Kontxi Etxeberria Solis aurpegi oso ezaguna da, Bakaikuko aurreko denda kudeatzen zuelako. Ogia, elikagaiak eta pixka bat denetatik saltzeaz gain, bere denda bakaikuarrendako topagunea zen, zerbitzu bikaina. Kontxi jubilatuta eta denda itxita, berehala Bakaikuarrok herri kooperatibak sortutako dendak hartu zuen Kontxiren dendaren lekukoa, eta Kontxi bere zaletasunean murgildu zen buru belarri: mendia.
"Mendizalea naiz, oso gustuko dut mendira joatea. Duela urte mordoa hasi nintzen mendira irteerak egiten Sakanako Mendizaleekin. Azkeneko urteetan Barañaingo Lagunak mendi taldeko bazkide naiz ere bai, eta eurekin igandero ateratzen gara; irailetik ekainera bitartean igandero irteerak egiten ditugu, Euskal Herrian eta baita inguruko mendietan ere. Udan gehienbat Pirinioetara joaten gara: Huescara, Nafarroako Pirinioetara... mendi handiagoetan aritzen gara".
Udan bere zaletasunaz gustura disfrutatzen du. "Denda itxi nuenetik orain oso libre nago eta edozein momentuan eta urtaroan joan naiteke mendira, baina uda oso ona da edozein tokira joateko". Mendi irteeratan "primeran" pasatzen du. Jende berria eta toki berriak ezagutzeko aukera ematen diote irteerek. Astean zehar asteburuko hitzordua zehazten du Lagunak taldekoekin.
Mendian bere saltsan dago. "Mendian horren gustura sentitzen naiz.... Gailurrera igo eta bertatik paisaia ikusi, mendiak, ingurunea, herriak... gozamena da. Santa Marinatik Iturmendi ikusi dezakezu, Bakaiku, Urdiain... oso pozgarria da. Ni oso ondo sentitzen naiz mendian, oso gustura".
Etxean dagoenean Santa Marinara sarritan igotzen da, "entrenamendu gisa, igo eta buelta. Bidean beti norbaitekin egiten duzu topo, jende asko ibiltzen da mendian". Kasu horietan bakarrik joaten da, baina Pirinioetara eta bestelako irteeretara, beti taldean, "ni bezalako mendizaleekin".
"Udan gehienbat Pirinioetara joaten gara: mendi handiagoetan aritzen gara"
Urrutiko mendietan ere egona da. Maiatzean zortzi mendizalez osatutako taldean joan zen Perura, tartean Kontxi zela. "Trekking-ean aritu ginen sei egunetan, eta gero turismoa egin genuen, Peru oso polita delako; merezi du. Oso gustura egon ginen, bai trekkingean eta turismoan ere bai. Zortea izan genuen, dena oso ongi atera zitzaigulako".
Mendi irteera gehiago egitea gustatuko litzaioke, mendi gehiago ezagutu, baina bestelako faktoreek eragina dute. "Arazoa da urteak gora doazela, eta, gainera, azkenaldian meniskoarekin bueltaka nabil, nahiko ukituta daukat. Dena den, orain arte egin dudanarekin oso pozik nago, eta ikusiko dugu hemendik aurrera nola egingo dudan. Ni mendira joateko beti prest nago, gustura joaten bainaiz, baina fisikoki nola nagoen ikusi beharra dut. Hori ere oso garrantzitsua da".
Makilak bidaide
Ez da berdina Santa Marinara igotzea edo Pirinioetara joatea. Hortaz, beharrezko mendi materialak ezberdin izan beharko du. "Santa Marinara joatea niretako paseo bat da, baina Pirinioetara joatea gogorragoa da. Udan normalean ez dira behar izaten, baina batzuetan tokatzen da kranpoiak erabili behar izatea, eta halako materiala izan beharko da, negukoa. Dena den, elur asko dagoenean niri ez zait mendira joatea gustatzen, arriskutsua delako. Baina batzuetan material horiek behar izaten dira, horrela da mendia".
Mendiko makilak dira ezinbestekoa duen beste materiala. "Hasieratik hasi nintzen mendiko makilekin eta orain are gehiago ibiltzen naiz, belauna ukituta dudalako. Makilekin askoz ere seguruago sentitzen naiz. Ez ditut inoiz ahazten! Jaisteko eta igotzeko lagungarriak dira, ondo etortzen zaizkit".
"Jende guztiari" gomendatuko lioke mendiarekin zaletzea. "Ni berandu xamar hasi nintzen; hobe da gazte-gaztetatik hastea, fisikoki ongi zaudelako eta gero eta hobeki ariko zarelako. Bakaikun ikusten ari naiz jendea oso gaztea hasten ari dela mendian, pozgarria da. Mendira joatea oso ona da, osasunagatik, bai fisikoa, bai psikologikoa, eta sozialki. Hemendik aurrera berdin jarraitzea gustatuko litzaidake, saiatuko naiz, baina sekula ez dakizu fisikoki nola egongo zaren hemendik aurrera. Egunez egun ikusiko dugu".