Bakaikuko Gazte Asanbladak (BGA) udalarena den Hiru Haitz bajera okupatu zuen osteguneko 08:00ak aldera, garilaren 2an. BGAko zazpi kide ostegun eta ostiralean bertan eman zuten barruan. Egun berean, 19:00etan, elkartasun kontzentrazioan egin zen eraikinaren parean eta 100 bat pertsona elkartu ziren. Bakaikuarrez aparte, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Iturmendi, Altsasu eta Olatzagutiko gazteak izan ziren bertan. Ordutik gazteak lokala egokitzeko lanean daude. Pintxo poteren bat ere antolatu dute.
BGAko kideek azaldu dutenez, "eskoletako lokalak berritu zirenetik urteak pasa dira eta Asanbladak toki finko bat izan gabe pasa ditu urte horiek". Horrek haien "eguneroko jarduera guztiz baldintzatu" duela adierazi dute: "edozer gauza antolatzeko herriko beste erakunde baten atzetik ibiltzera behartu gaitu (udala, elkartea…). Horren ondorioz, gure jardueraren zati handi bat utzitako espazioak hutsetik prestatzera eta jarduera akaberan berriro jasotzera bideratu behar izan da".
Gazteek esan dutenez, "badakigu aurreko belaunaldiak eskoletako lokalak soilik festetan erabiltzen zituztela baina haiek hartutako erabakiek ezin dute gure jarduera baldintzatu". Eta aitortu dutenez, "egia da udalak eta elkarteak haien lokala uzten jarraitu dutela eta eskertuta gaude, baina ez dugu nahikoa ikusten. Beraz lokal finko eta propio bat lortzea ezinbestekoa ikusten dugu".
BGAko kideek adierazi dutenez, "Bakaikuko gazteriaren egoera ikusita, gazte guztiak batzen dituen toki bat beharrezkoa ikusten dugu". Nabarmendu dutenez, "gaztetxe bat ez da soilik lokal bat festak egiteko edo kontzertu pare bat egiteko, gaztetxe bat, gazteak batzeko, antolatzeko eta indartzeko tokia izango da". Horregatik, BGAko kideek "ezinbestekoa jotzen dugu horrelako toki bat, politika eta kultura jorratzeaz aparte, gazteon elkargune izateko. Gero galdetuko gara zergatik gazte askok beste herri batzuetara joaten diren, askok horrelako tokiek ematen dutenaren bila, eta Bakaiku herri eta etxe bezala ikusi gabe. Gazte aniztasun handia dago gure artean eta horri babesa emateko tokirik ez dago".
Ibilbidea
Gazteek jakinarazi dutenez, "udalarekin kontaktuan jarri ginen irtenbide bat bilatzeko asmoz. Zenbait bilera egin eta gero ez da ezer aldatu eta nahiz eta gure proposamena moldatuz joan garen haien erantzuna ezezkoa izan da". BGAko kideek azaldu dutenez, "Hiru Haitz bajera eskatzen genuen eta, horren ordez, bertan gordetzen diren furgonetak gordetzeko aterpe bat auzolanean eraikitzea proposatu genien. Horretaz aparte, urtean zehar herriarendako zenbait auzolan egitea proposatu genien bajera izatearen truke. Erantzuna ere ezezkoa izan zen".
BGAkoek azaldu dutenez, udalak proposatu zien "elkartearen lokal txikiarengatik negoziatzea, hau da, elkartearen aurrean gure alde jarri eta lokala guretako lortzea". Irtenbide hori ez zen gazteen gogokoa izan: "espazio aldetik oso motz gelditzen da, bai biltegi aldetik, bai kontzertu edo jende kopuru altuago bat eskatzen duten jarduerak egiteko. Horretaz aparte, festetan elkarteari eragingo zion diru galera, zuzenean eragingo luke elkartearen biziraupenean eta ondorioz, herri osoari kaltetuko lukeen erabakia izango litzateke".
Udal beste eskaintza egin ziela azaldu dute: "urtean zehar elkarteko lokala erabiltzea eta festetan eskola". BGAko kideen iritziz, "aukera are zentzugabeagoa zen. Toki finko bat izan gabe jarraitzen dugu, beti beste norbaiten menpe eta festak eta bestelakoak muntatzea eta desmuntatzea gure jardueraren erdigunea izaten mantentzen da". BGAko kideen iritzi, udalarena "benetako proposamen erreal bat izatetik oso urrun gelditu da eta aurretik genituen arazoak ase gabe geldituko lirateke". Gaztigatu dutenez, "behin honaino iritsita okupazioa izan da ikusi dugun irtenbide bakarra". Okupazioa eginda, BGAko kideak udalarekin harremanetan jartzeko asmoa dute.
Asmoak
Gazteek esan dutenez, "BGAk eta Bakaikuk gaztetxe bat behar du. Toki ireki bat proposatzen dugu, aktiboa eta anitza. Urtean zehar jarduera, ekintza, tailer zein aldarrikapenen bidez herriari eta gazteriari bizia eta mugimendua ematen diona". Azaldu dutenez, "herritar oro gonbidatua izango da eta bakoitzaren proposamen eta aldarrikapenak lantzeko tokia izango da. Horrelako toki bat falta da Bakaikun".
Gaineratu dutenez, "ez da soilik gaur egungo gazte asanbladaren partaideendako izango den tokia, baizik eta herri osoarendako eta bereziki hurrengo belaunaldiendako baliagarria izango den aukera bat". Horretarako, "bakaikuarren babesa eta laguntza eskatzen dizugu posible egin ahal izateko".
