Uztailaren 22ko 13:00etan hasi ziren Bakaikuko festak, eta etxajuaren ondoren, herriko aurtengo kintoak izan ziren protagonistak. "Zortzikoa plazan dantzatzen dugu", esan zuen Luna Lopez Lizarragak festen aurretik. Tradizioa noiztik egiten den ez dakite, baina Elene Andueza Zelaiak "txikitatik" ezagutzen duela gaineratu zuen. Plazan zortzikoa dantzatzeko aurretik prestatu dira, "arratsalde batzuetan geratzen ari gara prestatzeko eta egunean bertan ongi ateratzeko".
Herriko festetan eta beste herriko festetan egiten den dantza da zortzikoa, eta horregatik kintoek "ikusita" dutela esan dute. Burundako beste herrietan Santa Agedan dantzatzen dute kintoek zortzikoa, "eta guk festetan". Herri bakoitzak ere zortzikoa dantzatzeko "bere modua" duela esan dute Bakaikuko kintoek, "normalean nahiko antzekoak dira, baina badira pauso batzuk desberdinak direnak", gaineratu du Lopezek. Altsasukoarekin alderatuz, azaldu du Anduezak, Bakaikukoan ez dute "atzeraka joatearena" egiten. Lau kintok dantzatu zuten zortzikoa herriko festen hasieran, banaka, eta plazara iristean urdurirtasuna hasiko zela aitortu zuen Anduezak.
Berezia
Aurtengo festen hasierako txupinazoa berezia izan da, beraz, Andueza, Lopez eta Bakaikuko kintoendako: "Bai, bai. Egunik hoberena!". Txupinazoaren ondoren lagunekin bazkaltzera joan ziren, eta ondoren festetako egitarauarekin jarraitu zuten. Festak "gogo handiarekin" eta asko disfrutatzea espero zuten. Lopez: "Aurreko urtean oso ongi pasa genuen, bada, aurten hobeto". Aurreko urtean kinto txiki zirela, "primeran pasa" bazuten, aurten "hobeto" pasako dutela gaineratu zuen Anduezak.
Bada kintoen festetako egitarauan gorriz markatutako egun bat: Aizti eguna. Ostiralean izan zen, eta Bakaikuko Gazte Asanbladak antolatuta, Aiztin bazkaldu zuten "eta gero herritik barna joaten gara musikarekin eta giro sortuz; oso dibertigarria da", azaldu du Lopezek.
Bakaikuko kintoek herriko festetara "eta ongi pasatzera" gonbidatu zituzten sakandarrak.