urte hori mugarria izan zen markatutako helburuetara iritsiko ez bazina dena uzteko?
Bai, baina ez modu horren planifikatuan; sortu ahala. Albaitaritza bukatuta erabaki nuen espreski kirolean zentratzea, baina 2024. urtea pasatuta goi mailako kirola uztearen erabakiaren atzean hainbat arrazoi zeuden. Horietako bat, beharra izan zen. Behar emozionala, psikologikoa, eta ekonomikoa.
Behar psikologikoek fisikoek baino pisu gehiago izaten dute.
Beti esan izan dut, burua da garrantzitsuena. Zentzu honetan, zorte handia izan dut, kirolari asko lesioengatik erretiratzen direlako. Nire kasuan ez zen hala izan, erabaki meditatu bat izan zen. Ez nuen planifikatu hemendik urte batera kitto, disko jaurtiketa uztea. Kirolari emana egon nintzen tartean nire esku zegoen guztia egin nuela ikusi nuen, txapelketak ahalik eta hobekien egiten eta marka onak ateratzen saiatu nintzela, eta urtea pasa ahala jabetu nintzen aldaketa bat behar nuela. Gorputzak eskatzen zidan. Urte asko izan dira fisikoa matxakatzen, mentalki ere bai... Ikasi dudana, albaitaritza, oso gustuko dut eta sentitu nuen lanean hastea beharrezkoa zela.
Goi mailako kirolari gisa, egunero zenbat entrenatzen zenuen?
Entrenatzearen zati guztiak batuz osotara bospasei ordu inguru, batez beste. Behin lanean hasita, kirolean maila horri eustea oso zaila da. Ez nuen ikusten posible lanean hasi eta aldi berean maila horretan entrenatzea, ez dagoelako egunean hainbeste ordu; gorputzak atseden hartzea behar du, buruak ere bai. Guztiz erretiratu naizela ez dut esaten, baina momentu horretan, eta ordutik daramadan urte pasatxo honetan atletismoaz deskonektatzea behar nuen, urte asko izan direlako hori bakarrik egiten. Beste kirol batzuk egiteko gogoa nuen, eta disko jaurtiketan nengoen mailan egoteko konpromisoa alde batera uztea. Iaz atletismo ligetan parte hartu nuen kluba laguntzearren, noizbehinka, astean behin, diskoan entrenatuta, baina aurten erabaki nuen diskoa tarte batean deskantsatzen uzteko beharra nuela.
Disko jaurtitzaile gisa curriculum luze eta zabala duzu. Neguko Juartiketa Luzeetan zazpi txapelketa absolutu, Aire Zabalekoan lau txapelketa, zilarrezkoak, 18 eta 16 urtez azpikoetakoak...
Nik ere ez dakit zenbat ditudan.

Munduko Txapelketetan, Europako Txapelketetan, Europako Kopetan eta bestelako atletismo meeting-etan aritu zara. 2024ko Pariseko Olinpiar Jokoetara sailkatu ahal izateko gutxienekoa 60 metroren inguruan zegoen; beste aukera bestelako txapelketetan beharrezko puntuak lortzea zen. Zure marka onena 2023an lortu zenuen, Bartzelonan: 58.08 m. 60 metroetara iristea presio handia izan zen zuretako?
Egia esan, ez. Kontziente nintzen helburu oso zaila zela lortzeko. Urte horiek kirolaz benetan disfrutatzeko urteak izan ziren niretako, horrenbeste urtetan hainbeste presio eta hainbeste disgustu izan eta gero. Kirolean ari zarenean helburu batzuk dituzu; oso diziplinatuak gara eta buruan jarritako markak ez direnean ateratzen frustrazio hori kudeatzea zailena izaten da beti. Baina azken urte horietan kirola ez nuen modu horretan ikusten. Pentsatzen nuen: "ni saiatuko naiz ahalik eta hobekien egiten; ateratzen bada, ongi eta bestela, ez". Alde horretatik, lasai nago nire buruarekin. Pena pixka bat, bai, badut; beti geratuko zait 60 metroetara iritsi ez izanaren arantza hori, baina nire eskuetan zegoena ahalik eta hobekien egiten saiatu nintzen, eta ez zen posible izan. Alde horretatik, lasai nago.
Entrenatzeko modua ere aldatu zenuen. Manuel Martinez entrenatzailearekin hasi zinen lanean, indarra gehiago landuz, eta indar gehiago duen gorputza disko jaurtiketaren mugimendura egokituz.
Xehetasun txiki horiek afinatzen hasi nintzen nire errendimendurik handiena atera ahal izateko. Egindako prozesuarekin harro nago. Jakina 60 metro jaurti nahiko nukeela, eta Olinpiar Jokoetera joatea, baina ez zen posible izan eta beste prozesu guztia dut buruan. Pozik sentitu naiz, saiatu nintzelako.
Goi mailako lehiaketa utzi zenuenean zer esan zuten zure taldekideek, Manuel Martinez entrenatzaileak eta selekzioko hautatzaileek? Harritu al ziren?
Ez, nire egoera zein zen ikusten zutelako. Etapaz aldatzeko behar hori nuela aipatu nien, eta denek esan zidaten erabaki ona hartzen nuela. Ez zen erreakzio txarrik edo arrarorik egon. Kirolari guztiei iristen zaigu momentu hori, eta erabakia errespetatu zuten. Ez nuen arazorik izan.
Behin lanean hasita, goi errendimenduzko kirolaren mailari eustea oso zaila da"
Erabakia hartzea kostatu zitzaizun?
Urte hauetan psikologoarekin lan handia egin dudanez, nik uste burua inkontzienteki prestatzen joan nintzela. Erabaki traumatikoa da, zure egunerokotasuna erabat aldatzen duelako. Lanean hasita, errealitatea ikusten duzu, bizitzeko modu ezberdina. Leonen horrenbeste urte bizi ondoren etxera itzultzea, aldaketa horretara ohitu behar izan dut. Batzuetan sartzen zait halako bertigo sentsazio bat: "erabakia hartuta, ongi egin dut?". Baietz uste dut, nik erabaki dudalako, ez da lesio batek derrigortua izan. Hori zorte handia da.
Goi mailako kirola utzita, kirolak zure bizitzan garrantzia izaten jarraitzen du?
Noski! Gainera, gustatzen zait. Hasieran atseden hartzeko gogoa nuen, kirolaren konpromisoaren buruhauste horiek burutik kentzea. Baina horrenbeste urtez txapelketetan murgilduta, faltan botatzen nuen txapelketak egitea, lehiatzea. Norberak bere buruarekin dituen erronka horiek. Jaurtitzaileak garenoi indarra lantzea gustatzen zaigu, ohituta gaude horretara. Egun, nire kirol esanguratsuena crossfita da, sekta horretan sartu naiz (kar-kar). Harrapatu nau. Oraingoz entrenatzera noa, egunean denbora txiki bat ateratzen dut crossfita egiteko. Crossfitaz gaindi, lagunekin edo familiarekin mendira goaz, eskalatzera... Ez gara gelditzen.

Grupompleo Pamplona Atletico taldean federatuta jarraitzen duzu?
Bai. Ez dut baztertzen noizbehinka atletismo pistara joatea, klubeko kideekin hainbeste urtez elkarrekin egon ondoren erlazio handia baitugu. Federatuta nago, baina txapelketetan ez dut parte hartuko.
Diskoari amorrua hartu al diozu? Ez duzu diskoarekin aritu nahi?
Utzi nuenetik ez dut behar hori izan. Uste dut erreakzio normal bat dela. Saturatuta nengoen, eta pixka bat distantzia hartzea behar nuen. Horrek ez du kentzen etxean noizbehinka diskoa hartzea. Beti izaten dut disko bat armairuan, eta noizbehinka hartzen dut, baina oraintxe bertan ez ditut diskoarekin aritzeko gogo horiek.
Disko jaurtiketako eta atletismoko txapelketak jarraitzen dituzu?
Bai. Ez noa probak ikustera, txapelketak normalean urruti direlako eta lanagatik zaila da, baina sare sozialetan eta komunikabideetan jarraitzen ditut egindako markak, lagun eta taldekideei zortea opa egiten diet...
Zer moduz albaitari gisa?
Oso gustura. Abeltzaintzan lan egiten dut, beti gustatu izan zaidana, hegazti hazkuntzako produkzio intentsiboan, oilaskoen munduan. Oso gustura nago, lan polita da. Enpresak dituen granjetara joaten naiz, oilaskoen jarraipena egitera. Helburua oilaskoa ongi haztea da.
Bakaikura buelta pozgarria izango zen zuretako.
Bai, hori buruan nuen zerbait zen. Argi nuen Leonen bizitzea aldi baterakoa zela, noizbait etxera bueltatuko nintzela. Familia eta kuadrilla hemen ditut, eta hemengo bizimodua asko gustatzen zait. Oso argi nuen zerbait zen.
Beraz, zure buruarekin pakean zaude erabat. Hartutako erabakiarekin penatuta egongo bazina...
Oso gogorra litzateke. Baina beharrezkoa zen aldaketa zen, eta pozik nago hartutako erabakiarekin eta daramadan bizimoduarekin.
Erretiratu hitza, ordea, badirudi ez duzula gustuko.
(Kar-kar) Goi mailako kiroletik erretiratu naiz, hori bada, bai. Oso zaila izango litzateke itzultzea. Ez dut albo batera uzten noizbait esatea: "aurten pixka bat entrenatu eta ligak egiteko prestatuko naiz". Espainiako Txapelketa batera joatea, baina irabaztera joateko helburua izan gabe.

Goi mailan aritu zareten kirolariontzat hori oso zaila da. Oso lehiakorrak zarete.
Idoiak, Iruñean izan dudan betiko entrenatzaileak, esaten dit batzuetan denbora bat deskonektatuta egotea behar dela, eta gero, bat-batean, aritzeko gogoak etortzen direla. Noizbat hasten banaiz, beste modu batez izango da. Baina egia da goi mailan eta horren topera ibili naizenez, Espainiako Txapelketara lasai joatea kostatuko litzaidakeela. Beti izan dut lehiatzeko grina hori.
Jaurtiketetan hasiberria den gaztetxo edo haur bati zer gomendatuko zenioke?
Jarrai dezala. Beti konziente izan beharra dago errealitatea krudela dela; markaz fuerako norbait ez bazara ezingo zarela horretaz bizi. Baina motibatuta bazaude eta zoriontsu egiten bazaitu, aurrera. Entrenatu, zure helburuak jarri, eta batez ere disfrutatu, azkenean kirola horretan datzalako. Ez bazaude gustura, zure gorputza eta burua derrigortu arren ez bada naturalki ateratzen, ez duzu egingo. Baina benetan gustukoa baduzu eta erronka, amets edo helburu horiek bete nahi baldin badituzu, aurrera.
"Urte batzuk hobeak izan dira, beste batzuk gogorrak, baina asko disfrutatu dut"
Urte luze hauetan zuk disfrutatu al duzu?
Bai. Urteak eta urteak izan dira, urte batzuk hobeak, beste batzuk okerragoak, badago halako tarte bat disfrutatu baino gehiago sufritzen duzuna... baina oso pozik nago egin dudan kirol karrerarekin.
Ikusgarria, esango genuke. Urre eta zilar pilarekin.
Ikusgarria ez dakit, baina beno... Dominetan beti kirol helburua sartzen da; beti izan daiteke bateonbat gehiago.
Non dauzkazu domina horiek guztiak?
Gordeak ditut, baina etxean txokoren bat prestatzea nahiko nuke, guztiak batera jartzeko.
