Aranzadi zientzia elkarteak egindako bilaketak ez du fruiturik eman

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko maiatzaren 6a

Bakaikuko hilerria. ARTXIBOA

1936ko estatu kolpearen ondoren hildako baten gorpua bilatzen saiatu zen.

Foru administrazioaren Nafarroako Memoriaren Institutuak hala eskatuta, Aranzadi zientzia elkarteko kideak Bakaikun izan ziren apirilaren 28an eta 29an. Hilerriaren inguruan indusketa lanak egiten aritu ziren teknikariak. Javier Bea Sotoren gorpuzkiak opatzeko helburuz aritu ziren lanean. Baina ahaleginak ez zuen emaitzarik eman. 

Bea, Asuncion Soto Iglesiasen eta Felix Bea Munarrizen semea zen eta Sesman jaio zen 1917an. Zazpi anai-arrebetan txikiena zen. Handik Iruñera bizitzera joan zen, bizargina ogibidez, ezkongabe zegoen. PCEko kidea zen. 1936ko estatu kolpea eman zutenek Bearen bi anaia hil zituzten, Manuel eta Pedro. Horren jakitun, Beak hila izateko arriskua zuela ikusita, hanka egitea erabaki zuen. Jasotako testigantzen arabera, Beak Iruñerritik trenez ihes egin zuen, Gipuzkoara joateko asmoz. Baina bidean harrapatu eta fusilatu zuten 1936ko garilaren 21ean. Antza, Bakaikun lur eman zioten. Horregatik, aritu ziren Arantzadikoak hilerriaren inguruan indusketa lanak egiten.  Baina ez dute aztarnarik opatu. 

Nafarroako Memoriaren Institututik adierazi dutenez, "genuen arrastoa hala-holakoa zen. Ohikoa da horrela izatea, garai hura bizi izan zuten pertsonen gero eta testigantza zuzen gutxiago baititugu". Institututik dei egin diete bakaikuarrei eta inguruko herrietako herritarrei: "antzeko gertakariren baten berri baldin badute, mesedez, gurekin harremanetan jar daitezela". Bere testigantza edo etxean edo herrian entzundako testigantza eman nahi dutenek, inm@navarra.es posta elektronikoko helbidera idatzi beharko dute horren berri emateko. 

Bestalde, Nafarroako Memoriaren Institutuko arduradunek 1936ko errepresioaren biktimen senideei eskaera egin diete: DNA laginak eman ditzatela. Indusketetatik ateratako gorpuzkiei DNA probak egiten diete eta gero horiek laginak eman dituztenen antzekoak diren begiratzen dute.